«LGTBI izateak ez luke garrantzirik izan behar kirolari izaterako orduan»

Mikel Iraola 2018ko ira. 27a, 12:45

Kirol munduan LGTBI kolektiboa integratzeko eta ikusgarri egiteko lan egiten duen taldea da G-Madril. Bertako kide da Alain Otaegi (Tolosa, 1991). Asteburuan herrian izan dira.

Zer da G-Madril, eta zer berezitasun du?

500 bazkideko Madrilgo kirol elkarte bat da, kirolean LGTBI kolektiboaren integrazioa sustatzea eta ikusgarri egitea helburu duena. Klubak 15 bat sekzio ditu: futbola, boleibola, igeriketa, saskibaloia... Azken honetan ibiltzen naiz ni.

Zer dela eta tolosar bat Madrilgo talde honetan?

LGTBI harrotasun egunaren aitzakian txapelketa batzuk antolatu zituen klubak duela bi urte. Hor izan nuen beraien lanaren berri. Interesgarria izan zitekeelakoan idatzi egin nien eta segituan onartu ninduten. Ordutik hemen nabil, gustura, gainera. Gustuko dudan kirola praktikatzeko erraztasuna eman dit G-Madrilek.

Aipatu duzunez, LGTBI kolektiboa kirol munduan ikusgarri egitea da helburuetako bat. Nolakoa da kolektibo honen errealitatea?

Jende askori kosta egiten zaio modu irekian LGTBI kolektibokoa dela onartu duen pertsona bat onartzea bere taldean. Hori dela eta arazoak sortu izan dira taldeetan, edota kirolari asko ez dira ausartzen taldekako kirolak egitera. Gu ahalegintzen gara errealitate hori ikusgarri egiten, eta jende horrentzat leku bat bermatzen, eroso senti daitezen. Gainera, talde honetan ez dago LGTBI kolektibokoa izan beharrik, kontzientziatuta egotearekin nahikoa da. Azken batean, saskibaloian jokatzeko gogoak elkartzen gaitu.

Zu noizbait baztertua sentitu izan zara arrazoi horiengatik?

Arazoak izan, izan ditut. Betidanik izan naiz kirolaria, eta saskibaloian jokatzea gustuko izan dut. Jokatzen nuen taldean batzuek alde batera utzi ninduten hasieran. Madrilen, berriz, oso zaila egin zitzaidan saskibaloi talde batean sartzea. Nire inguruan askok zekiten lehen gauza gay-a nintzela zen, eta aurreiritzi askorekin hartzen ninduten.

Adibidez?

Talde batean sartzeko interesa azaldu izan badut, normalean izan da ezagunen bat nuelako bertan, unibertsitateko taldean esaterako. Batzuk bazekiten gay-a nintzela, eta hasieran ez ninduten onartu. Nabaritzen nuen ez zitzaiela ezer gustatzen, eta beste modu batera begiratzen nindutela. Ez zara integratua sentitzen, eta taldeko kirol batean ez bazara horrela sentitzen, ez du zentzurik hor egoteak.

Sufritzera iritsi zara?

Ez dakit hori den hitza. Izaera daukat horri aurre egiteko. Baina tira, izorratzen du horrela ibili behar izateak, bai. Askotan sentitu izan dudana da beste batzuk baino gehiago erakutsi behar izan dudala onartuagoa izateko. Gogoan dut unibertsitateko txapelketa batzuetan izena eman nuela. Aurrez esan dudan moduan, nitaz zekiten gauza bakarra zen gay-a nintzela. Egin zuten lehen gauza izan zen maila baxueneko taldean sartzea, ez zegokidan mailan, erakutsi nuen arte banuela onenekin egoteko adinako maila.

Asko dago egiteko, ezta?

Bai, dudarik gabe. Zerbait kulturala dela uste dut. Kirolariek txikitatik ikusi behar dute izaera edo gustu sexualak ez duela garrantzirik kirolari izaterako orduan. Horregatik askotan errepikatzen dugu LGTBI kolektiboko kirolari famatuek aurrerapauso bat eman beharko luketela, txikientzat erreferente direlako eta horrek asko lagunduko lukeelako gure errealitatea are ikusgarriago egiten. Alde horretatik askoz gehiago dago egiteko.

Nola eman daiteke aldaketa hori kirol klubetan?

Ez dakit zehazki nola. Kirol talde bakoitzak, hiri bakoitzak bezala, bere errealitatea bizi du. Norberak ikusi behar du nola egin. Gaztetatik heztea da bideetako bat. Esandakoa, txikiei esan behar zaie gay, lesbiana edo trans izateak ezin duela baldintzatu kirolean aritzea ala ez.

Zer esango zenioke egoera hori bizi duen gaztetxo bati?

Gustuko duen kirol hori egiteko, eta bere bidea egiteko. Modu irekian esateko, gainera, eta ez izateko beldurrik.

G-Madrilen zer nolako ekintzak burutzen dituzue kontzientzia hori pizteko?

Hitzaldi eta formazio saio asko ematen ditu, batik bat ikastetxeetan. Horrez gain, lasterketa eta txapelketa solidarioak antolatu izan ditugu. Guztiek harrera ona izaten dute. Saskibaloi sekzioko koordinatzaile naiz orain, eta zuzendaritza talde horretan egotea tokatzen zait. Horrelako ekintzekin pentsatzen duguna da denen interesa piztea, klubean are eta jende gehiago sartzeko.

Kanpora ere bidaiatu izan duzue.

Joko Olinpikoen moduko txapelketa batzuk antolatzen dituzte, mundu osoko taldeekin. Parisen izan ginen aurten. Oso aberasgarria da horrelako batean parte hartzea, beste herrialdeetako jendearen egoera ezagutzeko. Adibidez, berezia izan da Asiako herrialde batzuetako jokalarien testigantzak entzutea. Beraien egoera konplikatuagoa da, kultura itxiagoa delako. Askok ezin dute beren herrian bizi ezta kirola egin ere. Elkarren artean laguntzeko eta elkarrengandik ikasteko balio dute horrelakoek.

Asteburuan Tolosan izan zarete. Nolakoa izan da herrira etortzea zure taldearekin?

Aurten Madrilera bizitzera etorri den beste tolosar bat sartu zen taldean. Pentsatu genuen ondo legokeela Tolosan partidaren bat jokatzea, eta TAKEk oso ondo antolatu zigun dena. Guretzat plazera izan zen horrelako partida bat jokatzea.

Zer esan zuten Tolosaz zure taldekideek?

Zoragarria dela. Gainera, sekulako eguraldia izan genuen, eta kaleetan zegoen giroa nabarmendu zuten. Janariarekin ere txoratuta geratu ziren. Horrez gain, Madrilen bizita, eta Tolosa 18.000 biztanleko herri bat izanik, uste zuten mentalitate itxiagoko herria izango zela. Beste leku batzuetan, esaterako, ez dela horrela esaten zuten. Eta zentzu horretan, uste dut Tolosa eredu ona dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!