Zergei KPIaren igoera aplikatu die Tolosako Udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ira. 27a, 09:54

Joan den asteartean izan zen ikasturteko lehen ohiko osoko bilkura, eta hainbat ordenantza eta zerga igoera onartu zituzten; horrekin batera, 73.804 euroko kreditu aldaketa ere iragarri zuen udal gobernuak.

%2,25eko igoera izango dute, udal zerga guztiek. Tolosako udalbatzak aho batez erabaki du, ohiko moduan, udal zerga eta tasei KPIaren igoera aplikatzea eta, beraz, ibilgailuen zerga, higiezinen gainekoa nahiz bestelako prezio publikoak igoera horrekin ordaindu beharko dituzte herritarrek. Hondakinen tasa izan da salbuespena, eta %5ko igoera izango du: "Gastuak eta sarrerak orekatzea dugu helburu, eta ari gara, pixkana", azaldu du Begoña Tolosa ogasun zinegotziak.

Udal jardueraren errutinari dagozkion prezio eta tasa horiekin batera, kreditu aldaketa baten berri ere eman zuen EAJ-PSEren udal gobernuak. Guztira, 73.804 euroko kreditu aldaketa izango da: kreditu gehigarriak hartuko du zati bat, eta kreditu transferentziak beste bat. Honakoak izango dira, esku-hartze horrekin finantzatuko dituztenak:

  • Landa eremuko bideetako sastrakak kentzea: 24.200 euro.
  • Brigadarako material berria: 2.110 euro.
  • Euskara kanpoan ikasten dutenentzako diru laguntzak: 3.000 euro.
  • Errotuluak euskaratzea: 2.000 euro.
  • Mankomunitatea: 1.396 euro.
  •  Bertsozale Elkartea: 28.300 euro.
  • Ikastetxeetako errefortzua: 12.798 euro.
  • Erasmus+ proiektuan, begiraleak finantzatzeko kreditu transferentzia, 2. kapitulutik 4.era: 2.500 euro.

Joan den astearteko osoko bilkurako bideoa nahiz dokumentazio guztia ikusgai da, www.tolosa.eus atarian.

Euskaltzaindia, Kabia eta urbanoa, galde erreguetan

Christian Fernandez PSE-EEko kirol zinegotziak Eukene Larrarte txirrindularia zoriontzeko baliatu zuen osoko bilkura galde-erreguen txandan. Jarraian, Inaki Irazabalbeitia EH Bilduko zinegotziak hartu zuen hitza, eta proposamen zehatza egin zion udalbatzari: Euskaltzaindiari proposamena egitea, bere hileroko bilkuretako bat Tolosan antola dezaten.

"Euskaltzaindiak 100 urte bete ditu, eta Euskara Batuak 50. Iruditzen zait udalbatza honek zoriondu beharko lukeela Euskaltzaindia, urteotan guztiotan egindako lanagatik. Eta, bestalde, Tolosak euskararen inguruan izan duen tradizioagatik, eta Tolosa Euskararen Hiria leloaren harira, egokia litzateke Euskaltzaindiaren hileroko batzar horietako bat Tolosan ospatzea", zehaztu zuen.

Bestalde, Tolosako Hiribusaren gaia ere hizpide izan zuen Irazabalbeitiak: "Ekaineko bilkuran proposatu genuen, udalak Hiribusaren zerbitzua bere gain hartzea; udal gobernuak aukera hori aztertzeko konpromisoa hartu zuen. Zertan da?". Olatz Peon Tolosako alkateak konpromiso horri eusten diotela azpimarratu zuen, eta udal-jardunaren agendak ahalbidetzen dien bezain pronto ekingo diotela, Hiribusaren gaia jorratzeari.

Azkenik, Iurreamendi egoitzaren kudeaketaz aritu nahi izan zuen Lore Agirre EH Bilduko zinegotziak. Gogora ekartzekoa da, epe jakin baten barruan, Gipuzkoako egoitza guztiak Gforu aldundiaren Kabia sarean txertatuko dituztela; Iurreamendi egoitza, tartean. Agirrek azpimarratu zuen, "pertsonal aldaketak eta betebehar pilaketak" izan direla azken hilabeteotan, eta kontuak eskatu zizkion alkateari.

Olatz Peonek, bere aldetik, azaldu zuen "BBNNetan onartutako egutegiaren arabera", Iurreamendi egoitza 2018 amaieran sartuko dela Kabian: "Orain Muñoa fundazioarekin –Iurreamendiren jabetza duen fundazioarekin– bileretan gabiltza, transferentzia hori egokia izan dadin. Langileei dagokienez, ez dugu beste bilerarik egin. Baina Kabiak bere antolaketa du eta, kasu honetan, hitzarmenean proposatu zuten, Iurreamendiko eta gainerako egoitzetako zuzendari-kudeatzaileak Donostiatik lanean aritzea, egoitzetatik aritu beharrean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!