Berriz enpresa, negozioen transmisiorako laguntza

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko ira. 24a, 11:29
Angiozar, Letamendia eta Garcia, gaur goizean egin duten agerraldian. JOSU ARTUTXA

Duela urte batzuk, Eusko Jaurlaritzak, programa berri bat jarri zuen martxan, negozio zaharren eta ekintzaile berrien arteko harremanak indartzeko asmoz. Gaur, Tolosan egin dute agerraldia, eta bertako egoeraren berri emateaz gain, urte hauetako balorazio bat ere egin dute.

Nerea Letamendia, Tolosako Merkatari, Azoka eta Turismo zinegotziak jakinarazi duenez, “Tolosako Udalak ezinbestekotzat ikusten zuen ekintzaileentzat osagarri izan zitekeen laguntza bat ematea. Nahiz eta zuzena ez izan, ekintzaileei laguntzea izango zen helburua. Hori dela eta, 2016an ordenantza berri bat onartu zen, 'Merkataritza biziberritzea' izenekoa. Horrela, negozioetan hasiberriak diren horiek diruz laguntzen hasi zen udala, indar pixka bat ematearren.

Letamendiak adierazi duenez, “azpimarratu nahiko nuke, Tolosako saltokiren bat ixten den unetik aurrera, programako kideak Tolosako Udalarekin kontaktuan jartzen direla, eta orduan hasten dela alogeraren prozesua martxan”.

Amalur Angiozar, Gipuzkoako Bazkundeko kideak eta programaren kudeatzaileak adierazi duenez, “guretzat oso garrantzitsuak dira ditugun lankidetzak; kasu honetan, Tolosa&Co elkartearekin eta udalarekin hasieratik izan dugun harremana oso ona izan da, elkarlanerako funtsezkoa”.

Angiozarrek nabarmendu nahi izan duenez, “egitasmo hau, merkataritza edota ostalaritza enpresei zuzenduta dago, eta doako zerbitzua eskaintzen dugu”. Edozein elkarte, saltoki edo enpresako kideren bat eurena hurbiltzen denean, negozioaren inguruko informazioa ematen die lehenik, prozesuari ekin aurretik. Prozesu hori, transmisio bat ixten denean eta enpresa berriro martxan hasten denean amaitzen da.

Programaren ezaugarri garrantzitsuena konfidentzialtasuna dela adierazi du Angiozarrek. Gainera, enpresa bakoitza mundu bat denez, bakoitzaren beharretara egokitzen saiatzen direla azpimarratu nahi izan du. Zerbitzu integrala eskaintzen dutela ere azaldu du, prozesu guztian zehar alde guztiek dutelako zeresana. Hala ere, “denborarekin ibiltzea eskatzen dugu, baldin eta egoera zein den, prozesua laburragoa edo luzeagoa izan daitekeelako”.

Nerea Garcia Tolosa&Co elkarteko kideak, “urtez urte Tolosako merkatari eta saltokien egoera ona dela, eta bataz besteko jarduera geroz eta altuagoa" dela aipatu du. Historikoki, Tolosan eskualdatze ugari eman direla ere nabarmendu du. Estrategia bakoitza, garaian garaiko egoerara egokitu direla azaldu du. “Orain, hiru eragileok aurre hartu nahi izan diogu egoerari, etorkizunean emango diren eskualdaketak nolabait ere laguntzeko, negozioek iraupen handiagoa izan dezaten”.

Gaurko agerraldian, gainera, hiru eragileetako kideez gain, 2017an eman diren kasu praktikoetako kideak (merkatariak) eta ekintzaile berriak ere izan dira. Bertan, sare sozialen erabilera ezinbestekotzat jo dute guztiek ere; “geroz eta jende gutxiago ibiltzen da kalean eta errazagoa eta erosoagoa da etxetik erostea”.

Tolosaren kasuan, 2015ean hasi ziren programa honekin martxan, eta urte hartan bi negozioren transmisioa ixtea lortu zuten. 2016an beste bi izan ziren, eta urtebete beranduago, hiru. Guztira, zazpi saltokiekin lortu dute helburua gauzatzea, eta orain beste zenbaitekin dihardute lanean. Hala ere, “prozesuak laburrak edo luzeak izan daitezkeela errepikatu dute, eta beraz, akordioetara iristea oso zaila dela”.

Bestetik, gogorarazi nahi izan dute, erretiroa ez dela prozesua martxan jarri behar izateko arrazoi bakarra izaten, eta badirela bestelako arrazoiak ere. Generoaren ikuspegitik, berriz, emakumezko eta gizonezko merkatarien kopurua oso antzekoa dela azpimarratu nahi izan du Angiozarrek. Gainera, programa martxan jartzen denean, negozioak bere horretan mantendu behar duela ere gogorarazi nahi izan dute, hau da, negozioaren dela salerosten dena, eta ez lokala bera

Aste honetan, Tolosa&Co elkartearen egoitzan –Oriaburu eraikinean–, informazio gehiago jasotzeko aukera izango da, eta norberak bere enpresari jarraipena eman nahi badio, Berriz enpresaren programari buruzko nondik norakoak jaso ahal izango ditu. Programako kideak bertan egongo dira, banakako elkarrizketak eskaintzeko asmoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!