Izan zitekeena, eta izan ez zena

Mikel Iraola 2018ko ira. 24a, 12:48
Olano atezain tolosarrak galarazi zuen etxeko taldearen garaipena.

Mondraren aurka garaipena lortzetik gertu izan zen Tolosa, azken minutu ikusgarriak jokatuta. Azkenean 1-1ekoarekin konformatu behar. Neskek berriz, gol sorta ederra lortu dute berriro ere etxetik kanpo: 1-4.

90 minutuz ikusitakoaren ondoren, Tolosaren eta Mondraren arteko berdinketak bidezkoa dirudi, justua. Baina atzo 94 izan ziren Berazubin jokatutako minutuak, eta azken txanpa horretan izandako abaguneak aztertuz gero, hiru puntuek ihes egin zutela ere pentsa daiteke.

Luzapenean etxean borrero izan zen Olano, Mondrako atezain tolosarra. 93. minutuan markagailua iraultzeko aukera bikaina izan zuen Zubeldiak, bakar-bakarrik geratu baitzen, baina Olanok atepean geldiketa ona egin zion anoetarrari. Aurrez, arauzko denbora amaitu berritan, bigarrena lortzear izan zen Bengoetxea falta batean, baina errematea langatik gora joan zen sinesgaitza zirudien arren.

Eta hori berdinketaren gola egitea asko kosta ondoren. Izan ere, lehen zatian Mondrak estu hartu zuen Tolosa, eta 26. minutuan aurrea hartu zuten arrasatearren penalti oso eztabaidagarri bat aprobetxatuz. «Hasiera ez zen ona izan, ez genituen erabaki onak hartu. Atzean sartu zen Mondra, eta guk jokoa zabaldu beharrean erditik jokatzen jarraitzen genuen», dio Avellanedak.

Bigarren zatian lortu zuen banakoa Tolosak. Aldaketek aire freskoa eman zioten taldeari, eta berdegunean minutu gutxi zeramatzan Zabaletak gol ikusgarria egin zuen area kanpotik, 77. minutuan. Jokaldia bera ere golaren parekoa: zelai erdian Mariok baloia lapurtu, bi defentsen artean pase ederra Zabaletari, eta honek, iskin egin ondoren, atezainak harrapatu ezin zezakeen lekuan jarri zuen baloia.

Azken minutuetan asko estutu zuten urdinek, baina ezin bigarrena egin. Hala ere, pozik hitz egin du entrenatzaile tolosarrak: «Puntu ona da, gehitzea baita garrantzitsuena. Mondra goiko postuetan ibiliko da denboraldi amaieran, eta aurkariei kosta egingo zaie bere aurka irabaztea. Amorru puntu bat dut aukera onak izan genituelako irabazteko, baina puntua bera ere ona da». Larunbatean, hurrengo puntuak jokoan: 16:30ean, Hernanin. Hau ere ez da edonolako aurkaria.

Omenaldia 50 urtez bazkide izandakoei

Ez da makala 50 urte edo gehiagoz klubeko bazkide izatea. Bada, ez dira bat, bi edo hiru langa hori pasa dutenak, 55 baizik. Guztiei omenaldia egin nahi izan zien Tolosak, atzoko neurketa hasi aurretik. Klubeko armarridun txapela bana jarri zieten guztiei. Ohorezko sakea, berriz, Joxe Gabarainek egin zuen, bazkide gisa urte gehien daramanak, 76 urte, hain zuzen.

Garaipen handia Beasainen

Nesken taldeak bigarren gol zaparrada lortu du, etxetik kanpo, Goierri-Gorriren aurka. 1-4 gailendu ziren tolosarrak. Bengoetxea (2), Maria eta Zuriñe izan ziren goleatzaileak. Bideoan, Bengoetxearen bi goletako bat:

Neurketa horretako argazki ugari argitaratu ditu Javi Luzuriaga argazkilariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!