Tolosak begiratoki berria izango du, bost aste barru

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 21a, 13:07

Elosegi parkea herritarrei zabaltzeko azken lanetan ari da udala, eta dorrea eta begiratokia txukuntzen hasi ziren, astelehenean.

Elosegi parkea urtea amaitzerako izango da herritarrei zabalik, eta horretarako azken lanetan ari da udala. Astelehenean, dorre zaharra berritzeari ekin zioten, eta haren gainean begiratoki bat ere eraikiko dute, herriari beste ikuspegi batetik begiratu ahal izateko.

Hiri-biodibertsitatea sustatzeko gune bilakatu nahi du, udalak, Elosegi parkea. Horrela, dorrearen berezko egitura oktogonala mantentzea erabaki dute, eta haren gainean eraikiko dute begiratokia, bigarren solairu moduko batean; altzairuzko pergola bat jarriko diote, eta eserlekuak nahiz baranda ere izango ditu begiratoki berriak. Bost asteko lan horietarako, Tolosako udalak 72.500 euroko inbertsioa egin du.

Behin begiratokia eginda, parkearen itxitura amaitzea besterik ez da faltako, tolosarrek Elosegi parkeaz goza dezaten.

Ikasgela berria

Joan den ikasturtean proba zenbait egin eta gero, Tolosako Laskorain eta Samaniego ikastetxeek Baso Eskola metodologia martxan jarriko dute, ikasturte honetan, Haur Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleekin. Elosegi parkea baliatuko dute naturarekiko eta ingurumenarekiko harremana lantzeko eta, modu horretan, ikasgela berria izango da parkea, 5 urteko neska-mutilentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!