Elkartean sartu eta mahai luze bat dago, eta eskuinean, janariz hornitutako janaritegi eta hozkailua. Mahai horren bueltan eseri dira Maria Jesus Lakunza (Tolosa, 1955) eta Izaskun Galdos (Tolosa, 1993) elkarteko boluntarioetako bi. Lakunzak hiru urte daramatza elkartean: «Nire lagun batek 20 urte zeramatzan lanean eta beti esaten zidan etortzeko. Haurrak hazi zirenean, animatu egin nintzen». Galdosek, berriz, bi urte daramatza bertan: «Herrikide ikastetxean ikasten ari nintzela, Batxilergoan, kontserba kanpaina bat egin genuen. Eguberrietan, janaria, garbitzeko produktuak, etab. ekarri genituen hona, eta merienda bat antolatu ziguten hori eskertzeko. Kanpoan egon nintzen denboraldi batez, eta etorri nintzenean, boluntariotzaren bat egiteko gogoa nuen. Herrikide ikastetxeko kideek begirale ohiei idatzi ziguten jendea behar zutela hemen, eta horrela hasi nintzen».
20:30ak dira eta laster hasiko dira elkartean daudenak afaltzen; zortzi pertsona inguru daude mahaiaren bueltan. Hozkailua ireki eta arrautzak daramatza gizon batek: «Bi pertsonek lan finkoa daukate hemen; Juananek eta Patxik. Afariak prestatzen dituzte, eta gauak ere hemen pasatzen dituzte zaintza lanetan, jendea lasai dagoela eta inolako arazorik ez izatea bermatzen dute», adierazi du Galdosek. «Batzuk esaten dute janaria prestatu bakarrik egiten dutela, baina ez da hori bakarrik. Aterpea garbitzen dute, gelak jasotzen dituzte, eta beraiek dira hemen gaua pasatzen dutenak. Denbora asko daramate hemen, ezagutzen dituzte eta hori oso garrantzitsua da guretzat», azpimarratu du Lakunzak.
Santa Maria parrokiko talde batek sortu zuen elkartea duela 35 urte. 19:30ean irekitzen dute, eta 09:00ak aldera irten behar izaten dute bertan gaua pasatzen dutenek. Afaria, lo egiteko lekua, dutxa, gosaria eta ogitarteko bat ematen diete. Galdosek adierazi duenez, Europa ekialdekoak, Afrikakoak eta Espainiako estatukoak dira gehienbat eta euskal herritarrak ere badaude tartean. Etortzen direnen gehiengoa gizonak dira, baina badira emakumeak ere: «Imajina ezazu emakume askoren kasua; bizi guztian ez dute soldatapeko lanik egin, banandu, eta zer geratzen zaie? Ezer ez. Badira tratu txarrak jasan dituzten emakumeak ere», azaldu du Galdosek. Azken hilabeteetan ailegatzen ari diren etorkinen presentzia ere nabaritu dute: «Pixkanaka-pixkanaka atzerriko jende gaztea ere etortzen ari da. Duela gutxi etorri direnak dira, egokitzen ari direnak edota paperak ez dauzkatenak».
«Ahal dugun guztian laguntzen diegu»
Hamaika pertsonentzat dago lekua ABEGI elkartean; logela batzuk banakakoak dira, eta beste batzuk binakakoak. Horretaz gain, bi sofa-ohe ere badaude. Larrialdi kasuetan bakarrik erabil daitezke, eta gau bat bakarrik pasa dezakete bertan. Elkartean, berriz, astebete pasa dezakete gehienez ere, eta behin epe hori pasata, ezin dute itzuli hiru hilabetean: «Euskal Herrian horrelako aterpe gehiago daude Errenteria, Donostia, Altsasu, Gasteiz eta Bilbon, eta horiek zeharkatu ondoren, hona itzultzen dira berriz ere. Oso ondo ezagutzen dituzte aterpeak, eta badakite nora joan daitezkeen eta nora ez. Beste batzuk, berriz, Espainiako estatura joaten dira, mahats edo azeituna bilketan lanera».
Izaskun Galdos eta Maria Jesus Lakunzaz gain, beste zazpi-zortzi boluntario daude elkartean: «Gaua pasatzera etortzen direnen erregistroa osatzea da gure lehenengo lana. Kontrolatu behar izaten dugu zein dagoen elkartean, nongoak diren, etab... eta datu horiek Ertzaintzari bidaltzen dizkiegu badaezpada ere. Paperak ez baldin badauzkate, udaltzaingoarena joan behar dute egiaztagiri bat eduki dezaten», azaldu du Galdosek.
Horretaz gain, afariak zerbitzatzen ere laguntzen dute, eta Juanani eta Patxiri babesa ematea eta elkartean daudenei laguntzea da beren egitekoa: «Batzuetan arropa eskatzen digute, xaboia ematen diegu garbitu dezaten, lehorgailu txiki bat daukagu lehortzeko, etab. Aholkularitza edo arropa nahi baldin badute, laguntzen saiatzen gara edo esaten diegu udaletxera edo Caritas elkartera joatekoa.
Bi boluntarioei askotan egokitu zaie elkartera etortzen direnei entzutea. «Ez daukate familiarik, ez daukate babesik, eta gu erreferentziazko pertsona bihurtzen gara beraientzat. Batzuk bakartiagoak dira eta deskantsatu egin nahi dute; beste batzuk, hitz egin nahi izaten dute. Konpainia eta babesa eskatzen dizkizuete, eta horrekin nahikoa dute», nabarmendu du Izaskun Galdosek.
Arazoa: baliabide falta
Lakunza eta Galdosen ustez, ordea, Euskal Herrian ez daude nahikoa aterpe, eta uste dute ez daudela ondo kudeatuta. «Zerbitzua mantendu ahal izateko udaletxearen edo Eusko Jaurlaritzaren atzetik ibili behar izaten dugu diru laguntzak eskatzeko. Ez dugu diru-sarrerarik, eta janaria elikagai bankutik hartzen dugu edo hainbat dendek ematen dizkigute ogia, arrautzak, haragia edota arraina», azaldu du Lakunzak.
Baliabide falta nabarmendu du Galdosek: «Bi profesional daude hemen, baina gehiago ere ez lirateke gaizki etorriko. Azken batean, boluntariook ahal dugun moduan laguntzen dugu, eta herritarrok inplikatu behar dugu, baina ez da nahikoa. Toki hau ondo dago, baina askoz hobeto egongo litzateke Eusko Jaurlaritza eta udaletxea gehiago inplikatuko balira», kexu da Galdos. Argi utzi dute boluntarioak ez direla profesionalak, eta hainbat gauzatan laguntzeko aholkularitza profesionala egokiagoa izango litzateke.
Zentzu horretan, galdera luzatu du Izaskun Galdosek: «Udaletxeak zein puntura arte nahi du horrelako leku bat egotea hemen, horrelako jendea (etxerik gabeko jendea) herrira etortzeko? Horrek ere zerikusi handia dauka herritarrok dugun jarrerarekin». Zein jarrera izaten dute, bada, herritarrek? Gero eta indibidualistagoa den gizarte honetan, zein da herritarrek aterpe eta elkarte hauekiko daukaten jarrera? «Egia da jende askok ez dakiela elkarte hau existitzen denik ere, baina askotan jendeari ez zaio gustatzen jendea kalean ikustea, eta herritarrek ez ikusiarena egiten dute. Ez dugu ikusi nahi, baina errealitatea hor dago. Elkarte hau itxiko bagenu, arazoa ez litzateke desagertuko, beste leku batera mugiaraziko genuke».
Izan ere, jendartean oso zabalduta daude kalean bizi diren jendearen inguruko aurreiritziak: edan egiten dutela, drogekin arazoak dituztela, buruko arazoak dituztela, etab. Baina Galdosek gezurtatu egin ditu aurreiritzi horiek guztiak: «Hemengo giroa ez da batere txarra, nik ez dut inoiz arazorik izan. Pertsonak dira, gu bezala, eta ez daukate inolako maleziarik».
Herritarren inplikazioa ezinbestekoa
Instituzioek inbertsio handiagoa egitea garrantzitsutzat jotzen duten arren, ezinbestekotzat jotzen dute herri guztia herritarrak, udaletxea, boluntarioak inplikatzea ere: «Ze koherentzia dauka sekulako dirutza uzteak Kenyako umezurtz-etxe batean hilabete bat igarotzeko? Zein da benetan hori egiteko motibazioa? Ez diot baliorik kentzen horri, baina gero zer egiten dugu herrian daukaguna bultzatzeko?», galdetu du Galdosek.
Lakunzak eta Galdosek oso aberasgarritzat jo dute esperientzia, eta boluntarioen arteko giro ona azpimarratu dute: «Egunen batean ezin baldin badugu etorri, boluntariook elkar laguntzen dugu», azaldu du Lakunzak. «Kontuan izan behar dugu, gainera, gu geu izan gaitezkeela horrelako egoera batean egon gaitezkeenak. Besteen arazoen berri izaten dugu, eta horrek daukagunaz eta falta zaigunaz kontzienteago egiten gaitu». Galdosek jarraitu du: «Niri izugarri gustatzen zait jendearekin harremana izatea, eta ez banaiz hona etortzen, zerbait falta zaidala sentitzen dut. Beste pentsamendu eta gorputz batekin joaten naiz etxera. Jendea ezagutzen dugu eta eguneroko arazoak ahaztu».
Lakunzak nabarmendu du elkartean hartzen dituztenak oso eskertuta egoten direla beraiekin: «Uda honetan, elkarte honetan lanean aritu den boluntario bat joan da Kataluniara, eta hemen egondako senegaldar batekin topatu zen. Senegaldarrak ezagutu egin zuen, eta eskerrak eman zizkion: adierazi zion beraiei esker zegoela han orain, eta lana aurkitu zuela. Oso eskertuta zegoen».
Proiektuak aurrera segi dezan, konpromisoa eta erantzukizuna eskatu dizkiete herritarrei, eta gerturatzeko deia egin diete: «Boluntariorik gabe, bi langilek ezin dute hau guztia aurrera eraman. Etorri pare bat egunetan elkartera: ikusi giroa, zer moduz sentitzen zareten. Ateak irekita dituzue».
Krisi ekonomikoak hain gogor jo duen garai honetan, gero eta jende gehiago dago pobreziaren kateetatik gertu: datuek ez diote gezurrik. Egoera honi buelta ematen ez zaion bitartean, ezinbestekoak izango dira Abegi bezalako elkarteak, eta Juanan, Patxi, Maria Jesus eta Izaskun bezalako herritarrak. Gaueko 22:00ak dira jada; batzuk beren gelara joateko hautua egin dute, eta besteak, aulkietan daude, telebistara so. Laster itzaliko dituzte elkarteko argiak, baina kalean bizi direnen babesgune, bihar berriz irekiko dituzte ateak Abegin.