Hamaika ikuskizunek girotuko dute udazkena, Tolosan

Mikel Iraola 2018ko ira. 20a, 16:35

Ruper Ordorika, joan den urteko kontzertu batean, Arrasaten (Argazkia: Goiena)

10 ikuskizun biltzen dituzten bi Kulturzale txartel izango dira eskuragarri, irailaren 25etik aurrera Kultur Etxean.

Hamaika ikuskizunen aterpe izango da, Tolosa, udazken honetan. Udaleko Kultura, Jaiak eta Gazteria departamentuak ezagutzera eman du urteko azken hiru hilabeteetarako eskaintza, eta herriko eragileek antolatutakoez gain, 11 ikuskizunez gozatzeko aukera izango da larunbatetik aurrera.

Kale-antzerki batek zabalduko du ikasturtea, larunbatean. Trapu Zaharra konpainiak Etsita antzezlana eskainiko du Trianguloan, 19:30ean. Gainerako 10 ikuskizunak Kulturzale txartelaren barruan izango dira.

Aurten bitan banatu dute txartela. Lehenak iraila eta urria bitarteko lau ikuskizunak biltzen ditu. Ikuskizun horien guztien berezko prezioa 43 eurokoa bada ere, Kulturzale txartela 20 euroren truke eskuratu ahal izango da. Bigarren txartelak azaroa eta abenduko sei ikuskizun hartuko ditu, 30 euroren truke. Kasu horretan emanaldi guztietarako sarreren berezko prezioa 66 eurokoa litzateke. Kulturzale txartelak irailaren 25etik aurrera jarriko dituzte salgai, kultur etxean.

Egitaraua

  • Irailak 22, Etsita antzezlana, Trapu Zaharra konpainiaren eskutik, Trianguloan 19:30ean.
  • Irailak 28, Zoaz pake santuan antzezlana, Txalo Produkzioak taldearen eskutik, Leidorren, 20:30ean.
  • Urriak 5, Arena y Jazmin flamenko ikuskizuna, David Colomorekin, Topic-en, 20:30ean.
  • Urriak 15, Mayerling zuzeneko ballet proiekzioa, Royal Opera House-tik, Leidorren, 20:30ean.
  • Urriak 19, Iu-Female-Trip Dantza garaikidea, Lasala taldearen eskutik, Leidorren, 20:30ean.
  • Azaroak 9, Dublindarrak antzezlana, Ados teatroaren eskutik, Leidorren, 20:30ean.
  • Azaroak 13, La Bayadere zuzeneko ballet proiekzioa, Royal Opera House-tik, Leidorren, 20:30ean.
  • Azaroak 16, Euskal Barrokensemble musika emanaldia, Topic-en, 20:30ean.
  • Azaroak 23, Ruper Ordorikaren kontzertua, Topic-en, 20:30ean.
  • Abenduak 3, Cascanueces zuzeneko ballet proiekzioa, Royal Opera House-tik, Leidorren, 20:30ean.
  • Abenduak 14, Aukeran 20 urte dantza emanaldia, Leidorren, 20:30ean.

Erakusketa anitzak, Aranburun

Ikuskizunez, gain, askotariko erakusketak izango dira datozen hilabeteotan Tolosan. Astelehenean, animaziozko zinearen teknikak erabiltzen dituzten artisten lanak biltzen dituen Txotxongilo Animatuak erakusketa inauguratuko dute Topic Museoan. Otsailaren 28ra arte izango da ikusgai.

Aranburu Jauregian, berriz, Anne Broitman artista biarriztarraren margolanak izango dira ikusgai, irailaren 28tik azaroaren 3ra. Denboran atzera bidaia proposatuko du azaroaren 6tik 20ra arteko erakusketak. Gerra eta frankismo garaiko kontakizunak bilduko ditu Emeek Emana erakusketak, emakumeen ikuspegitik. Era berean, azaroaren 9tik abenduaren 7ra arte eskulturak ikusteko aukera izango da, Azken Mugaren eskutik.

Euskal Herriko argazki onenen bilgune ere izango da Aranburu Jauregia. Azaroaren 15etik urtarrilaren 19ra, TArgazki taldeak, Tafallako argazkizale taldeak eta Argizaiola Sariketako argazkiak ikusteko aukera egongo da. Emakumeen erretratuak ere bilduko ditu TArgazkik Ari Gaitun erakusketan, abenduaren 14tik urtarrilaren 19ra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!