«Gure lanaren %80 papergintzarentzat izaten zen lehen»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ira. 20a, 08:30
Pasku Sorarrain, Paulino Sorarrain enpresako arduraduna. I. URKIZU

Joan den mende hasieran ekin zion, Paulino Sorarrainek, galdategietarako modeloak egiteari; hiru belaunaldiren arteko lekuko aldaketak eta, beren burua berrasmatzeak, lantegiaren 100. urteurrena ospatzera eraman ditu Pasku Sorarrain eta senideak.

Bizitza osoa darama bertan, eta bizitzeko modu bat ere izan da enpresa, Pasku Sorarrainentzat (Tolosa, 1963). Paulino Sorarrain aitonaren izena damara modelogileen lantegiak, eta 100. urteurrena ospatzera doaz, datorren irailaren 28an. Lehen txantxa artean hartzen bazituzten ere, orain nabaritzen du aitaren eta osabaren istoriotxoen falta. Dena den, berak ere badu zer kontatua.

Zer da zuretzat, Paulino Sorarrain enpresak 100 urte betetzea?

Oso berezia da, urte askotako lanaren emaitza. Familia enpresa gara, eta bagenekien hirugarren belaunaldiak zein zailtasun izan ohi dituen. Horrela, enpresa kultura berriari heltzea erabaki genuen, langileen laguntzaz. Ez zen erraza izan, baina, bi urteko prozesuaren ondoren, 2004an lortu genuen enpresa berriro abiaraztea. Pertsona berak ginen, baina beste eredu bat hartu genuen lanerako: denok arraunean, traineru berean. Azken hamar urteotan, artisau lantegi izatetik lantegi mekanizatu izatera pasatu gara. Hori guztia jendearen inplikazioari esker lortu dugu; uste genuen ez ginela gai izango. Eta horrela iritsi gara 100 urte betetzera.

Zaila da garai berrietara egokitzea?

Bai. Horrelako transformazio bat egiteko dirua behar da, baina baita jendearen babesa ere. Eta, horri dagokionez, oso esperientzia ona izan da: lan taldearen indarrak lagundu digu gure sektoreak eskatzen zigun garapena lortzen.

Modelogile lantegia zarete. Galtzen ari den ofizioa al da?

Modelogile artisauak desagertu egingo dira. Garai batean, 13-14 urterekin hasten ziren lanean, eta gehienek 45-50 urte ematen zituzten hemen; urte horietan guztietan, jendeak esperientzia handia hartzen zuen. Orain, berriz, ez dago modelogile lana irakasteko denborarik. Ekoizpena azkarragoa da, eta ofizioa ikasteari ez zaio ia denborarik eskaintzen.

Zuen egunerokoa bera ere aldatu da, beraz.

10 urtean, izugarri; ia gauza guztiak makinetan egiten ditugu orain. Lehen bezeroa planoekin iristen zen hona, eta langile bakoitzari bana ematen zion; hori abiapuntu hartu, eta modeloa eskuz egiten zuten. Orain, berriz, lana ordenagailuan sartu, eta bertan egiten da lehen diseinua; pieza sortu, eta gero makinak ematen dio, garai batean eskuz ematen zitzaion forma. Askotan, gazteenak harritu egiten dira, lehen eskuz zein gauza egiten zituzten esaten diegunean. Enpresan ari diren langileak muntatzaileak dira, gehienbat, nahiz eta eskola zaharreko artisau pare bat geratzen den. Guretzat onena litzateke, erdiak artisauak izatea, eta beste erdiak makinako langileak, eta horretan ari gara orain: belaunaldi berriak eskuz egin beharreko horretan trebatu nahian, makinak dena ezin duelako egin.

Modeloak, zertarako?

Guk egiten ditugun modeloak beste pieza baten erreplikak dira. Lehenengo egurrezko pieza egiten dugu guk. Ondoren, galdategian, hondarrezko kaxa batean sartzen dute guk egindako eredua, eta pieza ateratzerakoan bere hutsuneren marka uzten du. Hondar horri produktu berezi bat eman, eta harria bezala gogortzen da; hori da moldea. Irizarrentzat, adibidez, autobusen aurrealdea, atzealdea eta aginte-mahaia egurrez egiten ditugu. Erreplika horiekin negatibo bat egiten dute beraiek, eta nahi duten materialarekin betetzen dute gero: aluminioa, burdina, poliesterra,...

Tolosan asko aldatu da industriaren garapena lau hamarkadatan.

Ikaragarri. Ni duela 31 hasi nintzen hemen, unibertsitate ikasketak amaitutakoan, eta orduan papergintzak sekulako indarra zuen; paper fabrika asko zeuden, eta paper fabrikentzat lan egiten zuen industria ere zabala zen. Gure lanaren %80 papergintzarentzat izaten zen lehen, hemengo enpresa handientzat: Emua, Gorostidi, Voith, Pasaban, Basagoitia,... Baina, Tolosan, duela 30-25 urte hasi zen industriaren gainbehera, eta erreferentziazko enpresak itxi zituzten. Horrekin batera, galdategietan egiten zituzten makinak, galdarategietan egiten hasi ziren gero, eta horrek kalte handia egin zigun.

Beste sektore batzuetara begira jarri zineten?

Bai, gure lana dibertsifikatzen hasi behar izan genuen, ezinbestean. Trenbideen, balbulen, autobusen nahiz zementuaren munduan hasi ginen, eta horrek salbatu gaitu. Oraindik ere lan egiten dugu Pasabanentzat eta Voithentzat, baina gure jarduna berrasmatu genuen, eta eskerrak.

Zein etorkizun du Paulino Sorarrainek, mendeurren ospakizunetik?

Itxura ona du. Gure lanaren bilakaera aurrera doa, eta bezero sendoak ditugu, beren sektorean liderrak direnak. Gure eguneroko lana da formularik onena: konpromisoa, zintzotasuna eta apaltasuna. Makinekin eta pertsonekin apustu sendoak egiten ari gara, eta laugarren belaunaldia izan litekeena ere hasi da lanean.


GORRITI PLAZAN, DUELA 100 URTE

1918an Talleres Tolosa enpresan lanean hasi zen, modelogile, Paulino Sorarrain. Ekintzailea izaki, lantegi txiki bat jarri zuen martxan, Gorriti plazako 3. zenbakian. 1936an, Espainiako gerrarekin, klandestinitatean aritu behar izan zuten, lantegia konfiskatu baitzieten. Belaunaldi aldaketa izan zen gero, ordea, eta Paulino Sorarrain erreferentziazko lantegi bilakatu zen, modelogintzan.

1960. urtean, enpresak Donostia etorbideko pabiloia eskuratu zuen gaur egungoa eta, urtetan, bi lantegietatik atera zuten enpresako ekoizpena, 2004ra bitarte. Urte hartan, Tolosako Udal Hirigintza Plan Orokorra zela eta, Gorriti plazako lantegia eraitsi, eta Donostia etorbidean garatu zuen, hirugarren belaunaldiak, enpresaren garai berrietara egokitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!