Intxur Auzo Elkarteari udalaren 6.000 euroko diru laguntza

Ataria 2018ko irailaren 18a

Aldaba auzoko gizarte, kultur, kirol eta bertako jaien jarduerak finantzatzea da helburu nagusia.

Tolosako Udalak 6.000 euroko diru laguntza izenduna eman dio Intxur Auzo Elkarteari, Aldaba auzoko aisia eta kultur jarduerak sustatu eta laguntzeko. Auzoko gizarte, kultur, kirol eta bertako jaien jarduerak finantzatzea da helburu nagusia. Olatz Peon alkateak eta Jose Ramon Emanalde auzo elkarteko ordezkariak izenpetu dute akordioa.

Peonek nabarmendu du herriguneak eta landa eremu zabalak osatzen dutela Tolosa: «Landa auzoak bizirik mantentzeko eta bertan biztanlegoa errotzeko beharrezkoak dira honelako ekimenak sustatzea». Udalaren eskumena kultur jarduerak antolatu edota bultzatu eta laguntzea dela gaineratu du Peonek: «Baita landa auzoan ere, eta hori bermatu nahi dugu, auzotartasuna harremanean oinarritzen delako, baita auzotik kanpokoen artekoan ere, eta jaiak eta bestelakoak horretarako topaleku paregabea dira».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!