Berdetasunaren bila

Imanol Garcia Landa 2018ko ira. 19a, 10:02

Tolosanklisk lehiaketan epaimahaiak aukeratu dituen 40 argazkiak ikusgai daude.

Tolosako Udalak urtero argitaratzen duen egutegian berdea izango da nagusi 2019an, Tolosa berdea izan baita aukeratutako gaia. Guztira 277 irudi aurkeztu zituzten lehiaketan parte hartu duten 67 argazkilarik. Tolosanklisk izenez antolatzen den laugarren urtea da. Orain ikusgai daude aurkeztu direnetatik aurrera egin duten 40 irudiak, bai Aranburu jauregian (asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era), bai www.tolosa.eus webgunean.

Iñigo Royo eta Ura Iturralde argazkilariek egin dute epaile lana, eta beraiek aukeratu dituzte ikusgai dauden 40 argazkiak. Egun, bigarren fase batean sartuta dago lehiaketa: 40 argazki horien artetik herritarrek aukeratuko dute sari nagusia lortuko duena eta egutegiaren azalean azalduko dena. Bozketan parte hartzeko www.tolosa.eus webguneko Agenda atalean sartu behar da eta irailaren 23a arte dago botoa emateko aukera. Bozka ematen dutenen artean I-Pad Mini bat zozketatuko da.

Epaimahaiaren lana ez da bukatuko. Izan ere, hamabi finalistak aukeratzeko ardura izango du, egutegiaren hilabete bakoitzeko bana. Irabazle nagusiak eta hamabi finalistek saria izango dute. Hamahiru argazki horiek zein diren urriaren 1ean jakinaraziko da, eta orduan egingo da botoa eman dutenen arteko zozketa ere. Azkenik, 2019ko egutegiaren banaketa egingo du udalak: azaroaren 7, 8 eta 9an. Zerkausian izango da aukera, eta azaroaren 12tik aurrera Antonio Maria Labaien Kultur Etxera joan beharko da.

IV. TOLOSANKLISK

Lehiaketaren faseak

Ikusleen bozketa. Irailaren 23a arte www.tolosa.eus webgunean.
Eraskusketa. Aranburu jauregian, irailaren 23a arte.
Argazki irabazleen aurkezpena: urriaren 1ean.
Bozketan parte hartu dutenen arteko sariaren zozketa: urriaren 1ean.
Egutegiaren banaketa: azaroaren 7, 8 eta 9an.

Sariak

Irabazle 1: argazkia egutegiaren azalean agertuko da eta 600 euro.
12 finalista: argazkia egutegiaren hilabeteetako batean agertuko da eta 200 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!