Sentsazio ezberdineko bi berdinketa

Mikel Iraola 2018ko ira. 17a, 16:39
2016an jokatu zuten, azkenekoz, Tolosak eta Elgoibarrek

Tolosako neskek 1-1 berdindu dute Elorrioren aurka etxean jokatutako lehen neurketan; emaitza bera lortu ahal izan zuten mutilek, neurketako azken hondarretan.

Emaitza bera izan arren, aho zapore ezberdina utzi dute Tolosaren asteburuko bi neurketek. Gazi-gozoa izan da neskentzat, gehiago merezi izan zutelako Elorrioren aurka; mutilek, berriz, merezitako sari hori topatu zuten luzapenean, ondo borrokatu eta gero. Neurketa nola joan zen ikusita, pozik.

Neskak izan ziren jokatzen lehenak. Kontrolpean izan zuten neurketa, jokoz nagusi izan baitzen Imanol Caverok gidatuta taldea. Baina lehen zatiaren erdialdean bizkaitarrek izan zuten aukera bakarrenetakoa aprobetxatu zuten markagailuan aurreratzeko.

Bigarren zatiaren erdian iritsi zen urdinen berdinketa. Ezker hegaletik erdiraketa, Garikanok Bengoetxeari utzi, eta honek baloia sareetara. Gerora aukera ugari izan zituen Tolosak: Zuriñek bi, Izaro Goenagak beste bat... «Atezainak geldiketa onak egin zituen. Zerbait gehiago merezi genuen, baina baloia ez zen sartu», dio Caverok.

Datorren larunbatean, Beasainen, Goierriren zelaian jokatuko dute, 17:00etan. Caverok badu esperantza: «Oso arerio zaila da. Urtero lanak ematen dizkigu, eta ni entrenatzaile naizenetik ez dugu beraien aurka irabaztea lortu. Baina datu horiek puskatzeko daude...».

Kadete neskek eman dute asteburuko albiste ona, Ermua Cup txapelketan bigarren geratu eta gero. Heleneri, gainera, gol onenaren saria eman zioten.

Guztia kontran duzunean...

...indar guztiarekin borrokan jarraitzea baino ez da gelditzen. Eta bide hori jarraituz lortu zuen banakoa mutilen taldeak. Aurreko astean ohartarazi zuen Avellanedak, Elgoibarren aurkakoa ez zela neurketa erraza izango: talde igo berria bai, baina lehen neurketa etxean, taldea dinamika positiboan, eta zelai konplikatu batean hiru puntuak lortzetik zetorrena. Ez zuen arrazoi faltarik entrenatzaile tolosarrak.

Ondo hasi zen Tolosa, joko ona eginez, baina Elgoibarrek asmatu zuen lehenago, 15. minutuan, Geretaren bitartez. «Elgoibarren lehen aukera zen. Ez dakit aukera ere deitu dakiokeen horri, baina kontuak kontu, aldapan gora jarrai zitzaigun neurketa», azaldu du prestatzaileak. Are okerrago jarri zitzaion neurketa atsedenaldira iristeko 3 minuturen faltan: Lekuonari txartel gorria erakutsi zion epaileak, marrazain bati zerbait esan ziolakoan. Neurketa erdia baino gehiago 10 jokalarirekin jokatu behar izan zuen Tolosak.

Hori gutxi ez, eta bigarren zatia hasi eta berehala Haritz Estivarizek min hartuta utzi behar izan zuen zelaia. Zorigaiztoko debuta Realak utzita jokatzen ari den gazte tolosarrarentzat. «Gaur Zubietara joan da, medikuarengana, baina ez du itxura onik. Ea azkar itzultzeko moduan den». 65. minutuan Unai Etxeberriak ere min hartuta utzi behar izan zuen berdegunea.

Guztiz maldan gora zuen neurketa Tolosak. Baina ez zuen etsi. «Puzzle bat osatu behar izan genuen aurrera egiteko». Azken minutuetan arriskatu egin zuen, eta topatu zuen merezitako saria. 90. minutuan berdinketa lortzear izan zen, eta 94.minutuan Asier Bengoetxeak korner batean lortu zuen gola.

Puntu ona dela dio Avellanedak, eta zelaian ikusitakoarekin pozik dago: "Joko ona egin genuen, aukera asko sortu genituen,  ezbeharrak ezbehar taldea indartsu izan zen partida osoan zehar... amaieran zoriondu egin nituen. Ez dago gehiago eskatzerik, balio handiko puntua da". Balio handikoa, batik bat, moralki.

Igandean puntu hau hobeago egiteko aukera izango du Tolosak: Mondraren aurka jokatuko du, Berazubin, 16:30ean. Norgehiagokaren aurretik, 50 urtez bazkide izan direnei omenaldia egingo die klubak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!