Batasunarentzat izan da lehen bandera

Ataria 2018ko irailaren 15a

V. Elkartasun Estropada ospatzen ari dira Tolosan. Goizean arraunlariak izan dira Oria ibaian. Bazkariaren ondoren, Udaberriko musikariekin kalejira egongo da.

Batasuna elkarteak irabazi du V. Elkartasun Estropada. Finala San Estebanen aurka jokatu dute, bi txandatara. Bietan Batasunakoak izan dira azkarrenak.

Aurrez, sei elkarteren artean jokatu dute kanporaketa. Bi txanda egin ondoren, denborak batu dituzte. Horrela atera dira bi finalistak. Emendek, Lizardi, Txinparta, Udaberri, San Esteban eta Batasuna izan dira bateletan ibili diren elkarteak. Aiz Orratz eta Oargi antolaketa lanetan ibili dira.

Batasunako tripulazioa ondorengoa izan da: Iosu Karrera, Andoni Alzate, Josean Iraola, Iñaki Garcia eta Beñat Etxeberria patroia.

Estropadaren bosgarren edizioa izan arren, aurten banatu dute bandera lehen aldiz.

Arraunlari eta patroien zerrenda osoa:

Emendek: Joseba Gorostiaga, Antonio Merino, Ramon Garmendia, David Goikoetxea, Alberto Lorence eta Ekaitz Beraza patroia.

Lizardi: Julen Telleria, Eli de Arriba, Iñigo Martiarena, Onintze Hartsuaga eta Ibai Vaquero patroia.

Txinparta: Luis Oruezabal, Jon Azpiazu, Jon Ormazabal, Jose Juan Artola eta Imanol Gibelalde patroia.

San Esteban: Agustin Pagola, Hasier Larrauri, Kike Conde, Mikel Eceizabarrena eta Oier Gastesi patroia.

Udaberri: Irati Artutxa, Itzea Urkizu, Ainhoa Goikoetxea, Itsaso Aranburu eta Maialen Amondarain patroia.

Estropadak iraun duen bitartean, eta ondoren, elkartasun pintxoa eta Tolosaldea Sahararekin Elkartearen postuak egon dira Zerkausian. Izan ere, gaur bildutako diru guztia elkarte horrentzat bideratuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!