Ikasturte berrirako eskaerak zerrendatu ditu Tolosako EH Bilduk

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 13a, 14:22

Legealdia bukatu baino lehen, egiturazko gai batzuk konponbidean jartzeko eskatu dio udal gobernuari: osasun zerbitzu publikoa, kalitatezko garraio publikoa, eraikin publikoen erabilera plana eta auzoen zaharberritze plana.

Tolosak baditu egiturazko gai batzuk, zuzenean herritarren bizitza kalitateari eragiten diotenak. EH Bildu udal taldearen iritziz, EAJ-PSE udal gobernuak ez die gai horiei «behar bezala erantzun». Lore Agirre zinegotziaren esanetan, «legealdi ia osoa joan da eta arazoek hor diraute, bideratu gabe jarraitzen dute legealdi hasieratik mahai gainean zeuden gai askok».

Hala ere, koalizio abertzaleko kideen ustetan, udalbatzari oraindik bederatzi hilabete geratzen zaizkio lanerako, eta beraz, erronka batzuk planteatu nahi izan ditu prentsa aurrean. Tolosaldean kalitatezko osasun zerbitzu publikoa lortzea da horietako bat. Kristina Pelaez zinegotziaren esanetan, «EH Bildurentzat ezinbestekoa da beste eskualdeen pareko osasun zerbitzua izatea». Hurrengo legealdian eskualde ospitale publikoa izango dena gauzatzen hasteko, gehiago luzatu gabe proiektua lantzen hasteko eskatu du. Proposamen konkretua egin du: «Proiektu arkitektoniko eta sanitario zehatz bat landu behar da, eskualdearen beharretara egokituta».

Herrian zein eskualdean kalitatezko garraio zerbitzua bermatzea ere, lehentasunezko gaitzat du EH Bilduk. Aurreko ikasturtean, hiribus zerbitzuarekin arazoak egon direla nabarmendu dute koalizio abertzaleko zinegotziek, «herritarrak zerbitzu gabe eta langileen lan baldintzak bermatu gabe egotea ekarri dutenak». Udal gobernuak egoera honi irtenbidea emateko urtebeteko kanpo kontratazioa egin du, baina Pelaezen ustez, «hiribusarena zerbitzu publikoa izanik, udalak zuzenean eskaini beharrekoa da». Uda aurretik, kudeaketa publikoari buruzko azterketa egingo zuela agindu zuen udal gobernuak eta emandako hitza betetzeko eskatu dio oposizioko lehenengo indarrak.

Foru Aldundiak kudeatzen duen eskualdeko autobus zerbitzua ere etenda dago langileak euren lan baldintzak duintzeko duela zortzi hilabete hasi zuten greba dela eta. Horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta langileen arteko bitartekari lanak burutzeko, eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari. Agirreren esanetan, «bai osasun edo garraio publikoari dagokion gaietan esaten zaigu eskuduntza ez dela udalarena, baina kontuan izanik eskuduntzak dituzten erakundeetako ordezkariak eta udal gobernukoak talde berdinekoak direla, uste dugu eragin dezaketela. Lan lerroak, azkenean, errazagoak dituzte».

Bukaera behar duten gaiak

Oraindik lan egiteko denbora badagoela iritzita, erronka horiei eutsi behar zaiela uste du EH Bilduk, «ezin da beste aldera begiratu». Esate baterako, udalak jabetzan dituen eraikinen egoera eta erabileraren azterketa amaituta, hauen erabilera eta beharrezko egokitzapen lanak zehazten dituen plana adostea proposatu dio koalizioak EAJ-PSE udal gobernuari. «Inbertsio handi bat eskatuko du honek, kudeaketa konplexua du, baina erabakiak hartzen hasi beharra dago, gaiak urte askotako finantzaketa plana eskatzen duelako».

Auzoen zaharberritze planaz ere hitz egin du Pelaezek eta San Esteban auzoaren kasua aipatu du zehazki. Legealdi hasieran, gobernuak gaia berriro mahai gainean jarriko zuela esan arren, aurrera pausurik ez dela eman esan du EH Bilduko zinegotziak, «gaia tiraderan gorde nahi du udal gobernuak eta hori onartezina da; San Estebanek ezin du gehiago itxaron».

Agirrek gaineratu du, Plan Orokorra legealdiz legealdi udalak «arrastaka» daraman gaia dela eta orain indarrean dagoenak, beste garai bati eta beste egoera ekonomiko bati erantzuten diola. «Horretan udalbatza osoa ados dago. Beraz, ezinbestekoa da lanean jartzea eta hurrengo udalbatzari lana aurreratuta uztea». Bide batez, diru-laguntzak jasotzeko herritarrek helarazi dizkieten kexen berri eman dute EH Bilduko zinegotziek: «Udal gobernuaren ardura da mekanismo eraginkorrenak jartzea, herritarrek eta eragileek diru-laguntzak garaiz jaso ditzaten, udalak beren funtzionamendua nahasi eta zaildu gabe».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!