Toloboleik pistako taldea atera du Bide-Bideren laguntzarekin

Asier Imaz 2018ko ira. 13a, 14:07

Tolobolei Bide-Bide taldea aurkeztu zuten joan den larunbatean. Pistan jokatuko dute eskualdekoek, Euskal Ligaren bigarren mailan. A. IMAZ

Eli Rodriguez entrenatzaileak 12 jokalariko taldea zuzenduko du; Euskal Ligaren bigarren mailan hasiko dira jokatzen urriaren 6an.

Tolobolei Bide-Bide taldea aurkeztu dute. Eskualdeko jokalariz osatutako taldeak pistako boleibol ligan ariko da, lehen aldiz; Euskal Ligaren bigarren mailan. Urriaren 6an jokatuko dute lehen jardunaldia. Hasiera batean, etxeko partidak Santa Luzia auzoko Uzturpe frontoian izango dituzte.

ILUSIOZ BETETA

Yera Leon taldeko kidea da. Tolosarrak esan du taldea nolatan sortu duten: «Urte asko eman ditugu taldea osatu nahian. Azkenean neskak animatu eta iaz entrenatzen hasi ginen, astean behin elkartuz. Elirekin aritzeko aukera sortu zen, eta baita taldea ateratzeko grina ere». 

Eli Rodriguez pasaitarra Hernanin bizi da. Ferialekuan hondartza boleibol ikastaroak ematen aritu da. Pistako taldearen entrenatzaile izateko esan ziotenean, ez zuen bi aldiz pentsatu: «Haurrei, gazteei eta helduei ikastaroak ematen ibili naiz Ferialekuan, eta neskak etorri zirenean onartu egin nuen, entrenatzeko aukera ezin hobea dela iruditzen zait». Yera Leonen esanetan oso kuadrilla polita osatu dute: «Adin desberdinetako jendea elkartu gara, hasi 16 urtetatik eta 40ra artekoak gaude. Guztiak ilusioz beteta. Boleibolak elkartu gaitu eta oso giro onean ibiltzen gara; pozik».

Jokalari batzuk ezagutzen dute pistan jokatzea zer den, besteentzat zerbait berria da. «Duela urte asko ibili ginen pistan. Tolosan berriro boleibolean aritzeko aukera Ferialekuan izan dugu, hondarretan. Baina desberdina da. Hondartza boleian 2x2; 3x3 edo 4x4 modalitatean jokatzen duzu. Pistan taldeak seikoak dira», azaltzen du Leonek.

Eli Rodriguezek ere bi modalitateen arteko desberdintasunak aztertzen ditu: «Gutxiago nekatzen da hondartzan baino; jauziak, aldiz, handiagoak dira. Horrez gain, jokalarien kopurua dago. Talde oso ona osatu dute, eta euren artean oso giro ona dago. Gauzak ikasten joatea espero dut, eta denon artean lan polit bat egitea». Helburuari dagokionez, ikasten ondo pasatzea dela dio entrenatzaileak, «eta igoera lortzen baldin badugu, bikain». Yera Leonentzat garrantzitsuena taldea sendotzea da, dinamika eta praktika egokiarekin; «entrenatzaile bikaina daukagu eta berarengandik ikasiz horretan saiatuko gara».

Santander, Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Nafarroako hainbat talderen aurka jokatuko dute ligan. «Iaz Eskolapioetan aritu ginen entrenatzen. Aurten lehen aukera Uzturpe frontoia da. Udalarekin harremanetan gaude, eta ikusiko da orduak eta egunak nola zehazten ditugun», amaitzen du Rodriguezek.

TALDEKIDEAK

2. Yera Leon.

3. Monika Kolomo.

4. Katie De Sousa.

5. Idoia Lahidalga.

7. Leire Uranga.

8. Ainhoa Martinez.

9. Saioa Iparragirre.

10. Maria Lasa.

11. Alaitz Zabala.

12. Nagore Esnaola.

13. Nagore Valles.

16. Ane Arana.  

Entrenatzailea: Eli Rodriguez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!