Aurkeztu dute Titereszenaren ikasturte berria

Tolosaldeko Ataria 2018ko irailaren 12a

Topic zentroko denboraldi berriko lehen erakusketa Donostiako Zinemaldiari lotuta estreinatuko dute; 2019ko azaroan 10 urte beteko ditu Topic-ek, eta herritarren iradokizunak bildu nahi dituzte.

Azken urteotan, Topic zentroak iraila baliatu izan du, ikasturte osora begirako ikuskizun, erakusketa, ikastaro eta bestelakoak iragartzeko; guztia Titereszena egitarauaren aterkipean bildu, eta herritarrei plazaratzen diete. Atzo izan zen ikasturte honen aurkezpena, Topic zentroko aretoan bertan, eta Idoia Otegi zentroko zuzendariak alboan izan zituen Olatz Peon Tolosako alkatea, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

2018-2019 ikasturtea erakusketa berri batek irekiko du, eta berezia izango da, txotxongiloen mundua eta zinemarena lotuko baititu. Donostiako Zinemaldiaren egitarau barruan, animazio txotxongiloak izango ditu ardatz, eta Coke Riobóo eta Lourdes Villagomez izango dira komisarioak. Hainbat sortzailek plastilinarekin, txotxongiloekin eta objektuekin animazio filmetan baliatutako teknikak ezagutzeko erakusketa aparta izango da.

Topic zentroak bere kanalen bitartez iragarriko ditu, aldian aldian, ikasturteko hitzordu berriak. Eta, horrez gain, 2019ra begira ere jarri dira: hurrengo urteko azaroan 10 urte beteko ditu Tolosako Nazioarteko Txotxongiloen Zentroak eta, ospakizun egitaraua osatzeko, herritarren iradokizunak bildu nahi dituzte. Horrela, proposamenak cittolosa@cittolosa.com helbidera bidal daitezke jada.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!