Hogei urtez festa antolatzen

Imanol Garcia Landa 2018ko ira. 12a, 11:00
Iaz ere herri kirolen desafioa izan zen Uganeko Santuipeko Festan. JON MIRANDA

Santuipeko Eguna ospatuko dute larunbatean Ugane auzoan, egun osoko ekitaldiekin. Herri kirolen desafioa egingo dute uganetarren eta ikaztegietarren artean.

Santuipeko Festa antolatu dute Ugane auzoan larunbat honetarako. Orain hogei urte egindako auzolan baten ondoren erabaki zuten festa bat egitea eta ordudanik jarraipena eman diote ospakizunari. «Aitzakia ederra da bertakoak elkartzeko eta harremanak mantentzeko», diote auzokideek. «Gainera, heldu eta gazteak batera aritzen gara dena prestatzen, eta hori ere nabarmentzekoa iruditzen zaigu, adin guztietako auzotarrak inplikatzea».

Ohikoa denez, norgehiagoka batekin hasiko dute egitaraua. Ugane Tolosako auzo bat da, baina Ikaztegietarekin du harreman zuzenagoa, ondoan baitago. Hori horrela, herri kiroletan uganetarrak eta ikaztegietarrak ariko dira lehian, trontzan, harri-jasotzen eta lokotxak biltzen. Bi taldeak mistoak izango dira. Trontzan, ikaztegietarrek eskarmentu handiagoa dutenez, indarrak orekatze aldera enborra bertikalean moztuko dute. «Lehia sanoa izan ohi da», diote auzotarrek.

Ekitaldiek beste ohitura batekin jarraituko dute: Hernaniko bertsolarien saioa. Santuipeko Festa antolatzen hasi ziren hasierako urteetatik joaten dira Hernaniko bertso eskolako kideak bertara. Aurtengoan bertan izango dira Eli Pagola, Andoni Mujika, Beñat Mujika, Iker Ormazabal Tturko, Eñaut Martikorena eta Oier Iurramendi. Bitartean postua jarriko dute auzokideek, pintxo eta edariekin. Lehen mondejuak dastatzeko aukera izaten da eta berehala bukatzen omen dira jaki horiek.

Bazkaltzeko unea iritsiko da gero eta 80 pertsona inguru elkartuko dira. Ondoren, dagoeneko tradizio handia duen mus txapelketa jokatuko da, eta bertsolariek ere beste bertso batzuk eskainiko dituzte. Arratsaldean haurren jolasen unea iritsiko da, eta txokolatea ere banatuko da.

Arratsaldeko ekitaldiekin bukatzeko, saskiaren zozketa egingo da. Egunean zehar salgai izango dira txartelak. Arrakasta handia duen toka txapelketa ere egingo dute, adin guztietako parte hartzaileekin. Eguna bukatzeko auzo afaria egingo dute, bakoitzak etxetik eramandakoarekin.

Bestalde, egun guztia girotzen ariko dira Unai Urretabizkaia eta Hezkide Oteiza trikitilariak. Urretabizkaia auzokoa da eta Oteizak lotura handia du Uganerekin. Izan ere, auzokideak diotenez, «saiatzen gara bertakoek edo Uganerekin lotura dutenek parte hartzea, eta txikitatik lotura sortzea festarekin».

EGITARAUA

Irailak 15, larunbata

12:00. Herri kirolak, uganetarrak ikaztegietarren aurka.

12:30. Hernaniko bertsolariak.

14:30. Auzo bazkaria.

Ondoren. Mus txapelketa.

17:30. Ume jolasak.

Jarraian. Saskiaren zozketa eta toka txapelketa.

21:30. Auzo afaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!