Sahararren aldekoa izango da aurtengo batel lehia

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ira. 11a, 09:43

Tolosako elkarteek bosgarrenez antolatu dute, larunbaterako, elkartasun estropada: 11:00etan hasiko da estropada.

Stopr Sanfilippo, Agestta, Pausoka eta Zutani elkarteak lagundu izan ditu, azken urteotan, Tolosako elkarteen estropada solidarioak. Aurten ere, elkartasun helburuz bat egin, eta Oria ibaian batelen lehia izango da, larunbatean, Tolosaldea Sahararekin elkarteari bultzadatxoa emateko. Atzo aurkeztu zuten hitzordua, Zerkausi azpian, eta datorren larunbaterako xehetasun guztien berri eman zuten.

Arraunean ariko diren gehienak uztailean hasi ziren arraunean ikasten, alan lehenengo, eta batel balantzatsuetan gero: "Asteroko martxan, azkenean, oso giro polita sortzen da elkarteetako kideon artean eta, elkartasun helburuarekin batera, gure arteko harremana sendotzea ere lortu nahi dugu", azaldu zuen Iñigo Gorostiaga Emendek elkarteko kideak.

Estropada 11:00etan hasiko da, eta azken urteotako sistemari helduko diote larunbatean ere: talde bakoitzak bi txanda jokatuko ditu, kale bakoitzetik bat. Guztira, sei batel ariko dira lehian, eta bi denborak batuta markarik onena eskuratzen duten bi taldeek jokatuko dute finala. Aipatzekoa da, txanda arruntak Zubi Berritik hasiko dira, eta bi ziaboga emanda amaituko direla Zerkausian. Finala, berriz, ziaboga bakarrera jokatuko dute. Horretarako guztira, elkarte antolatzaileek ezinbestekoa izan dute Tolosaldeko Arraun Klubaren laguntza. Honakoak izango dira txandak:

 

1.kalean

2.kalean

1. txanda

San Esteban

Lizardi

2. txanda

Emendek

Udaberri

3. txanda

Batasuna

Txinparta

4. txanda

Lizardi

San Esteban

5. txanda

Udaberri

Emendek

6. txanda

Txinparta

Batasuna

7. txanda

Finala

Finala

8. txanda

Finala

Finala

Batelak uretan ari diren bitartean, herritarrek aukera izango dute estropada jarraitu eta Zerkausian mokadutxo bat egiteko, Aiz Orratz eta Oargi elkarteko kideen eskutik. Gainera, Udaberriko fanfarreak girotuko du batelen lehia, eta baina bazkal aurreko nahiz arratsaldeko giroa ere.

Izan ere, herri bazkariak hartuko du Zerkausia, eguerdian. Elkartasun estropadan parte hartuko dutenekin batera, herritarren aukera izango dute herri bazkarian otordua egiteko, eta hilaren 12a izango da horretarako azken eguna.

Elkartasun estropadako argazki eta albisteak ikusgai izango dira, larunbatean, ataria.eus webgunean.

Aldarri sozial eta politikoak

Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek ere parte hartu zuten estropadaren aurkezpenean, eta esker hitzak eskaini zizkieten elkarteei. Azaldu zuten, urteak daramatzatela Oporrak Bakean proiektuan parte hartzen, Saharar kanpamenduetako haurrek uda samurragoa pasatu dezaten. Horrez gain, ordea, eskola bat sortzen eta hornitzen dihardute azken urteotan.

Tolosaldea Sahararekin elkartearen aldarriak soziala eta politikoak direla azpimarratu nahi izan zuten. Sozialak, "Saharar herriak bizi-baldintza duinagoak behar dituelako" eta politikoak, "Marokok sahararrak beren lurretatik bidali zituztelako, askotariko armak baliatuz, eta hamarkadak daramatzatelako jazarrita eta kanpalekuetan bizitzen".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!