Larunbatean, Atano X.a pilotari izandakoari buruzko biografia lana aurkeztu zuten, Azkoitiako udaletxean. Joxemi Saizar kazetariak eta Joseba Urretabizkaia argazkilariak egin dute liburua, eta haiek ere parte hartu zuten aurkezpenean.
Liburua egiteko lanean «pertsona bera» ezagutu dutela adierazi dute bi egile tolosarrek. Saizarren esanetan, liburua egiteko hainbat informazio iturri erabili ditu: «Atano X.arekin izandako elkarrizketak, eta berak pasatutako argazkiak eta hemerotekako artikuluak. Hemeroteka zabala utzi zigun, bere garaiko egunkarietan-eta argitaratutakoa. Gero, gure aldetik beste hainbat dokumentazio bilatu dugu. Nik idatzi dut, eta Josebak egin ditu gainontzeko lanak, argazkiak, libururako laguntzaileak bilatu eta abar».
Pilotaria pertsona bezala ezagurazteko balioko duela nabarmendu du Saizarrek: «Punta-puntan ibilitako pilotaria izan zen. Libururako izenburua aurrez aipatutako hemeroteka horretatik atera diot: gorputzez txikia, erraldoia kantxan. Hori berez, erdaraz zegoen artikulu batean idatzita zegoen, baina kazetariaren izena ez zuen jartzen. Atano X.ak jende guztia txundituta uzten zuen bere sakeekin eta joku biziarekin. Liburu hau egiterakoan, berriz, pertsona ezagutu dugu; pertsona ona, alaia, irekia, eskuzabala, atsegina, dotorea da, eta oso erraza izan da berarekin lan egitea. Dena erraztasunak eman dizkigu eta oso gustura aritu gara berarekin lanean».
Xibarit argitaletxeak Jentilak izeneko bildumaren barruan atera du Atano X.aren biografia liburua. Jentilak bilduma «aspaldiko euskal kirolariak, zaharrak» omentzeko asmoarekin sortu zuen Urretabizkaiak berak. Atano X.aren biografiaren aurretik hiru aizkolariri buruzkoak argitaratu dituzte: Astibia, Arria II. eta Mindegia.
Larunbateko ekitaldiaren kronika eta irudiak bildu ditu Urola Kostako Hitzak.