Iaz jarri zuten proiektu pilotua martxan, eta Tolosako Udalaren, Ekogunearen eta Tolosako Ingurumen Zentroaren laguntza izan zuten horretarako: «Tolosako Udalak eskaini zigun ea bisita bat egin nahi genuen Ekogunera proiektu horren berri jasotzeko. Haur Hezkuntzako hainbat irakasle, zuzendaria eta bi guraso joan ginen. Han eman ziguten proiektuaren inguruko informazioa, eta oso interesgarria iruditu zitzaigun. Gurasoek ere pentsatu zuten haurrentzako oso aberasgarria izan zitekeela eskolan bertan naturarekin harremana izatea, eta aurrera egitera animatu gintuzten», azaldu du Samaniego ikastetxeko zuzendariak.
Laskorain ikastolako ordezkari batzuk ere bisita horretara joan ziren, eta «maitemindu» egin ziren proiektuarekin: «Duela bi urtetik hona, Konfiantzaren pedagogia izan da gure apustua, eta Ekoguneko argibideak jaso genituenean, konturatu ginen proiektu honek bat egiten duela filosofia horrekin».
Horrelako proiektuak martxan jartzeak, ordea, denbora asko eskatzen du, eta azkenean, maiatzean soilik esperimentatu ahal izan zuten proiektua. Denbora gutxiz landu ahal izan bazuten ere, oso aberasgarritzat jo du Larretak: «Haurrek han izan zituzten bizipenak ezin dira alderatu gelan izaten dituztenekin». Muñagorri ere iritzi berekoa da: «Proiektu pilotua oso laburra izan zen, baina, aldi berean, oso interesgarria ere bai».
Lau urteko haurrek jarri zuten abian proiektua bi ikastetxeetan; dena den, denbora gutxi izan dute proiektua lantzeko eta aurten ere haur horiek HH3 mailako haurrek jarraituko dute proiektua esperimentatzen. Horrela azaldu du Larretak: «Haur Hezkuntzan bederatzi gela ditugu, eta ezin dugu denok kalera atera. Lau urteko haurrekin hasi ginen iaz, eta esperientzia motza izan zenez, haur horiek beraiek esperimentatuko dute ikasturte honetan ere».
Gustatuko litzaieke proiektu hau beste maila batzuetara ere zabaltzea, baina oraingoz ez dute posible ikusten. Zuzendariaren arabera, «azpiegitura falta» da eragozpenik handiena: «Gune mugatuak ditugu, eta ez digute aukera gehiago ematen. 25 haurrez osatutako talde bat mendira ateratzen denean, aztarna handia uzten du eta kontua ez da gune bat inbaditzea, haurrek natura errespetatu eta lasai ibiltzea baizik».
Basoa, ikasgela
Izenak esaten duen gisan, proiektuak basoarekin du zerikusia, baina zer da zehazki Baso Eskola proiektua? Honela definitu du Larretak: «Haurrak ikastetxetik atera eta ingurune natural batera hurbiltzen ditugu. Jolas librearen bidez, esperimentatu, aztertu, ikertu eta esperientzia onak izatea da helburua». Muñagorrik adierazi duenez, oso garrantzitsua iruditzen zaie ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren jabe eta protagonista izatea, eta basoak horretarako aukera ematen die: «Umeak autonomia osoa dauka basoan, eta bere gaitasun guztiak garatzeko eremu egokia da».
Iazko esperientzia kontuan hartuta, proiektuaren xehetasunak azaldu ditu Larretak. Astean egun batean lantzen dute proiektua; goizean, irteera bat egiten dute. Samaniego ikastetxeko ikasleen kasuan, Uzturre mendiaren azpira joaten dira eta Laskorain ikastolako ikasleak, berriz, Elosegi parkean landuko dute proiektua: «Gune oso irekiak daude eta oso egokiak dira. Gutxieneko arauak zehaztu eta umeei libre jolasten uzten diegu. Ordu eta erdi inguruko saioa izaten da; amaieran, bildu egiten gara esperientzien berri eman diezaguten: zertan aritu diren, zer deskubritu duten, etab. Hamaiketakoa egin eta gero, ikastetxera bueltatzen dira».
Arratsaldean, goizean landu edo ikusi dituzten objektuen bidez beste konpetentzia batzuk garatzen dituzte ikasgeletan, haur bakoitzaren autonomia, erritmoa eta gaitasunak errespetatuz: «Esate baterako, basoan egur pila bat topatu eta zubi bat egiten saiatu baldin badira, artelan bat edo ipuin bat egin dezakete; zubi horren neurriak har ditzakete matematikako konpetentziak garatzeko, edota baita psikomotrizitatea, oreka edota koordinazioa lantzeko ere», azaldu du Larretak. Muñagorrik gehitu duenez, arratsaldeko saioa egokia da «hausnartzeko zertan aritu diren, zer gustatu zaien eta zer ez, nola sentitu diren, zer egingo duten hurrengo saioan, etab. Komunikazioa eta hipotesiak garatzeko gaitasuna lantzen dute», zehaztu du.
Irteera bakoitzean, bideoak eta argazkiak ateratzen dituzte, eskolara bueltatzean euskarri batzuk izan ditzaten: «Irteera bakoitzean, argazkiak eta oharrak hartzen ditugu. Horrela, informeak egin, eta ondorio batzuk ateratzen ditugu. Beharrezkoa iruditzen zaigu hori, beste urteetan, egindako akatsak ez errepikatzeko».
Zentzu horretan, Muñagorrik azpimarratu du irakasleen eta gurasoen kezkarik nagusiena dela ea haurrek curriculumak zehazten dituen edukiak landuko dituzten, eta erantzuna baiezkoa da: «Curriculumak berak zehazten dituen konpetentzia guztiak lantzeko aukera ematen du basoak. Esate baterako, iaz haur batzuk makil txiki batzuk hartu eta fikziozko su bat egin zuten, makilak txikitik handira ordenatu zituzten matematika landuz, makilak hartu eta beren izena idatz dezakete... Ikastolan landu dezaketen hori lantzen dute basoan ere».
Naturaren balioak ezagutuz
Proiektu honen bidez, naturaren inguruko balioak naturarekiko errespetua, esaterako eta ezagutza transmititzen dizkiete haurrei: «Inguruan ikusten ditugun elementu guztiek gelan lantzeko aukera ematen digute: hegaztiak, landareak, xomorroak, harriak, etab. Hor ezagutza handia dago, eta beren jakin-mina aprobetxatzen baldin badugu, gauza asko egin ditzakegu», azaldu du Larretak.
Muñagorrik ere oso «garrantzitsutzat» jo du ezagutza transmititzea, eta nabarmendu du sormena lantzeko aukera ere ematen diela basoaren «neutraltasunak»: «Elementuak ez daude erabat definituta. Esate baterako, haur batentzat gaztelu bat izan daitekeena, beste bati barkua dela irudituko zaio. Oso neutroa da, eta horrek sormena lantzeko izugarrizko abantailak ematen ditu».
Era berean, Muñagorrik nabarmendu du natural ikusten dutena oso aldakorra izan daitekeela urtaroen arabera: «Naturan sor daitezkeen gauzak ezberdinak izan daitezke egiten duen eguraldiaren arabera: esate baterako, gerta daiteke bezperan euria egin izana, eta bidea zena putzu bihurtzea. Basoak eskaintzen dituen elementu horiek oso garrantzitsuak izan daitezke umeen garapenerako, irtenbideak bilatzeko, etab», adierazi du Muñagorrik.
Ildo beretik jarraitu du Larretak: «Euria, elurra, eguzkia... hori guztia naturan bizitzeko aukera ere izango dute. Euriarekin berdin-berdin ateratzen gara kalera: horretarako material egokia erosi dugu, eta haur bakoitzak berea izango du. Euria eginez gero, goitik behera aldatu, ilea ondo lehortu, eta kito; esperientzia zoragarria». Hain zuzen, Kutxa Fundazioaren diru laguntza jaso dute ekipamendu egokia erosi ahal izateko.
Irakasleak behaketa lana
Irene Larretak eta Ander Muñagorrik azpimarratzen dutenez, horrelako proiektu bat abian jartzea ez da batere erraza, eta irakasleek ere asko ikasi behar izan dute Muñagorriren iritziz: «Haur Hezkuntzako irakasle guztiok formakuntza saio bat jaso genuen, nahiz eta denok ez parte hartu proiektuan».
Otsailean egin zuten formakuntza; hasieran, proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkieten, eta ondoren, naturan dauden hainbat elementuren hegaztiak, animaliak, ... inguruko informazioa eman zieten. Horretaz gain, arrisku egoeretan jokatzeko moduak eta lehen sorospen neurriak ere landu zituzten.
Alor teorikoak pisu «handia» izan zuen, baina irakasleek ere egun bat pasa zuten basoan Ekoguneko hiru lagunekin: «Irakasleen lana behatzea haurrak zertan ari diren ikustea, zergatik, zein erreakzio izan dituzten, eta segurtasuna ematea da, bai arauak zehazterako garaian, baita jolasean ari direnean ere», adierazi du Muñagorrik.
Irakasleez gain, gurasoen laguntza ere ezinbestekoa izan da proiektu hau martxan jarri ahal izateko. Proiektua abian jartzera zihoazenean, bilera bat antolatu zuten beraiekin, eta formakuntza saio bat ere egin zuten: «Ikastetxeak ez dauzka nahikoa giza baliabide proiektua garatu ahal izateko. Gurasoei eskatu genien laguntza, eta egia esan, oso erantzun ona jaso genuen. Egutegi bat egin dugu, eta jarri dugun baldintza bakarra da guraso bakoitzak ezin duela bere seme-alabaren gela zaindu. Esperientzia positibotzat jo dute, eta argi daukagu urritik aurrera ere horrela jarraituko dugula».
Laskorain ikastolako kideek ere gurasoengana jo behar izan dute: «Proiektua azaldu genien dagokien adin tarteko gurasoei, eta oso gustura egon ziren. Proiektu pilotuaren amaieran, jaso genuen balorazioa oso positiboa izan zen: 'Bukatu da dagoeneko?', esan ziguten. Horrelako ekintza bat egiteko garaian, gurasoen laguntza behar izaten da, eta orokorrean, esku bat botatzeko eta haurren heziketan parte hartzeko prest egoten dira», azaldu du Muñagorrik.
Barneratutako jokabideak baztertuz
Irakasleentzat zaila izan da ikasgeletako irakasteko eta jokatzeko modua aldatzea. Larretak azpimarratu du zailena izan dela hain barneratuta dituzten roletatik ateratzea: «Gure lana da eremua markatzea, eta haurrak libre uztea arriskurik ikusten ez dugun bitartean. Haurrei, ordea, harrigarria iruditzen zitzaien libre uztea: 'Zergatik ez didazu hitz egiten?', 'Zergatik zaude, hor, geldi?' galdetzen ziguten. Azalpen bat eman behar zaie adierazteko jolastu egin behar dutela, bizi, sentitu, eta gu, behar dutenean, laguntza emateko soilik gaudela. Kosta egiten zaie, baina segituan ulertzen dute eta libre sentitzen dira».
Muñagorrik ere gauza bera nabarmendu du iazko esperientzia kontuan hartuta: «Menpekoak izatera ohitzen dira. Hasieran kosta egiten zitzaien beren ekintzak egiten hastea gure laguntza edo argibiderik gabe. Horrela ohituta dauzkagu. Gero, ikastolan bizitzen ez dituzten egoeretan ikusten ditugu haurrak, eta beste gaitasun eta garapen batzuk dituztela ohartzen gara. Nik ikusi dut basoan beste modu batera jokatu dutela askatasun hori-edo dutelako».
Zentzu horretan, haurrentzat nahasgarria izan al daiteke egun batean eskolatik atera eta horrelako proiektu batean parte hartzea? Larretaren eta Muñagorriren erantzuna ezezkoa da. Larretak: «Haurrek egoera ezberdinetara egokitzeko askoz ere gaitasun handiagoa daukate. Horrek ez du esan nahi gelara bueltatzen direnean basoan bezala ibiltzen direnik. Gelan beste arau eta dinamika batzuk daude, eta oso ondo ezagutzen dituzte. Ez dute kontraesanik edo ezer arrarorik nabaritzen». Muñagorri ere uste berekoa da: «Badakite basoan gauza batzuk egin ditzaketela, eta eskolan beste batzuk. Oso ondo egokitzen dira espazio bakoitzera».
Era berean, Larretak azpimarratu du txikitatik haurrei markatzen zaizkien genero rolak desagertu egiten direla horrelako espazioetan: «Iruditzen zaigu mutilak ausartagoak edo indartsuagoak direla, baina zenbait momentutan ikusi ditugu generoak ez duela inongo pisurik horrelako egoeretan, neskek eta mutilek berdin jokatzen dutela, eta beren izaera dela agerian uzten dutena».
Udako oporrak amaitu dira eta ikasleak, irakasleak eta gurasoak prest dira proiektuari ekiteko. Eskuetatik heldu eta basora irteteko garaia heldu zaie haurrei, sormenari ateak ireki eta naturak ezkutatzen dituen sekretuak ezagutzeko.