Hizlari berrien beharrak asetzeko

Babestutako edukia 2018ko ira. 7a, 13:47

Tolosako Hizkuntza Eskola Paper Kaleko 1. zenbakian kokatuta dagoen zentro publiko bat da, 2008-2009 ikasturtean sortua. Orduan, zortzi eskola zeuden Euskal Herrian, gehienak, gainera, hiriburuetan edo biztanleria handiko herrietan, eta beste gune batzuetan zentro berriak sortzeko beharra ikusi zen.

Hortaz, helburu nagusiena eskualdean zegoen eskaerari erantzun bat ematea zen. «Andoain eta Lasartetik etortzen da jendea, Donostian baino errazagoa delako hemen izena ematea». Orain, ordea, inguruko herrietan ikasgelak sortzeko beharra handiagoa dela iruditzen zaie Villabonan, esaterako.

Ingeles eta frantses ikastaroak eskaintzen dituzte, eta hastapeneko, erdi-mailako eta maila aurreratuko multzoak daude. Batetik, ikasle ofizialak daude, 130 orduz klaseak jasotzen dituztenak, urtean 72,36 euro ordainduta. Bestetik, libreak, soilik azterketak egitera joaten direnak, 36,18 euro ordainduta. Libreki izena ematen dutenek, aukera bakarra izaten dute azterketa egiteko, ofizialekin batera, maiatza-ekaineko deialdian. Ofizialek, irailean ere aukera izaten dute. «Garrantzi handia du bertan azterketa egiteak, Hizkuntza Eskolan jasotzen den ziurtagiria delako agiri ofizial bakarra».

Gutxi gorabehera, 800 ikasle inguru izan dituzte azken urteetan. Orokorrean, egiten duten eskaintza, maila guztietan betetzen da, eta ikasle ofizialak libreak baino gehiago izaten dira. Astean bi egunetan, bi orduko klaseak eskaintzen dituzte talde bakoitzeko. «Ohiko irakasleez gain, ingeles edo frantses natiboak ere baditugu, ikasleei modu naturalago batean hitz egiteko aukera eskaintzen diegularik». Eskolan sartzeko adina, 14 urte (frantseserako) eta 16 urte (ingeleserako) da. Zentroan 14 urtetatik 75era bitarteko ikasleak aritzen dira, eta bi ikasle multzo bereizten dituzte: maila altuetako ziurtagiria eskuratu nahi duten gazteak, eta helduagoak, bidaiatzeko nahiak bultzatuta, hizkuntza bat ikasteko beharra dutenak.

Ikasle askoren beharrak aztertu ondoren, ikastaro erdi-presentzialak egiteko aukera eskaintzen hasiko dira aurten. «Lanean ordutegi finkorik ez duten horientzako aukera egokia izango da». Ikasleak, astean behin joango dira klasera, gainerako orduak internetez sartu beharko dituztelarik. «Emaitza onak lortuz gero, datozen urteetan multzo gehiago sortuko ditugu». Baliabideen kasuan, gelez eta materialaz aparte, liburutegi zerbitzua dute eskolan. «Urtetik urtera, frantsesezko nahiz ingelesezko liburu gehiago ditugu, eta bideo nahiz aldizkariak ere mailegatu daitezke bertan».

EAEn hamalau ikastetxe ofizial daude, eta guztietan froga bera data berean egiten da, ikasle guztiak modu berean aztertzen direlarik. «Asistentzia-datuei dagokionez, Euskal Herriko gainerako eskolekin alderatuta, erkidegoko daturik altuenak ditugu, egiten ari garen lana ongi egiten ari garenaren seinale». Iazko emaitzei erreparatuta, ingeles klaseetan matrikulatutako ikasleen %75a aurkeztu zen azterketara, eta erdiak baino gehiagok gainditu zuen froga. Frantsesaren kasuan, berriz, %72a aurkeztu, eta horietatik %80ak lortu zuen azterketa gainditzea. «Jendeak ikasi egiten du; ez da hona etorri, aulkia berotu eta joan». Meritu handiena, alabaina, ikaslearena dela diote, eta bakoitzak eskaintzen dion denbora balioztatzea eta errespetatzea da eginbehar nagusia.

Guztia ez da klasera mugatzen halere, ikasturtean zehar irteerak eta afariak egiten dituzte. «Sagardotegira joaten gara guztiok elkarrekin, eta bertan ingelesez eta frantsesez hitz egiten dugu».

Hizkuntza Eskolan matrikulatzeko, www.eoitolosaheo.hezkuntza.net webgunean eman behar da izena, eta ordainketa ere online egin behar da. Zalantzaren bat dutenek, 943 697 560 zenbakira deitu dezakete, edo bestela, eoitolosa@gmail.com helbide elektronikora idatzi. Ikasle berrientzat webgunean froga bat eskura dago, komenigarria izaten da egitea zein maila duten zehazteko. «Beharrezkoa da, edonor matrikulatu daitekeelako egokitzen ez zaion maila batean, eta gero arazoak etortzen dira».

TOLOSAKO HIZKUNTZA ESKOLA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!