Orain dela ehun urte inguru hasi zen sortzen Ingurutxoa dantza Bedaion. Jatorria Nafarroan du, hango zenbait herritatik ekarri baitzuen Juan Antonio Sarasola txistulari bedaiotarrak doinua eta dantza. Bikoteka eta taldean egiten den dantza da.
«Burua jarri behar dugu garai hartan ulertzeko nola sortu zen Bedaioko Ingurutxoa», azaldu du Jon Balerdi bedaiotarrak, egun Ingurutxoa koordinatzeaz arduratzen dena. «Txistua jotzen ikasi zuen Sarasolak orduan zeuden baliabideekin. Inguruan zituen txistulariengana joan eta beraiekin ikasi zuen». Sarasola, besteak beste, Nafarroako Araitz bailara aldera joan zen ikastera, Bedaiotik gertuen dagoen zonaldeetako bat izanik. «Bai Leitzako eta bai Iribaseko Ingurutxotik edan zuen, eta Bedaion bertako gazteen laguntzarekin batera sortuko zuen dantza».
Ingurutxoaren sorreran, Sarasola txistularia eta gazteez gain, eliza ere faktore garrantzitsu bezala jartzen du Balerdik: «Igande arratsaldetan bezperak izaten ziren, elizkizuna. Egun horretan lanik ezin zen egin, eta mezara joan beharra zegoen. Orain ehun urte ia 400 pertsona bizi baziren Bedaion, pentsa zenbat gazte bilduko ziren eliza inguru hartan. Festarako gogoa ikaragarria izango zen, eta Sarasola joaten bazen, osagai guztiak jarrita zeuden».
Testuinguru horretan joan zen sortzen Ingurutxoa. «Beti ere kontuan hartu behar da elizakoen begirada zorrotza ere izango zutela: zeinek zenekin dantzatzen duen, eta nola elkartzen diren, eta ea eskutik helduta dabiltzan...», esan du Balerdik. «Horregatik gaur egun ere Ingurutxoaren parte bat dantzatzen da zapi batekin, orduko ohiturak mantenduz». Ingurutxoak zati ezberdinak ditu, eta horietako batean buru egiten duen mutilak atzeraka dantzatzen du eta neskek aurreraka dantzatzen dute berari jarraituz.
Berreskuratu zenetik, etenik ez
Sorreratik gaur eguneraino, oso garai ezberdinak bizitu ditu tradizioak. Sarasolak eramandako doinuak, adibidez, mantendu dira Dimas Zubeldia eta bere ezpainetako soinuarekin. «Egun jakinetan, momentu zehatzetan, dantzatu izan da, baina ez jarraipen batekin», esan du Balerdik.
Sarasolaren garaitik tartean ez zen dantzatu eta orain 32 urte berreskuratu egin zen berriz, eta lan horretan Balentina Jauregi nabarmendu du Balerdik: «Hasi zen gazte jendea eta bere garaian berarekin batera dantzatzen zuen jendea bildu eta berreskuratu nahian. Elkartze eta entseguetan oso garrantzitsua izan zen Zubeldia ere».
Orain dela 32 urte, berreskuratu zenean, bertan izan zen Balerdi dantza egiten. Egun bera aritzen da bikoteak osatzen eta ikasi nahi dutenei erakusten. Geroztik tradizioak ez du etenik izan, eta Bedaioko ikurretako batean bihurtu da Ingurutxoa. «Urte asko daramatzat dantzatzen, eta ikusten dudana da inoiz dantzatu ez duen jendearen artean, bedaiotar sentitzearekin eta Bedaiokoa den zerbait egiteko ilusio horri», esan du Balerdik. «Gazte askok entzun izan diete bai gurasoei edo aitona-amonei, beraiek Ingurutxoa dantzatu zutela, eta gazteei sortzen zaie ar hori dantzatzeko». Balerdik gaineratu du «polita» dela jendeari eta haurrei ilusio hori dutela ikustea. «Horrek egiten du Bedaion dugun altxor bat bezala hartzea».
Aurten inoiz baino bikote gehiago izango dira, igande honetako arratsaldean, festen barruan egingo duten emanaldian. «Hogei bikote osatu dira, eta hogeitabatgarrena lotu nahian gabiltza. Agian estu samar izango gara frontoian, baina hori ikustea zoragarria izango da. Une honetan Ingurutxoak indarra du, eta saiatuko gara horri eusten».