«Zaldiek gizadiarentzako duten mezua», liburu baten bidez

Imanol Garcia Landa 2018ko ira. 6a, 12:02
Edurne Barriola, 'Si el humano supiera...'-ren aurkezpeneko kartelarekin.

'Si el humano supiera...' liburua argitaratu du Marga Navarro albaitari kataluniarrak eta larunbatean aurkeztuko du Tolosako kultur etxean.

Marga Navarro albaitari kataluniarrak Si el humano supiera... liburua aurkeztuko du larunbatean, hitzaldi baten bidez, Tolosako kultur etxean, 10:00etan. Euskal Herrian lehen aldiz egingo du bere lanaren aurkezpena, zaldien eta pertsonen arteko harremanari beste ikuspuntu bat ematen diona. Hain justu, liburuaren azalean azaltzen denez, argitalpenak «zaldien mezu bat gizadiarentzat» zabaltzen du.

Edurne Barriola tolosarra ari da hitzaldia antolatzen. Barriolak zaldien munduarekin lotura du orain dela hainbat urtetatik, eta liburua bere eskuetara iritsi zenean, animali horiekiko zuen ikuspuntua aldatu egin zitzaion. «Zaldiak hezten erakutsi zidan irakasle bat dut, kataluniarra, eta berak eman zidan liburuaren berri. Liburua erosi eta oso interesgarria iruditu zitzaidan, besteak beste, pertsona batek zaldiekin hitz egiteko ahalmena duela jakitea».

Zaldiek zabaltzeko duten mezuei dagokionez, Barriolak hainbat nabarmendu ditu: «Lehenengoa, hobeto zaindu behar ditugula. Beste bat, eta ez bakarrik zaldi zaleei zuzendua, gizakiok iparra galdu dugula: gero eta egoistagoak gara, gero eta indibidualistagoak, talde lana egiten ahaztu zaigu, gauzak maitasunik gabe egiten ditugu... Naturatik gero eta urrunago gaude, eta zer-nolako garrantzia duen horrek. Sekulako mezuak iruditzen zaizkit, nire ustez jakin badakizkigunak, baina noizbehinka norbaitek hori gogoraraztea ondo etortzen da».

Gizakien eta zaldien arteko harremanak milaka urte dituela dio Barriolak. «Behingoz beraiek esaten digute nola nahi duten tratatuak izatea. Gure ikuspuntua eman dugu beti: noiz apartatu amarengandik, noiz zikiratu... Eta orain beraiek esaten dute, eta alde horretatik oso ondo dago liburua, hainbat arlotan oso atzeratuta gaudelako».

Barriolak jendeari zaldian ibiltzen laguntzen dio eta zaldiak hezten ditu. Liburua irakurtzerakoan aldatu egin du bere lan egiteko modua: «Ni eskola zaharretik eta gogorretik nator, eta txipa aldatzen duzu, ikusten duzu sentitu egiten dutela. Nik lehenago jendeari esaten nion zaldiek ez zutela sentitzen eta indarraren bidez gauzak eginarazteko. Kontua da lagun bezala hartzen baduzu, zaldiak askoz gehiago ematen dizula».

ZALDIEKIN HITZ EGITEKO AHALMENA

Liburuan Marga Navarrok zaldiekin hitz egiteko ahalmena duela azaltzen du, eta zaldiek esan diotena jaso duela liburuan. «Berak liburuan ondo azaltzen du adibide baten bidez», dio Barriolak. «Kontatzen du emakume batek behor bat gaixo zuela, eta hilabeteak zeramatzala horrela, eta albaitari asko pasa zirela baina inork ez zuela asmatzen zer zuen behorrak. Margari deitu zion, baina albaitari moduan, ez bere ahalmen horren berri zekielako. Marga sartu zen ukuilura lau folio zurirekin eta bueltatu zen emakumeari esanez bere senarrak gaixotasun bat zuela, etxean zer beste gauza gertatu ziren azalduz, berari zer gertatu zitzaion eta behorrak zer zuen. Eta dena asmatu zuen, behorrak berak esanda». Navarrok ahalmen hori txikitatik duela dio Barriolak: «Zaldi baten ondoan jarri eta informazioa jasotzen duela azaldu du».

2016an atera zuen liburua Navarrok eta bertan zaldiekin hitz egiteko ahalmena duela azaldu zuen, publikoki, lehen aldiz. «Bere ibilbide profesionala kolokan jarri zezakeen liburua argitaratzean eta bere ahalmenari buruz hitz egiterakoan», azaldu du Barriolak. Izan ere, Marga Navarroren curriculuma ez da nolanahikoa. Albaitaritzan lizentziatua, Zientzia Enpresa ikasketetan graduatua, Medikuntza eta Animalien Kirurgian doktorea, Zaldi Klinika eta Elikaduran espezializatua, eta Homeopatia eta Medikuntza Txinatar Tradizionalean prestakuntza akademikoa du. Zazpi urtez Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ospitalean, Zaldi Unitateko Barne Medikuntzako kidea izan zen, eta egun nutrizio aholkularitzaren esparrura eta medikuntza integratzailearen esparrura zuzendu du bere profesioa.

Liburua argitaratzearekin ez zaio «pikutara joan» bere ibilbidea, esan du Barriolak. «Alderantziz, jendeak oraindik eta interes gehiago du Margak egiten duen lanean». Liburua autoedizio moduan egin du Navarrok. «Ez zuen nahi editorial batetara eraman, liburuak azaltzen duen mezua aldatzeko arriskua ikusten zuelako», esan du Barriolak. «Beraz, bere denbora librean eta pixkana egiten ari dira zabalpena, eta jendearen aldetik harrera oso ona izaten ari da». Hain justu, Barriolak zaldi zaleei ez ezik jende guztiari egiten dio gonbita aurkezpenera joateko: «Liburuan jasotako mezuak ez dira bakarrik zaldiei eta beren munduari buruz, gizadi guztiari zuzendutakoak dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!