«Urte osoa entrenatzen pasa ondoren ikasitakoa erakutsi nahi dugu»

Ataria 2018ko ira. 6a, 08:49

Lehen egunean hiru partida jokatu zituen Saioa Iparragirrek (1982, Beasain-Tolosa). Hirurak irabazi zituzten. Gustura zegoen egunarekin Ama taldeko kidea. Tolosako Hondartza Bolei Txapelketan parte hartzen duen bigarren urtea da.

Nolatan hartu duzu parte boleibol txapelketan?
Gaztetan ibilitakoa naiz, eta Tolosara etorri nintzenean, boleibolean ibiltzen zen taldetxo bat zegoela jakin nuen. Zortez ikastaro batzuk egin ziren, eta jende piloa apuntatu ginen. Horrela hasi eta ondoren txapelketan parte hartzea etorri zen.


Lehen jardunaldian hirutik hiru garaipen.
Oso pozik. Indarrak hartzeko eta motibatzeko hasiera ederra da hori.


Euskal Herria plazan jarri duten hondartzaren gainean, gauzak serio hartzen direla ikusten da.
Urte osoa entrenatzen pasatzen dugu, eta orain pixka bat erakutsi nahi dugu ikasitako guztia.

Nolako txapelketa da Tolosakoa?
Oso herrikoia eta polita. Batzuk urte osoa ibiltzen garen bezala besteak txapelketan jokatzen dute boleibolean. Herri osoko jendea dago, eta denen artean, benetan giro ederrean ibiltzen gara.


Lekua ere berezia da, herriaren erdi-erdian.
Ohituta gaude beti Ferialekuaren hormen artean ibiltzera. Handik ateratzea polita da. Ezaugarriak pixka bat aldatu egiten dira, baina herriaren indarra nabaritzea bizigarria da.


Txapelketaren ezaugarrietako bat taldeak mistoak izan behar dutela da.
Horrela da. Berdin du hiru neska eta mutil bat edo alderantziz izan, baina jokoan beti taldeak mistoa izan behar du: neska batek edo mutil batek beti jokatzen egon behar du. Mutil gehiago ikusten dira, baina neskak oso indartsu datozela esan behar da.


Zuen elastikoetan Ama izena agertzen da.
Talde bakoitzak taberna bat ordezkatzen du. Batzuk urtero ateratzen direnak dira. Taberna berriak sortu direnez, talde berriak ere atera dira aurten. Ama ateratzen den lehen aldia da.


Zer moduz hartu zuten Amakoek txapelketan parte hartzeko eskaintza?
Oso ondo. Joan orduko eman ziguten baiezkoa. Behar izan dugun guztian lagundu digute, eta beraz, esan genezake harro gaudela Ama ordezkatzearekin.


Boleibol txapelketari zer eskatzen diozu; zein da zuen helburua?
Gozatzea. Azkenean ia denak, denak ez esateagatik, hemen lagunak gara. Elkarrekin ondo pasatzea da helburua. Gero emaitzak daude. Geroz eta aurrerago geratu, orduan eta motibazio handiagoa izaten da. Poza ere bai.


Larunbatean,  azken jardunaldian egotea polita litzateke. Ez da erraza izango.
Hemen gauden guztiok larunbatean egon nahiko genuke. Denontzat ez da lekurik egongo, ordea. Gu behintzat saiatuko gara azken egunera iristen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!