Gudari kaleko obren hirugarren faseari astelehenean ekingo diote

Tolosaldeko Ataria 2018ko irailaren 5a

Zezen plazatik Samaniego kaleko bidegurutzerainoko zatia eraberrituko dute, eta azaroko lehenengo astera bitarte ariko dira hirugarren fasean; trafiko aldaketak izango dira inguru horretan.

Ekainaren hasi zen Gudari kalea berrurbanizatzeko obra, eta astelehenean hirugarren zatia martxan izango da: Oria kaleko bidegurutzetik Samaniego kaleko bidegurutzerainokoa. Lanek bost zati izango dituzte, guztira, eta abenduan amaitzea aurreikusi dute.

Esku-hartzeak trafiko aldaketa zenbait sortuko ditu inguru horretan eta, horrela, irailaren 10ean, 08:00etatik aurrera, zezen plazatik Lizardi plazarainoko bidea itxita izango da; Tolosako Udalak iragarri du, bi hilabetez itxita izango dela bidea, edo bidearen zati bat.

Bestalde, Zumalakarregi pasealekuko zati batean – zezen plazatik Lizardi plazarako zatian– norabidea aldatuko dute. Horrela, honakoa izango da sarbide berria: Oria kalea - zaldi patioa - Lizardi plaza - Foruen etorbidea.

Behin hirugarren fasea amaituta, azken bi zatietan Lizardi plazako ingurua eta Zumalakarregi eta Laskorain kaleko ingurua eraberrituko dituzte. Obrak, guztira, 647.663 euroko aurrekontua izango du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!