Fronton eraikina ustiatzeko aukera

Ataria 2018ko irailaren 5a

Udalak Fronton eraikina ustiatzeko proposamenak aurkezteko epea zabaldu du eta irailaren 17ra arte egongo da zabalik.

Kontzesioa 30 urtetarako izango da eta alde batetik, kafetegia ustiatu ahal izango da eta jatetxea, bestetik.

Ustiatzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte; besteak beste, gutxienez 10 langile izan beharko dituzte, euskara eta berdintasun irizpideak bete beharko dituzte, ardatza euskal sukaldaritza izan beharko da, sasoiko eta kalitatezko produktuak erabili beharko dira gutxienez %50ean eta urte osoan egon behar da zabalik. Astean egun bateko atsedena hartzeko aukera izango da.

Eraberritzeei dagokienez, kanpoaldea eta barrualdea bereizi behar dira. Kanpoaldea udalaren ardura da eta barrualdea, aldiz, esleipendunarena. Udalak 500.000 euro bideratu ditu hasi berri diren eraberritze lanak egiteko.

Zehazki, teilatua eta fatxada berrituko ditu eta irisgarritasuna bermatzeko maldak eta igogailua jarriko ditu. Lanak azaroan bukatuko dira.

BARRUALDEKO LANAK

Barrualdeari dagokionez, lanak bi zerbitzuen esleipendunek egin beharko dituztela argitu du udalak.

Kafetegian egin beharreko lanak aurre proiektutik eratortzen den kostua 769.450 euro da. Urteko lokalaren balioaren %3ko kanona ordaindu beharko dute tabernaren ustiatzaileek, 14.953 euro, 1.246 euro hilean.

Jatetxearen kasuan aurre proiektuaren arabera, 402.037 euroko inbertsioa egin behar da. Horrek ere, urteko lokalaren balioaren %3ko kanona ordaindu beharko du, 10.340,90 euro, 862 euro hilean.

Baldintza guztiak www.tolosa.eus webgunean ikusi daitezke edota Tolosako Udaleko Obra eta Zerbitzuek sailean eskatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!