Ikasturtea literaturaz janzteko prest da Tolosa

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 5a, 10:15

Ipuin txokoak nahiz helduen literatur tailerrek jarraipena izango dute hasi berri den ikasturtean.

Tolosako heldu eta haur liburutegiek "indarberrituta" ekin diote ikasturte berriari. Iazko egitasmo arrakastatsuenei heldu eta jarraipena emango diote eta, horrenbestez, haur liburutegiko ipuin txokoa nahiz Munduko Emakumeen Literatur tailerra martxan izango dira laster. 2017-2018 ikasturtean, heldu eta haur liburutegiek 17.000 eta 20.000 bisita izan zituzten, hurrenez hurren, eta literatur zaletasuna sustatzen jarraitzeko proposamenak mamitu dituzte ikasturte berrirako ere.

Ohi bezala, helduen liburutegia 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 20:00etara izango da, zabalik, astelehenetik ostiralera; haurrena, berriz, 17:00etatik 20:00etara bitarte zabalduko dute, astegunetan.

Biek ala biek erabiltzaileen eskura jarriko dute, hilero, nobedadeen zerrenda eta liburuen iradokizun sorta, bai liburutegian bertan, bai sare sozialetan. Horren harira, aipatzekoa da Instagramen kontua ireki dutela, bi liburutegian jarduna sarean partekatzeko: @tolosakoliburutegia da kontua.

Ohiko liburu mailegatzeekin nahiz ikasteko espazioarekin batera, Tolosako helduen liburutegiko irakurketa kluba urriaren 16an hasiko da. Pedro Mairalen La Uruguaya izango dute aztergai, eta hilean behin elkartuko dira; urtarriletik aurrera, euskarazko liburuak izango dituzte aztergai. Monica Leiva eta Joseba Larratxe izango dira taldearen arduradunak, eta izen-ematerik ez da egin beharko.

Bide beretik, Tolosako Jabetze Eskolako literatur taldeak ere martxan jarraituko du: iazko jarduera arrakastatsuena izan zen helduen liburutegian, eta 20 emakume elkartu ziren hitzordu bakoitzean. Datorren urriaren 10ean egingo dute lehen saioa, eta Virgine Despentesen King Kong Teoria izango dute hizpide. berdintasuna@tolosa.eus helbidean eman beharko da izena aurrez.

Ipuin txokoa, urriaren 4tik aurrera

Haurrentzako eskaintzan, berriz, ipuin txokoak izan zuen, joan den ikasturtean, harrerarik beroena. 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzako hitzorduak urriarne 4an hasiko dira, berriro.

Horrekin batera, ikastetxeentzako bisita gidatuak nahiz 8 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat Itsaspeko bihotzak areto literarioa ere antolatuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!