«Beti saiatu behar da ahalik eta hobekien lehiatzen, eta neskek egin dute; meritu guztia beraiena da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko ira. 4a, 11:30

Kike Mocoroa eta Aitor Oyarzabal. JOSU ARTUTXA

Kike Mokoroa eta Aitor Oyarzabal TAKeko ordezkariak pozik taldearen emaitzarekin: "Aurten lortu duguna izugarria da, ezin da gehiago eskatu".

Beste inork jarri ez duen giroa jarri duzue arrapalan. 

Hori dauka Tolosaldeak. Eskualdean inauteriek eta umoreak pisu handia dute, eta hori hemen islatu nahi izan dugu. Gure artean laguntasun handia dago eta denak pozik ikusten dira; ospakizunetan. Lortu duguna izugarria da, gehiago ezin da eskatu. Oraindik bigarren igandea geratzen da, eta gero, hurrengo urterako prestatzea. Ea lorpenak errepikatzeko aukera dugun. Baina oraingoz, lortutakoaz gozatzea egokitzen zaigu.

Lehen igandea horrelakoa izan bada, pentsa bigarrena.

Bai, bai. Hala ere, lan handia egin dugu guzti honen aurretik, eta helburu nagusia ostegunean lortu zen: Kontxako Banderaren lehian sartzea. Bi jardunaldi hauek sari bezala hartu behar dira. Alabaina, beti saiatu behar da ahalik eta hobekien lehiatzen, eta neskek egin dute; meritu guztia beraiena da. Gu laguntzeko gaude hemen. Jendea Tolosaldearekin dago, eta bi egunetan hori ikusi da Donostiako portu inguruan.

Izan ere, jendearen erantzuna, ostegunean nahiz gaur, txapela kentzeko modukoa.

Jendearena, Tolosaldea guztiarena, 28 herriena, babesleena, Zarautzeko Arraun Elkartearena… ez dago hitzik denei eskerrak emateko. Aurten lortu duguna izugarria da, ezin da gehiago eskatu.

Estropada nola ikusi duzue; gakoa ziabogan egon da, ezta?

Oso ondo joan dira, eusten. Ziabogan, kasualitatez, bi olaturen arteko zuloan geratu dira. Kosta egin zaie ateratzea, horrek indar handia egitea eskatzen duelako. Olatu batetik bestera 10-12 segundo baldin bazeuden, bigarren olatu hori iritsi arte hor gelditu dira. Hala eta guztiz ere, itzuleran, Hibaika eta Kaiku ez dituzte urrun izan; aldea azken momentuan atera diete. Oso ondo lehiatu dira eta hurrengo igandean, besteen aurretik ibiltzea ez litzateke arraroa izango. ETE ligan traineru hauen arteko aldea ez da handia, eta gaur aurkako suertatu zaiena hurrengoan alde izan lezakete, akats batengatik, edo kale zozketari esker.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!