«Egia da ziabogatik irtetea kosta egin zaigula, asko gainera»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko ira. 4a, 09:42

Irati Hernandez, Saioa Txapartegi eta Ane Sanchez. JOSU ARTUTXA

Irati Hernandez, Saioa Txapartegi eta Ane Sanchez Tolosaldeako arraunlarien sentsazioak Kontxako estropada amaituta.

Emaitzak emaitza, ikuskizuna ekarri du Tolosaldeak.

Aurreikuspen guztiak erabat gainditu genituen ostegunean. Hemen egote hutsarekin gure helburuak gauzatuta zeuden. Nahikoa egin dugu sartzearekin. Azken postuan amaitu dugu, baina gertatzen zena gertatzen zela, berdin ospatuko genuen. Zer egin behar dugu bada? Gustura gaude egindakoarekin. Lehorreko giroa, berriz, ikusgarria izan da. Hona heldu garenean esan digute txaranga eta guzti etorri direla zaletuak, baina ez genuen horrelakorik espero.

Itsasora irten aurretik kontzentratuta zeundeten; hori nabari zen zuen aurpegietan.

Oso kontzentratuta geunden. Lehiatzera irten aurretik, horrela egotea ezinbestekoa da guretzat. Estropadan erabat sartuta ez bazaude, tontotuta bezala ateratzen zara, egin beharreko lanean zentratuta egon gabe.

Estropadan, Kaiku eta Hibaikarekin borrokan egon zarete. Ziabogan, ordea, 3-4 segundo galdu dituzue.

Irteeran denbora dezente egon gara zain eta giharrak kargatuta bezala sentitzen genituen estropada guztian zehar. Biekin batera ibili gara itzuleran uhartera iritsi arte; barean alde egin digute. Egia da ziabogatik ateratzea kosta egin zaigula, asko gainera. Bi olaturen artean trabatuta geratu gara, zulo baten barruan egongo bagina bezala, irten ezinik. Gero, olatuekin ez genuen asmatzen, eta estropada amaiera zaila izan da guretzat. Burua galduta ibili gara azkenean, palada gehiegi emanez.

Ostegunean baino denbora dezente hobea egin duzue. 

Itsasoaren baldintzak aldatu egin direlako. Olatu askorekin aurkitzen garenean, ez gara izugarrizko arraunlariak, baina gero eta hobeto moldatzen gara. Zortez, gaur ez da olatu askorik izan. 

Beste igande bat geratzen da oraindik. Zer egingo duzue?

Gaur bezala, arraunean egitera irtengo gara. Hurrengoa ziur estropada hobea izango dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!