Urre zaporeko bigarren postua

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 28a, 11:20

Argazkia: Leo Zhukov

Val Di Solen jokatutako Munduko Kopako bigarren proban, zilarrezko domina lortu zuen tolosarrak, nahiz eta lehenarekin berdinduta amaitu. Oin , zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuen. Sailkapen nagusian, hirugarren da orain.

Afizioz, Tolosako txoko desberdinetan banku nahiz bestelako zenbait oztopo gainditzen, eta gainetik jauzika hasi zen Irene Caminos. Gerora, ordea, bike trialak bestelako mundu batera jauzi egiteko aukera eskaini zion. Iazko munduko txapelketan, brontzezko domina eskuratzea lortu zuen. 2016an, gainera, Gipuzkoako nahiz Euskal Herriko txapeldun izatea lortu zuen, eta pasa den urtean, zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuen Espainiako txapelketan. Aurten, Espainiako txapeldun izan zen, ekainean.

Igandean iritsi zen bi hamarkadetara. Beste urrezko domina bat zaporeztatzera gutxigatik heldu ez zen egun berean bete zituen hogei urte. Hortaz, argi dago kirolari tolosarra, urteak betetzen ari den bitartean, markak hobetzen ari dela, podiumeko koskak igotzen doala.

Asteburu honetan, Italiako Val Di Sole inguruko Bikeland gunean jokatu da Munduko Kopako bigarren proba. Larunbatean, finalerdia jokatu zuten, eta bertan, hirugarren izan zen Caminos. Finalera, 6 txirrindulari soilik sailkatzen ziren; beraz, hasieratik aritu ziren 15 emakumezkoetatik, 9 geratu ziren kanpoan. Finalerdietan "oso ondo" sentitu zela aitortu du Caminosek; "hasieratik oso lasai hasi nintzen eta dena pentsatua nuen bezala irten zen".

Igandeko finalean, berriz, oztopo desberdinez osatutako bost erronda gainditu behar zituzten. "Lehen aldiz oztopoetako guneak ikustera joan nintzenean asko gustatu zitzaizkidan eta banekien behar bezala eginez gero, posible izango zela podiumeko postuetan egotea. Bestalde, jakitun nintzen, akats txiki bategatik, lehen hiru postuetatik kanpo geratzeko aukera handiak nituela".

Erronda bakoitzean, bost zigor egin zitezkeen gehienez. Azkenean, Nina Reichenbach alemaniarra izan zen onena, 5 punturekin. Caminosek ere puntu kopuru berarekin amaitu zuen, nahiz eta bost errondetatik lautan egin zituen zigorrak, (1-1-1-0-2), eta garaileak, berriz, hirutan (0-1-1-0-3). "Bosgarren gunean nengoela, bigarren nindoan sailkapenean, lehenak oraindik ez zuelako gune hura igaro. Hirugarrena atzetik nuen, bi puntutara. Orduan, oin bat lurrean jarri nuen urrats bat aseguratu ahal izateko, eta penalizazio horregatik amaitu nuen bigarren".

Alemaniar gazteari irabaztea "oso zaila" dela aitortzen du tolosarrak. Hala ere, pixkanaka hurbiltzen doala, eta ezer ez dela ezinezkoa ere nabarmentzen du. "Austrian, berarekin berdindu nuen finalerdietan, bigarren sailkatuz, eta igandeko finalean ere berarekin berdintzera heldu nintzen".

Arriskatu eta guztia ondo irten ezkero, agian, urrezko dominaz hitz egiten ariko ginateke. Alabaina, "oso pozik nago, aurreneko proban podiumeko postuetatik gertu ibili nintzelako, eta orain arantza hori kendu ahal izan dudalako". Hain justu, podiuma osatu zuena, Alba Hidalgo kataluniarra izan zen, sei punturekin (0-3-1-0-2). Ondorioz, akats bategatik, baina, Caminosek ezin izan zuen podiumeko gorengo postura igo.

Ondorioz, Tolosako txirrindulari gaztea, hirugarren jarri da sailkapen nagusian, eta horrela, uztailean Austrian jokatu zen lehen probako bosgarren postuak utzitako zapore gazia goxatu ahal izan du. "Austriako proban oso urduri hasi nintzen, eta horrek, errazak ziruditen bi gunetan, oinak lurrean bost aldiz jartzera eraman ninduen. Italian, berriz, hasieratik nengoen lasai eta dena aurreikusi bezala joan zen".

Datozen bi hilabeteetan, Munduko Kopako beste bi probak jokatuko dituzte. Lehena, irailaren 22an eta 23an Antwerpen (Belgika); eta bigarrena, urriaren 13an eta 14an Berlinen (Alemania). "Helburua Munduko Kopako sailkapen nagusiko podiumean egotea da"

Munduko Kopako sailkapen nagusia:

1. Nina Reichenbach: 200 (1) / 200 (1) = 400 puntu.

2. Alba Hidalgo: 140 (3) / 140 (3) = 280 p.

3. Irene Caminos: 110 (5) / 160 (2) = 270 p.

4. Nadine Kamark: 160 (2) / 95 (7) = 255 p.

5. Manon Basseville: 125 (4) / 125 (4) = 250 p.

6. Alzbeta Pecinkova: 100 (6) / 110 (5) = 210 p.

 

Argazkiak: Leo Zhukov

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!