Carlos Peñak erronka berri bat gainditu du

Tolosaldeko Ataria 2018ko abu. 21a, 17:52
Carlos Peña igerilari tolosarra, ondoan izan dituen laguntzaileez inguratuta. Argazkia: DameTVision

Munduko errekor bat hautsi du igerilari tolosarrak, Donostiako Urumea ibaian. Betaurreko berezi batzuekin aritu da, 24 orduz eta bizkarrez, erretinosi pigmentarioaren aurkako borrokan diharduen eragile bati laguntzeko.

Carlos Peña igerilari tolosarrak, erronka berri bati ekin zion, atzo, arratsaldeko 16:30ean, Donostiako Urumea ibaian. “Itzali argia eta igeri egin” lelopean egindako proban, egun oso batez igerian aritu beharko zuenez, duela ordubete inguru amaitu du. Horrela, munduko errekor bat hautsi du, 24 orduz, geratu gabe, eta ikusmena apur bat galduta aritu delako igerian.

Irabazi asmorik gabeko DameTVision kultur elkarteari eskaini dio proba Peñak. Eragile honek, erretinosi pigmentarioaren aurkako borrokan dihardu. Gaitz larri honek, ikusmena guztiz galtzeko arriskua ekar dezake. Hori dela eta, Carlos Peñak ere borroka horrekin bat egitea erabaki du, erronka berri honetan, ikusmen urritasuna duten pertsonen azalean jarriz.

Hori dela eta, betaurreko berezi batzuekin egin du igeri tolosarrak, ekintza honetarako bereziki moldatuak izan direnak. Beti izan duen ikuspegia, erabat aldatu zaio, ez zuelako ia ezer ikusten (oso gutxi behintzat), eta gauez, are gutxiago. Gainera, gaitz honek eragin ditzakeen ondorioak sufritzeko arriskua izan du. Hala ere, guztia arazorik gabe joan da, eta onik amaitzea lortu du. Ibilbide guztian zehar, DYA-ko kideek eta piraguista talde batek lagundu diote.

Argazkiak: Gipuzkoa Kirolak

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!