Elkarte bat baino gehiago

Tolosaldeko Ataria 2018ko abu. 17a, 10:28
1944ko Urdina Txiki futbol taldea. TOLOSA CF

Tolosako Urdina Txiki elkarteak, Gipuzkoa mailan lehiatzera iritsi zen futbol talde bat izan zuen. Talde hura, 1943an sortu zen, eta diamantezko ezteiak betetzen diren honetan, futbol partida berezi bat jokatuko da, bihar, Berazubiko futbol zelaian.

75 urtek, askotarako eman dezakete. Urdina-Txiki Kirol Taldea, Urdina Txiki Elkartea bezala ezagunagoa, 1943an, Tolosan antolatu zen txapelketa batean hasi zen, futbol talde bat bezala, bere lehen urratsak ematen. Ofizialki, baina, urte bereko abenduaren 5ean sortu zen taldea, Manuel Goicoechea lehendakari zuela.

Orduz geroztik, bertan aritutako jokalarien zerrenda luzea da, eta asko, Tolosa CF-eko lehen taldera ere iritsi ziren bertatik. Horrez gain, Estatu mailan nahiz nazioartean jokatzera ere heldu zen bakarren bat; besteak beste, Periko Alonso, Xabi eta Mikel Alonsoren aita. Bestetik, 1972-1973 denboraldian, Jubenil kategoriako bigarren mailan, Gipuzkoako txapeldun izan zen Tolosako taldea.

Guzti hori dela eta, taldea sortu zela 75 urte betetzen direnean, omenaldi berezi bat egin nahi izan dio, Tolosa CF-k. Izan ere, bihar arratsaldean, futbol partida berezi bat jokatuko dute, Berazubiko futbol zelaian, Nazional mailan ariko den klubeko jubenil taldeak, eta maila bereko Azpeitiko Lagun Onak taldeek. 11:00etan hasiko da partidak, herriko jubenil mailako futbolarekin lotura estua izan duen Urdina Txiki elkarteari, eskerrak emateko balioko du.

Bazkideen ezohiko batzarra

Tolosa CF-tik, bestalde, ezohiko batzar orokor bat ospatuko denaren deialdia zabaldu nahi diete bazkideei. Bilkura, irailaren 3an izango da, kultur etxeko areto nagusian. Lehen deialdia, 19:00etan izango da, eta bigarrena, berriz, 19:30ean. Bertan, besteak beste, Berazubi futbol zelaiaren moldaketen inguruan, 2011ko martxoaren 31n, klubak, Tolosako Udalak eta Miguel Muñoa Fundazio Ongile Partikularrak sinatuko hitzarmenean aldaketak egingo dira, bazkideek hala nahi izanez gero behintzat. Amaieran, galderen eta eskarien txanda helduko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!