«Gure bizitzako gaurik gogorrena igaro genuen»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 10a, 16:14

Igande iluntzean, Indonesiako Lombok uhartearen iparraldean lurrikara indartsu bat gertatu zen, Richter eskalan 7 gradu markatu zituena. Ion eta Nerea, irlaren hegoaldean aurkitzen ziren, halako batean lurra mugitzen zela ohartu zirenean. Hala ere, lurrikararena ez zen bertatik alde egiteko arrazoi bakarra izan.

Azken asteetan, Indonesiako zenbait lekutan lurrikara indartsuak izan dira; hildakoen zifrak 400eko langa igaro du jada, eta poliziak, desagertuta dauden pertsonen bila jarraitzen du oraindik. Horietako fenomeno batek, indartsuenak alegia, Lombok uhartearen iparraldea erabat suntsitu zuen, eta Tolosako bi gaztek, hegoaldean bazeuden ere, mugimendu horren eragina bizi ahal izan zuten, zuzen-zuzenean. Ion Lanceta Barandiaranek (1988, Tolosa) eta Nerea Egibar Pagolak (1988, Tolosa), lurrikararen ondoren, tsunami baten arriskua zela eta, itsasotik olatu erraldoi bat gerturatuz gero, segundo batzuen buruan, bizirik egotetik hilda egotera igaro ahalko zirela aitortzen dute. Gaur, ordea, herrian zeuden, sekulako zortea izan ondoren, guztia kontatzeko ahalmen handiarekin.

Garrantzitsuena, zer moduz zaudete?

N. E.: Orain, hemen gaudela, lasai. Aurten, gainera, inoiz baino gogo handiagoa genuen oporraldia amaitzeko. Izan ere, beste urteetan, joan garen lekura joan garela, itzultzeko gogorik gabe egoten ginen, baina duela lau egun, hemen egotea zen desio genuen gauza bakarra.

I. L.: Susto galanta izan zen. Lurrikararen unean, bertan geratuko ginela pentsatzen genuen, baina, orain jada bestelako sentsatzio eta gorputzaldi bat daukagu. Jakartara joan ginenean ere, ez geunden guztiz lasaituta, baina atzo hona iritsitakoan beldurrak pixkanaka aldentzen joan ziren.

Lehenago gertatu al zitzaizuen antzeko fenomeno metereologikoren batean harrapatuta egotea?

N. E.: Ez. Hau lehenengo aldia izan da biontzat. Asiako beste herrialde batzuetara joan izan gara oporretan, baina inoiz ez zaigu horrelakorik egokitu. 

Azken asteetan lurrikara bat baino gehiago izan dira Indonesian. Zuek, hain zuzen, indartsuenak harrapatu zintuzten, Lombok uhartekoak, Richter eskalan 7 gradu markatu zituenak. Han bertan, nolakoa izan zen?

N. E.: Uztaila amaieran, Tolosan geundela, beste bat gertatu zen Lomboken bertan. Behin Indonesiara joanda, gurasoek ea uharte horretara joan behar genuen galdetzen zidaten. Nik amari lasai egoteko esaten nion, iparraldean gertatu zela, eta gu hegoaldera gindoazela. Egia esateko, gu, guzti horregatik, oso lasai geunden.

Han geundela, ordea, beste lurrikara bat gertatu zela ohartu ginen. Iparraldean izan zuen epizentroa, eta aurrekoa baino indartsuagoa zen gainera. Gu, berriz, hegoaldean geunden. Baina, okerrena ez zen hori izan, zeren eta tsunami bat gertatzeko arriskuaz ohartarazi gintuztenean, beldur ikaragarria sentitu genuen.

I. L.: Lurrikara batean, azkenean, gauzak asko mugitzen direla ohartzen zara; baina arrisku sentsazioa askoz txikiagoa da epizentrotik urrun zaudenean. Gu, taberna batean geunden eserita, bertan afaltzeko intentzioarekin.

N. E.: Banbuzko kainaberekin egindakoa zen, segurtasun gutxi ematen zuena. Eskerrak lurrikara iparraldean izan zela, bestela taberna guztia hankaz gora botako zuen. Hortaz, zoritxarraren barruan, zorte handia ere izan genuen.

Eta, tabernan bertan zeundetela hasi zen eromena?

N. E.: Hori da. Oso lasai geunden, zerbait hartzen. Bat-batean gauzak mugitzen ari zirenaren sentsazioa genuen: aulkiak, mahaiak… Ingurukoei begira jarri ginenean, erreakzioak ikusita, segituan ohartu ginen lurrikara bat zela.

I. L.: Ate ondoan geunden, eta berehala atera ginen kanpora. Zuzenean errepidera atera ginen, bertan ez dagoelako espaloirik. Eta hasiera batean, hor geratu ginen, segurtasun apur bat bilatu nahian; izan ere, ez genuen zerbait gainera eroriko zitzaigunaren arrisku hori.

N. E.: Jende ugari zegoen horrela. Eta halako batean, Berriro beste lurrikara txiki bat gertatu zen. Asfaltoa mugitu egiten zela sentitu genuen. Hori sentsazio txarra!

I. L.: Ezker-eskubi mugitzen zen, alde batera eta bestera, asko gainera.

N. E.: Oso egoera arrotza izan zen guretzat gu eusten gintuen lur zati hura mugitzen hastea. Orduan galdetzen nion neure buruari: “Zertan geratuko da hau?”. Ingurura begira jarri nintzenean, guztia ondo zegoela eta ezer ez zela erori ikusi nuen. Ion, hala ere, oso urduri zegoen. “Zer egingo dugu?”, galdetzen zidan berak. Nik, lasai egoteko eta bertan geratuko ginela erantzun nion, okerrena jada pasa zela esanez. Hala ere, orduan heldu zen unerik kaotikoena. Bertako biztanle asko, motoa hartu eta alde egiten hasi ziren, guztiak gainera norantza berdinean. Iparralderako bidea hartu zuten. Guk ez genuen ezer ulertzen.

I. L.: Bertan zeuden turistei ere galdetzen genien ea zer gertatzen zen, eta ea bazekiten nora zioazen bertakoak.

N. E.: Ez zekitela erantzuten ziguten denek. Gu, orduan, lasterka hasi ginen, motoei jarraituz, ezjakintasun osoz, zerbait egiteagatik. Halako batean, turista batek, tsunami bat gertatzeko arriskua zegoela esan zigun.

Hegoaldean egonda, tsunami arriskuagatik, iparraldera jo behar zenuten, lurrikararen epizentro aldera.

N. E.: Bai. Jendeak barrualderako bidea hartu zuen, mendian gora joateko. Noski, hasieran uste genuen lurrikara txiki bat gertatu zela eta listo, aurreko aldian bezala. Baina, kasu honetan, indartsuagoa izan zenez, tsunami arriskua ere handiagoa zen.

I. L.: Hortaz, lasterka jarraitu genuen, oraindik azkarrago. Ziztu bizian gindoazen, eta txankletak ere kendu behar izan genituen, eta oinutsik jarraitu.

N. E.: Autoak, kamioiak, motoak, lasterka zioan jendea… guztiak batera gindoazen.

I. L.: Ni, lurrera bota ninduten gainera. Bi belaunetan urratu txikiak ditut ordutik. Kolpe handia jaso nuen.

N. E.: Momentu batez, korrika ezin genuela jarraitu, eta garraiobide bat hartu behar genuela pentsatu genuen.

I. L.: “Olatua etortzen bada, harrapatu egingo gaitu”, esaten nion nik Nereari. Orduan, errepide erdian jarri nintzen, guztiei geratzeko eskatuz.

N. E.: “Lagundu, mesedez!”, oihukatzen genien guztiei. Eta, halako batean, Ionek bertako mutil bati eskutik heldu zion, eramateko eskatuz.

I. L.: Bera motoan zioan, eta biok bertan eramango gintuela esan zigun. Hortaz, hirurak, nola hala joan ginen bere scouter txikian mendi aldera.

N. E.: Oso jatorra izan zen.

Eta une horretan, zein zen errepideko egoera?

N. E.: Kaosa zen nagusi. Guztiak pilatuta gindoazen, eta motoak tartean ere sartzen ziren. Istripu bat gertatuko zenaren beldurrez gindoazen, baina lehenago ere ohartu ginen gidatzeko abilezia handia zutela, eta beraz, harrigarria zen bertan ikusten zena. Orduan, ordea, ez genekien nora gindoazen. Ionek gidariari galdetzen zion ea zer egin behar genuen.

I. L.: Une horretan informazio-falta handia somatzen genuen. Ez genekien zein zen aukera onena, edo geldirik geratzea, edo aurrerantz jarraitzea.

Tsunami baten arriskua zegoela entzutean…

N. E.: Atzetik olatu erraldoi bat zetorrela pentsatzen genuen. Bazetorrela, eta bertan irentsiko gintuela.

I. L.: Sentsazioa izatea soilik gutxi ez, eta bertakoek, gainera, itsasoan zerbait ikusi zutenaren keinua egiten zuten, zerbait altxatzen ariko balitz bezala.

N. E.: Gogoan ditut beraien kezka aurpegiak. Atzera begiratzen zuten, behin eta berriz, larrituta. Haiek hala ikustean, gu are gehiago kezkatu ginen. Bertakoak jada oso beldurtuta badaude, zu orduan eta izutuago zaude, okerrago. Gainera, bertara joan eta segituan konturatu ginen indonesiarrak oso lasaiak direla. Orduan, beraiek tentsio handiarekin ikusten genituenean, atzetik ura etorriko zela eta bertan hilko ginela pentsatzen genuen.

I. L.: Mendian gora motoan gindoazenean, jendea errepide bazterrean geldirik zegoela ikusten zen. Orduan, nik, ea ondo gindoazen galdetu nion gidariari, eta berak baietz. Geldirik zeudenak “no petroil!”, oihukatzen zuten. Guk gurearekin jarraitu genuen, eta hartu gintuen indonesiarrak esan zigun onena bere etxera eramatea izango zela. Mendia pasa eta segituan zegoen, kostaldetik 10 bat kilometrotara.

N. E.: Nik, orduan, distantzia hori ea nahikoa ote zen galdetzen nion, oraindik ere olatu erraldoi bat agertuko zenaren beldurrez. Nahigabe izan bazen ere, zortea izan genuen iparraldera ez joatearekin.

I. L.: Eta etxe horretan bertan igaro genuen gaua, bertako familiarekin. Egurrezko etxe rustiko bat zen, dotorea. Oso ondo portatu ziren gurekin.

N. E.: Afaltzen ere eman ziguten, arroza nahiz arrautza frijituak eskainiz. Gure aurpegietan, ordea, oraindik kezka nagusitzen zen. Bertakoek, baina, behin eta berriz, lasai egoteko esaten ziguten.

 

 

Bertako norbaiten etxean egotean, behintzat, beste sentsazio bat izango zenuten.

N. E.: Bai, bai. Babesean geundenaren sentsazioa bagenuen, baina kezkatuta jarraitzen genuen tsunamia zela eta. Lurrikararen eraginagatik, eta tsunamiaren beldurragatik, gure bizitzako gaurik okerrena igaro genuen.

I. L.: Horrelakoetan gertatzen den bezala, gainera, gose handirik ere ez genuen, tentsio guzti hori bizi ondoren. Hala ere, errespetuagatik, zerbitzatu zigutena jan genuen. Gauean, gainera, lurrikararen sei edo zazpi erreplika ere izan ziren, eta nahiz eta txikiak izan, segurtasunagatik ezinbestekoa zen kanpora irtetea.

N. E.: Beraiek, gainera, lurrikarekin ohituta zeudela ikusten zen.

Baina, turista batentzat lehen aldia denean…

I. L.: Izugarria da. Motoan gindoazela, gidariari ere galdetu nion ea lehenago antzeko lurrikararik izan zuten. Berak, txikiak baietz, baina horrelakorik inoiz ez zutela bizi esan zidan; lehen aldia zela.

Nolakoa izan zen biharamuna?

I. L.: Etxe hartan gaua pasa ondoren, hotelera itzuli behar genuen, dokumentazio pertsonalak nahiz maletak bertan genituelako. Bertatik alde egiteko ezinbestekoak ziren horiek.

N. E.: Lehenago baina, gosaltzen ere eman ziguten, eta oso jatorrak izan ziren gurekin. Pentsa, hoteleraino ere berak eraman gintuen! Ionek beldur apur batekin jarraitzen zuen. Nik, gauean erreplikak izan ondoren, okerrena pasa zela, eta berriro antzeko ezer ez zela gertatuko esaten nion. Berak, maleta oso bizkor egin eta ahalik eta azkarren aterako ginela esaten zidan. Nik, nire lasaitasunari helduz, gauzak prestatu aurretik, komunera joan nintzen. Bertan, ordea, tazako ura mugitu egiten zela konturatu nintzen. Lurrikara berri bat.

I. L.: Nik, “Nerea, goazen kapora!”, oihukatzen nion logelatik.

N. E.: Motxila hartu, eta behera joan ginen, lasterka. Ez dakit gelako gauza guztiak hartzera ere heldu ote ginen.

I. L.: Harreran giltzak eta guzti bota genituen presak jota, guztia ordaindu eta alde egiteko gogo handia genuelako. Kanpora ateratzean, “Taxi! Taxi!”, garrasika hasi ginen, eta azkenean, korear batzuekin joan ginen aireportura. 

Berez, noiz arte zenuten pentsatuta bertan egotea?

N. E.: Gure kasuan, aurreikusitako datak bete genituen. Gainera, zorte apur bat ere izan genuen, Ionek pasaportea galdu zuelako bertan. 

I. L.: Pasaportea galdu ezean, hilaren 7an (asteartea) itzuliko ginen Jakartara, bertan gaua pasa eta asteazkenean hona itzultzeko. Kasu honetan, ordea, paper kontuak egin behar genituela eta, astelehen arratsaldera (hilak 6) aurreratu ahal izan genuen hegaldia.

N. E.: Hori dela eta, Lombok uhartean egun bat gutxiago igaro genuen. Pena handia izan zen, toki politena iruditu zitzaigulako Lombok. Hala ere, eskerrak! Horrela, lurrikara gertatu eta hurrengo egunean itzuli ahal izan ginen hiriburura. Galdu ez balu, beste egun batez egon beharko genukeen uhartean. Une horretan, gainera, hegaldiekin nahasmen handia zegoen.

Aireportuan ere, beraz, jendetza eta kaosa berriro, ezta?

N. E.: Izugarria, bai. Jende askok pasa zuen igande gaua bertan. Iritsi ginenean, turistez nahiz bertakoez beteta zegoen.

I. L.: Guztiek asmo bakarra zuten: alde egitea. Baina, hegaldirako txartelak erosten saiatzen zirenek, bost egunetarako hegaldi guztiak erreserbatuta zeudela entzun behar izaten zuten. Gu ere saiatu ginen internet bidez, nire arrebarekin kontaktuan jarriz, Jakartarako beste hegaldi bat hartzen, lehenago joango zena. Berak, eguerdian bat zegoela esandakoan, berehala eskatu nion guretzako txartelak hartzeko. Gainera, bertan, herrialde barruko hegaldiak nahiko merkeak izan ohi dira. Hala ere, prezioak sekulako abiadan ari ziren igotzen. Minuturo ia ehun euro garestiagoa zen txartela, eta orrialdeak ere ez zuen behar bezala funtzionatzen. Hortaz, ezinezkoa izan zen ideia hori gauzatzea.

N. E.: Aireportuan, batzuei eta besteei entzunda, hegaldien prezioak 3.000 eurotaraino igo zirela ere ohartu ginen.

I. L.: Azkenik, hiriburura iritsi ginenean, pasaportea galdu zitzaildalako salaketa bat jarri behar izan nuen.

N. E.: Enbaxadako kidearekin ere zorte handia izan genuen, oso sentikor zegoelako bera, eta gauzak egitea errazagoa izan zen.

I. L.: Egun bat ere igaro genuen Jakartan. Jada lasaitasun apur batekin.

N. E.: Oso lasai ere ez geunden. Izan ere, edozein unetan edozer mugitzen zenaren sentsazioa genuen. Anekdota bitxi bat ere gertatu zitzaigun. Afaltzen ari ginenean, mugimendua somatu genuen biok, eta une berean, kanpoan zeuden bi gizon lasterka hasi ziren. Orduan, sekulako sustoa hartu genuen biok. Hala ere, moto gidari batek istripu txiki bat izan zuen, eta laguntzera joan ziren biak. Ezerezean geratu zen guztia.

Lurrikara baten parte zarenean, beldur hori leku guztietara eramango duzu, ezta?

N. E.: Erabat. Bai beldurra, baita tentsioa ere.

I. L.: Aireportuan ere, maletak fakturatzerako garaian, jendea oso urduri zegoen. Bultza egiten gintuzten. Toki hark, gainera, sabaia oso baxua zuen, eta horrelako zerbait berriro gertatuko balitz, harrapatuta geundenaren sentsazioa genuen.

Horrelako fenomenoak bertan bizitzea, ordea, ez da hemendik telebistan ikustea bezala izango.

N. E.: Ez, ez. Guk, adibidez, ez dugu ezer suntsituta ikusi, ezta ezer erortzen ere. Askok esan zigutenaren arabera, errepideak pitzatuta edota jendea hondakinen artean harrapatuta ere ikusi zituzten. Hori iparraldean izan zen, mugimendu askoz handiagoa ere nabarituko zuten bertan.

Indonesia, gainera, oso leku turistikoa da. Bertakoak oso irekiak izango dira, baina kanpotar ugari ere badago…

N. E.: Bai, bai. Pila bat. Guk ez genuen poliziarik ikusi, baina bertakoek sekulako ahaleginak egiten zituzten guztiei laguntzeko, baita hoteletako langileek ere.

I. L.: Lehen aipatutako familia hark, ateak ireki zizkigun nor ginen jakin gabe. “Lasai, gure familiakoak bazinate bezala hartuko zaituztegu eta”, esaten ziguten. 

N. E.: Oso hunkigarria izan zen. Gurekin batera, gainera bi kaliforniar ere hartu zituzten.

Indonesia oso polita omen da, eta indonesiarrak oso eskuzabalak. Baina, berriro bidaia bera egitea proposatuz gero, onartuko zenukete?

N. E.: Nik argi daukat ezetz, inguru horietara ez naizela itzuliko. Ez, ez. Eta zu ere ez Ion. Barrez ari zara, baina badakizu ezetz.

I. L.: Epe laburrera begira, badakit ezetz, baina agian, hemendik urte batzuetara bai.

N. E.: Hala ere, bertara itzuliz gero, badakit orain bizitako irudiak etorriko zitzaizkidakeela burura, baita urduritasun sentsazio eta tentsio hori ere. Asiako beste herrialde batera seguru joango nintzatekeela.

I. L.: Azkenean, lurrikara bat zuzenean bizi arte, ezin duzu irudikatu zer den. Gu, ezjakinak ere izan ginen, pixka bat, hain justu, egun batzuk lehenago bat gertatu zelako, baina ezin duzu jakin beste batek zu harrapatuko zaituela. Hona itzultzean ere, jendeak bazekien lurrikara bat izan zela bertan, baina gu hegoaldean gendenez, uste zuten ez zitzaigula ezer gertatu; eta hori ez da horrela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!