KUP abesbatza, Tolosatik Taipeira, eta bueltan

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 9a, 07:57

15. urtemuga betetzen ari den urtean, munduko abesbatza jaialdi garrantzitsuenetako batean parte hartu du Tolosako KUP abesbatzak. Urteko urtarorik beroenean, Taiwango hiriburuan izan da, eta azaroan, etxean jardungo da, bertako lehiaketan.

2003an sortu zen KUP taldea, eta Tolosakoa kontsideratzen den arren, Euskal Herri osoko 36 kidek osatzen dute. 15 urte laburrak izan daitezke askorentzat, baina abesbatza honek ibilbidea luzea egin du epe horretan. Hori aipatzen du behintzat, Aitor Imaz tolosarrak. Bera, taldeko lehendakaria eta abesbatzako kidea da, eta argi dauka egindako lan onak arrastoa utzi duela. “Zenbaitentzat erreferentziazko talde bihurtu gara”, dio.
 
Erreferentziazko talde batek, baina, erreferentziazko abeslariak behar ditu, eta horietako batzuk, bertakoak, tolosarrak dira: Miren Garikano, Moira Ceberio, Raquel Etxabe, Xabi Ormazabal, Imanol Aramendi eta Nejc Rudel.
 

 
Guzti hauek, arrakastaz betetako urteak izan dira beraientzat. Horren adibide da aurreko astean Taipeien (Taiwan) ospatu den International Choir Festival jaialdian parte hartzeko gonbidapena jasotzearena. “Mundu osoko taldeak ibiltzen dira bost kontinenteetako jaialdi desberdinetan". Aurten, Europako beste lau talde esanguratsuekin batera aritzeko aukera izan dute asiar herrialdean: Chamber Choir (Eslobenia), Kammerchor Stuttgart (Alemania), Kamër Youth Choir (Letonia) eta Lalá Vocalensemble (Austria). "Talde horien maila ikaragarria zen; hortaz, bertan egotea jada ohore bat izan da guretzat”.
 
Bi urte lehenago hasi ziren bertan egoteko aukerak ikuskatzen. Hain justu, jaialdiaren antolatzaileetako bat, Tolosako Abesbatza Lehiaketara gonbidatu bezala etortzen denak, gu entzuteko aukera izan zuen, eta hor erlazio moduko bat sortu zen. "Bidaia, ekonomikoki zaila iruditzen zitzaigun, eta oso urruti ikusten genuen ideia bat zen". Baina, buelta ugari eman ondoren, bertara joatea erabaki zuten. Uztailaren 28an joan eta abuztuaren 7an itzuli ziren, 18 orduko bidai luze baten ondoren. "Nik pertsonalki, ez dut lo handirik egin, eta ordu aldaketa dela eta, nekatuta heldu naiz".
 

 
Beste mundu bat
 
“Bidaia, arlo guztietan, izugarria izan da, gauzak ezin hobeto atera dira, eta esperientzia ahaztezina izan da”. Kontzertuei dagokienez, taldearen emanaldi nagusia, pasa den larunbatean izan zen National Concert Hall auditorio erraldoiean. 1400 ikus-entzule bildu ziren. "Akustiko ederra zuen, eta izugarria izan zen bertan bizitakoa. Jendearen erreakzioa ere harritzekoa zen, eta bertan zeuden nazioarteko gonbidatu eta epai mahaikideak zutik jarri ziren. Emozio handiko momentuak bizi genituen".
 
Taipei International Choir Festival jaialdiaren 18. edizioa izan da aurtengoa. "Asia osotik nahiz munduko zenbait herrialdeetatik jende asko gerturatzen da jaialdi erraldoi horretara", aitortzen du Imazek, munduko kontinente handienean erreferente bat baita ekitaldi hau. "Pentsa, kontzertuen ondoren, zuzendariak sinadurak egiteko tarte bat hartzen zuen, ikusleek ilara luze bat egiten zutelarik". Bestetik, hemendik eramandako disko guztiak saldu dituzte, eta arlo musikalari dagokionez, oso gustura geratu dira egindako lanarekin. Orokorrean, arrakastatsua izan da.
 

 
Aste oso bat irauten duen jaialdia izan ohi da, eta urtero, lauzpabost abesbatza joan ohi dira atzerritik. “Gure kasuan, aste osoan zehar, Taiwanen alde batetik bestera kontzertuak nahiz tailerrak eskaintzeko aukera izan dugu”. Kontzertuetako bat herrialdearen hegoaldean eskaini zuten. Tailer horietako bat, berriz, Gabriel Baltes abesbatzako zuzendariak eskaini zuen, eta beste bat, berriz, Javier Busto musikagile hondarribitarrak. "Bustok, euskal musikari buruzkoa eskaini zuen, eta guk, bi horietan abesteko aukera izan genuen".
 
Aurten, gainera, lehen aldiz ospatu da Taipeiko Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa. Bertan, Asia osoko 51 abesbatza aritu dira lehian, besteak beste, Txina, Hong Kong, Indonesia edota Malasiakoak. Jaialdiaren data berdinetan ospatu da, eta Busto bertan aritu da epaimahaikide modura. Aipatzekoa da ere tailer eta kontzertuez gain, zuzendaritza ikastaroak nahiz konferentziak ere ospatu zirela.
 
Askotan esan izan da, euskaldunoi asko kostatzen zaigula, hemen behintzat, bertakoen lana balioan jartzea. Ideia horrekin bat dator Imaz, eta abesbatzen kasuan horrelako zerbait gertatzen dela dio. "Pentsa, Taipeiko eromenaren erdian, taldekide bat eta biok erosketak egiten ari ginela, saltzaile batek ezagutu eta elkarrekin argazki bat egitea eskatu zigun".
 

 
Gaizki ulertu kulturala
 
Euskal folkloreko melodiak abestea, ordea, ez da abesbatzako kideek egindako hautu bat izan; jaialdiko antolatzaileek eskatu zieten. "Haientzat exotikoak gara". Bestalde, elkar ezagutza istorio horrek, bitxikeria bat ere izan zuen. "Beraiek Espainian kokatzen gintuzten, hortaz, Espainiako folklorea, flamenkoarekin lotzen zuten. Eta guk, justu kontrako zerbait egiten genuela esan genien". Hortaz, gaizki ulertu batean geratu zen dena.
 
Horrelako jaialdi erraldoi baterako, kanpoko taldeen presentzia ziurtatu nahi izaten denean, lehen kontaktua helbide elektroniko bitartez egin ohi da. Horrela, oso ondo azaltzera ere ez zirela heldu aipatzen du Imazek. "Bertan ikusi eta entzun gintuztenean ulertzen gintuztela aitortu ziguten".
 
Baina, euskal folklorea irudikatzeko, ez da nahikoa izaten soilik ahots kordak dantzan jartzea. Horretarako, beharrezkoa da gorputzaren ohiko itxura aldatzea ere. Horregatik, bertara zihoaztela aprobetxatuz, betiko arropa dotoreez gain, baserritar jantziak ere erakutsi zizkieten ikusleei. "Itxura aldaketa ikustean izaten zuten erantzuna ikaragarria zen". Kontzertu bakoitzaren bukaeran, gainra, talde bakoitzak, txinerazko obra bat abesten zuen bertako abesbatza batekin. "Ukitu berezi bat zuen". Tolosarren kasuan, Josu Elberdin musikagile pasaitarrak idatzitako Yu Tung Fa kantua abestuz amaitzen zituzten euren emanaldiak.
 

 
Tolosa, azken geltokia
 
15 urte luze hauetan, ordea, jaialdietaz aparte, lehiaketak ere izan dituzte tartean. Tolosako Abesbatza Lehiaketa izan zen lehena, 2008an. Orduan, gainera, sari bat ere eskuratu ahal izan zuten. Hortik aurrera, urtez urte, bertako nahiz atzerriko jaialdi eta lehiaketetan parte hartu izan dute.
 
Kasualitateak kasualitate, aurten, Tolosako Abesbatza Lehiaketak 50 urte beteko ditu. Duela mende erdi bat hasi ziren ekitaldi hau ospatzen, eta KUP taldearentzat ere, lehen aipatu bezala urte garrantzitsua izaten ari da 2018a, 15 urte bete dituelako. Gauzak horrela, datorren azaroan, Tolosan arituko dira, bertakoen gonbidapena jaso baitute. “Egutegian gorriz margotuta dugun data da. Urte osoan egiten ari garen lana bertara begirakoa izaten ari da, eta beraz, ilusio berezia dugu”.
 
Etxean aritzeak, “exigentzia handia” eskatzen duela ukaezintzat du Imazek. Taiwango jaialdia, hortaz, entrenamendu bikaina izan da abesbatza honentzat. “Tolosako jaialdira begira prestatuta dugun programarekin topera gabiltza, eta bidaia honetan, hori zehazteko eta prest egoteko zenbait gauza zehaztu ditugu”. Programa horrek, Taiwango emanaldietan, bi zati izan ditu, lehenean polifonia ugari entzun zitekeen, musikaren historiaren ibilbide labur bat irudikatuz, eta bigarrenean, zenbait euskal kantu abesten zituzten koruko kideek.
 
 
Tolosara heldu aurretik, ordea, kontzertu gehiago eskaini beharko dituzte, Euskal Herrian nahiz Estatuan, aurrez hitzartutakoak, eta kultur ekitaldi desberdinetan antolatutakoak. "Guztiak gonbidatuta zaudete horietako bakoitzean gure lanak entzutera". Hauxe izango da talde tolosarraren udazkeneko egutegia:
 
Irailak 22: Donsotia. Belodromoa. Zinemaldiaren barruan, zinemako musika, Euskadiko Orkestrarekin batera.

Irailak 29: Zumarraga. Antiguako Musika zikloa.

Urriak 7: Lekua zehazteke. II Kantik Musika zikloa, Tolosako Hodeiertz abesbatzak antolatuta.

Urriak 11: Madril. Auditorio Nazionala.

Urriak 28: Donostia. Musikene.

Azaroak 1: Tolosa. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!