«Finala amaitu bezain pronto gurasoei deitu nien»

Mikel Iraola 2018ko abu. 7a, 20:34

19 urtez azpiko Europako Txapelketa irabazi berri du Nerea Eizagirrek (Tolosa, 2000) Espainiako Selekzioarekin, eta oporren ostean, gaur itzuli da Zubietara, Realarekin denboraldi-aurrea hasteko. Lortutakoaz hitz egin du ATARIArekin.

Lortutakoaz kontziente al zara?
Oraindik zaila da kontziente izatea, denbora gutxi pasa da. Une honetan poza sentitzen duzu. Baina denbora bat pasako da benetan kontziente izateko.

Eta bat noiz hasten da horrelako zerbait barneratzen?
Denboraldia hasterakoan, bizitako une horiek gogoratzen jartzen garenean esango dugu orduan: 'bai, guk irabazi genuen'.  

Lortutakoak, hala ere, balio handia du.
Bai, noski. Bi urtez jarraian jokatu dut 17 urtez azpiko Europako Txapelketa. Bietan Alemaniaren aurka galdu genuen, penaltietan. Hirugarren aldia zen, eta hemen esan genuen irabazi egin behar genuela, baina ez da gauza erraza. 

Errebantxarako gogoa bazenuten, beraz.
Bai, bai. Plus bat bagenuen gure barruan. 17 urtez azpiko Munduko Txapelketan brontzezko domina lortu genuen, final laurdenetan alemaniarrei irabazita. Hor puntu bat gora egin genuen, baina gero ondorengo bi Europako Txapelketak irabazi zizkiguten. Arantza hori bagenuen. Egia da garaipen bat lortzen duzunean ez dizula txarrerako eragiten, normalean. Baina galduz gero zailagoa da aurrera ateratzea. Bi final galdu genituen beraien aurka, eta psikologikoki gogorra da. Bi kolpe horien ondoren esan genuen bai ala bai irabazi behar genuela. Gehiago ginela sentitzen genuen, eta hazi egin ginen. Finala bera ere gogo gehiagorekin hartu genuen.

Beldurra sentitu zenuten finaleko aurkaria Alemania zela jakinda?
Beraiek jokatu zuten gure aurretik, eta guk finalaurrekoa jokatzerako bagenekien aurrera egitekotan Alemaniaren aurka jokatu beharko genukeela. Alemania hitzak batzuetan hazi egin gaitu. Lehen agian beldurtzen ginen, edo bufff bat ateratzen zitzaigun. Baina bi final galdu ondoren, gogorragoak egin gaitu, eta pausu bat aurrera egin dugu.

Hasieratik joan zineten irabazteko helburuarekin? Faborito papera barneratua zenuten?
Espainia, Alemania eta Frantzia beti dira faborito. Selekzio oso indartsuak dira, beti finalerako borrokan dabiltzanak. Lehenengo partida 0-2 galdu eta gero gauzak beltz ikusten genituen, baina taldea oso batuta egon da eta horri aurre egin genion. Bagenekien hortik aurrerako guztiak finalak izango zirela eta pixkanaka joan gara. Entrenatzaileak ere asko lagundu gaitu. Konfiantza asko eman digu. Esaten gintuen taldean potentzial asko zegoela eta emaitza onak lortuko genituela. Frantziaren aurkako garaipena izan zen mugarria. Hor esan genuen irabazi egin behar genuela.

Orain artekoa txapelketak 17 urtez azpiko selekzioarekin jokatu dituzu. Azken hau, aldiz, 19 urtez azpikoarekin. Aldea nabaritu duzu?
Belaunaldi kontua da. Ni 2000. urtekoa naiz eta orain 20 urtez azpikoen Munduko Txapelketa jokatuko da. Ondorioz, bitan banatu gaituzte askori. Lehen urteko gehienok Europako Txapelketa jokatu dugu, eta bigarren urtekoak Munduko Txapelketara joango dira. Maila ona duen jende asko azken honetara joango. Hala ere, bietan nabaritu dut aldea. 17 urtez azpikoan ez bezala, gehiengoak profesionalak dira, 19 urtez azpikoan.

Zure jokoarekin eta parte hartzearekin gustura geratu zara?
Bost partidatatik guztietan hasierako hamaikakoan izan naiz eta, gainera, minutu gehienak posizio ezberdinetan egin ditut: erdian, aurrean '9 faltsu' moduan, eta finalean hegalean. Entrenatzaileak edozein postutan jartzeko konfiantza erakutsi du nigan eta hori beti da ona.

Finalean ere gola gertu izan zenuen.
Barruan ikusi genuen denok. Aukera asko izan genituen: 4 aldiz jo genuen baloia zutoinean. Aldeak handiagoa behar zuen.

Zer pasa zitzaizun burutik finala amaitzerakoan?
Poz ikaragarria sentitu nuen, baina ez nuen sinesten. Asko sufritu dugu taldekideok, hilabete osoa pasa dugu etxetik kanpo. Pultsazioak jaitsitakoan, betetasuna sentitu nuen. Azken batean, Europako Txapelketa bat irabaztea denboraldi osoan egindako lanaren fruitua da. Egunez egun joan naiz hobetzen eta ikasten, eta urte guztian egindako lan horri esker lortu dugu hori.

Zorion mezu ugari jasoko zenituen. Berezirik jaso al duzu?
Partida amaitu eta gero WhatsAppa begiratu aurretik ohitura dut lehenengo gurasoei deitzeko. Beraien ahotsa entzutea da une horretan gehien pozten nauena. Finala bukatu eta segituan deitu nien. Beraiek ere oso pozik jarri ziren. Lagunak ere beti hor daude, eta egunerokoan alboan badira oso pertsona garrantzitsuak, baina familia da gertuen bizitzen duena hori guztia.

Eta gero nola ospatu zenuten?
Ez genuen ezer berezirik egin. Hotelera joan ginen, afarian dieta alde batera utzi zuten (barreak). Suitzan geunden, eta ez ginen parrandara atera. Gure arten egon ginen, hizketan. Gainera, oso nekatuta ginen. Tentsioarekin-eta zaila da momentuan ospatzea. Gero denbora batera ospatuko dugu. 

Oporren ondoren gaur itzuli zara lanera Realarekin. Taldekideek harrera beroa egin dizute.
Egia esan taldekideekin harreman estua dut. Batzuekin egunero hitz egin dut, nahiz eta kanpoan izan naizen, eta gogoa nuen beraiek ikusteko. Jokalari, entrenatzaile eta klubeko jendearen berotasuna sentitu dut goizean, eta horrek daukagun giroa erakusten du. Oso pozik sentitu naiz.

Gipuzkoako jokalari onenaren saria irabazi zenuen joan den denboraldian. Selekzioarekin laugarren domina duzu. Lorpenak pilatzen ari zara. Nola baloratzen duzu lortutakoa?
Batzuetan pentsatzen jartzen naiz eta oraindik 18 urte ditut. Duela gutxi etxe azpian aitarekin jolasean nenbilen. Azken batean eguneroko lanaren emaitza da hau guztia. Eta meritu pertsonala baino, taldeari esker lortutako emaitzak dira. Guztiok ditugu ametsak dituzu eta horiek lortzen saiatu behar dugu pixkanaka.

Aurrera begira zein dira zure ametsak?
Europako Txapelketa hau jokatzea pausu handia izan da niretzat. Gustatuko litzaidake jokatzea Munduko Txapelketa 19 urtez azpikoarekin. Orain arte 17 urtez azpikoarekin jokatu baitut soilik. Orduan brontzezko domina lortu genuen, eta hori hobetzeko aukera baldin badaukagu, bikain. Hortik aurrera, bai gustatuko litzaidakeela absolutuarekin jokatzea. Hor gauden jokalari guztion nahia da, baina horretarako asko falta da.

Dena den, Realarekin denboraldi-aurrea hasi duzu. Zein helburu jarri diozue denboraldi berriari?
Ez zait helburuak jartzea gustatzen. Joango gara ikusten non gauden. Egia da orain bigarren talde bat dugula. Klubak aurreapauso handi bat egin du horrekin. Neska asko daude futbolean, gero eta gehiago, eta azkenean talde bat egotea azpian garrantzitsua da. Behetik presioa sartzen digute. 17 jokalari taldea daukagu, lehengo urtekoa baino motzagoa, harrobiari ere garrantzia eman nahi zaiolako. Denboraldia ere luzea da, ligako maila parekatzen ari da, maila gero eta hobea da, jokalari onak daude... baina gure lana ondo eginez gero badakigu gauza politak egiteko borrokan ibiliko garela. Lehenengo pausua lehen zortzien artean sailkatzea litzateke, Erreginaren Kopa jokatu ahal izateko. 

Kirolaz gain, ikasketen jarraitu behar.
Aurten amaitu dut batxilergoa. Urte gogorra izan da, futbolean horrenbeste gauza lortzeko beste gauza batzuk egitea kostatzen baita. Baina azkenean urtea amaitu da, ongi joan da, eta pozik nago. Magisteritza ikasten hasiko naiz orain, eta pixkanaka ateratzen joateko helburua dut. Zerbait ikastea beti ere garrantzitsua da, are gehiago emakumea izanda.

Oraindik bada zer hobetua emakumeen kirol profesionalean.
Bai. Urrats handiak ari dira ematen. Gizarte segurantzarekin ari gara jokatzen orain, kontratuekin. Baina gizonezkoen aldean ez du zerikusirik. Hala ere ikasketena orokorra da, hor izan behar ditugu beti. Lesiorik bada, edo nork daki... beti zerbait ikasita izatea oso garrantzitsua da.

Erlazionatuak

Nerea Eizagirre, Europako txapeldun

Tolosaldeko Ataria 2018 uzt 30 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!