Ilusioz betetako denboraldiaren bila

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 2a, 08:58

Atzo arratsaldean, urteroko aurkezpen argazkia atera zuen Tolosa CF-ko gizonezkoen lehen taldeak, Berazubiko futbol zelaian. Aurtengo denboraldian ere, iaz lortu ezin izan zuten igoeraren ondorioz, Gipuzkoako Ohorezko mailan arituko da talde urdina.

Tolosako ehunka herritarren begiak haiengan jarriak izaten dira urtean zehar. "Zuek zarete herriaren irudia", aipatzen zieten atzo zuzendaritzako kideek. Hori dela eta, beharrezkoa izaten da tolosarren ilusioak pizteko eta aurreikuspenak gainditzeko osasuntsu egotea, gorengo mailan, akats txikiena ere garesti ordaintzen delako. Beraz, denborarik galdu gabe, atzo ekin zion lehen taldeak denboraldi-aurreko entrenamenduen maratoiari. "Pentsamolde irabazlea izan behar duzue, eta horri eutsi, atzeraka emandako pauso bakoitzeko, aurreraka bi emateko", zioten zuzendaritzatik.

Tradizioak agindu bezala, ohiko argazkia atera zuten entrenatzen hasi aurretik. Lehen taldeko jokalariez aparte, jubenil mailako taldeko jokalari ugari arituko dira Ander Avellaneda entrenatzailearen esanetara datozen asteetan, taldea guztiz osatu arte. "Aurtengo taldea gaztegoa denez, eta jokalari berriak etorri direnez, horiek nola sartzen diren ikustea da lehen urratsa. Gero, epe motzera jarriko ditugu gure helburuak, eta partidak aurrera joan ahala, emaitzen arabera joango gara gure asmoak zehazten", aipatzen zuen prestatzaileak.

Aurtengo taldearen egiturari dagokienez, 2018-2019 denboraldirako, etorri direnak baino gehiago dira joandako jokalariak. Orain arte jokalari izandako Jon Gomez tolosarrak, entrenatzailearen laguntzaile lanak egingo ditu hemendik aurrera; Benoit Cachenoit atzelaria, berriz, Realaren hirugarren taldera itzuli da; Bereziartuak eta Guijarrok, Hernanin eta Ordizian jokatuko dute, hurrenez hurren; eta Mansok, ikasketak Madrilen burutu behar dituenez, taldea uztea erabaki du. Arrieta, Pelaez eta Serna dira gainontzeko bajak.

Zerrenda hori ikusita, golak egiten zituzten jokalariak faltan botako dituela aipatu zuen Avellanedak. "Orain taldeak beste modu batera jolas dezakeela uste dut; hala ere, guretzako oso garrantzitsua izango da pasa den denboraldiko bigarren itzuliko dinamika positibo hori mantendu ahal izatea, batez ere, atzeko lerroari dagokionez, ahalik eta gol gutxien jasotzeko".

Bestalde, Julen Vecino erdilaria taldera itzuliko da aurten, Erasmus beka dela eta, azken denboraldian Estatutik kanpo ikasten aritu ondoren. Azkenik, Asier Bengoetxea atzelaria eta Igor Quintanilla aurrelaria fitxatu ditu talde tolosarrak. Azken biak, Vasconia taldetik etorri dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!