Abuztuaren 6an hasiko dituzte Tolosako hiru kaletako berritze lanak

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 27a, 07:37

Kale Nagusiko igarobideen, Batxiler Zaldibia eta Pedro Tolosa kaleetako berritze lanak abuztuaren 6an hasiko dituela jakinarazi du Tolosako Udalak. 175.508 euroko aurrekontua izango dute lanek.

Urtean zehar jende gehien ibiltzen den guneetan hasiko dituzte lanak, ikasturtea hasterako amaituak egon daitezen. Modu horretara, Pedro Tolosa 5-7 eta Korreo-Kale Nagusia pasabidea eraberrituko dituzte lehenengo. Ondoren egingo dituzte Batxiler Zaldibia kalea eta Kale Nagusia-Enperadore pasabidea.

Pedro Tolosa 5-7an, espaloiaren malda txikituko da, etxeetako sarrerekin egun duen altuera-diferentzia kenduz. Horretarako egungo zorua kota altuago batean berregingo da. Euri-uren kanalizazioa burutuko da lanek-eragindako guneetan. Lanek 41.829,44 euroko aurrekontua dute 3 aste iraungo duten lanek.

Batxiler Zaldibian, kalearen lehen erdian jada burutu diren lanak kale osora zabaldu eta era integralean amaituko dira. Lanak egin aurretik, euri uren sarea bukatuko da. Ostean, gaur egungo asfaltoa eta espaloiak eraitsi eta plantan dauden posizio berean eraikiko dira. 63.622,07 euroko inbertsioa izango da eta lanek 5 aste irautea dago aurreikusia.

Korreo-Kale Nagusia pasabidean, zoladura eraitsi eta ur-zikinen eta euri-uraren kanalizazioak berreraiki eta bi kaleen hornidura sareak konektatuko dira. Hormak azulejo berriekin berreraikiko dira eta argiteria berritu, jasangarriagoak diren LED luminariak jarriz. Sabaia eta ateetako zura ere garbituko dute. Horretarako, Kale Nagusiko sarreran dagoen murala kendu egingo dute, gorde, eta obra amaitzean berrezarri. Udalak 41.610,85 euroko inbertsioa gauzatuko du bertan eta 2 astez luzatuko dira lanak. Kale Nagusia – Enperadore pasabidean ere antzerako lanak burutuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!