Txoko zaharberrituak, irisgarriago

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uzt. 26a, 16:07

Miserikordia zaharreko bainu, atsedenleku eta baserri zaharkituetan, lanean ari dira auzolandegietako hamasei boluntario. Ondare ikusgarri bezain aberats hau, ezagutzera eraman nahi du Udalak.

Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Naturtzaindiarekin elkarlanean, bere jabetzakoa den 24,4 hektareako Uzturreko lur sail batean berreskuratze proiektu bat garatzen ari da. Berreskuratze proiektu hau, integrala da, ingurunearen ezaugarri naturalak, historikoak eta kulturalak balioan jartzen dituelako. 2013. urtean ekin zitzaion proiektu honen lehen faseari, eta ibilbidea txukundu eta seinaleztatu ondoren, iaz, Miserikordia zaharreko bainuak berreskuratu ziren.

Aurten, berriz, putzuetatik hasita bidexka bat egiten ari dira bertaratutako 16 boluntarioak, beherago dagoen beste putzu eta iturburu bateraino. Bestetik, Miserikordia zaharreko atsedenlekua berreskuratu eta San Ignazio baserriaren egitura azaleratzen ere ari dira. Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak nabarmendu duenez, gune osoa berreskuratu nahi da: “irailean eremua inauguratzea da gure asmoa. Geroz eta jende gehiago bertaratzen da, eta ondare hau ezagutzera eramatea da gure asmoa, era jasangarrian, tolosarrek gozatzeko eta eurena balitz bezala sentiarazteko, herritik urrats batera baitago". Nahiz eta ingurua ofizialki irailerako bistaratu nahi den, argi dute zaila izango dela lanak amaitzea. "Ziur, lanak ez dituztela aurten amaituko, eta datorren urtean berrartu beharko ditugula".

Auzolandegien indarra

Auzolandegietan leku askotako gazteak biltzen dira, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe lanean aritzeko, aldi batez, elkarrekin bizi eta gizartearena den proiektu batean parte hartuz. Kasu honetan, hamabost egunetarako (uztailaren 30era bitarte), Estatuko txoko desberdinetako 18 eta 24 urte arteko 16 gazte gerturatu dira Tolosara.

Egunero, goizez, 4 orduz aritzen dira lanean Miserikordiako atsedenlekuan, eta arratsaldetan, jarduera ugari egiteko aukera izaten dute. Atzo, esaterako, Udaberri Dantza Taldearen lokala bisitatu zuten, eta bertako material edota jantzien inguruko bisita gidatuaz gozatzeaz gain, euskal dantzei buruzko azalpenak eta erakustaldi txiki bat jaso zituzten.

Sergio Calvo begiraleak, putzuak urez bete ahal izateko bideak irekitzen aritu direla azaldu du. "Multzoak txandakatzen egin dugu lan, eginbehar desberdinetan aritzeko. Motibazio handia zegoen taldean, batez ere, emaitzak onak zirela ikustean".

Victor Ramon gaztearena ez da horrelako lan batean parte hartzen duen lehen aldia. Katalunian izan zen iaz, eta aurten Euskal Herrira etorri nahi zuen. "Lanaz gozatu nahi nuen lehenik, baina bertako jendearen zintzotasunak eta lanerako giroak txundituta utzi naute". Sinead Linehanek ere antzeko bidea hartu zuen. Iaz, Galizian izan zen, antzeko lanak eginez. Errepikatzea izaten da gazte askok hartzen duten erabakia. "Harrapatuta geratzen zara, eta motibagarria da, jende eta leku desberdinak ezagutu ahal izatea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!