Eraberritze lanak egingo ditu, Tolosako Udalak, datozen egunetan

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uztailaren 25a

Tolosako 12 kaletan zoladura berrituko du, Tolosako Udalak, datozen egunotan, 300.000 euroko inbertsioa eginda.

Ezer baino lehen, kaleak aztertu dituzte eta, atzemandako beharren arabera, kale batzuk erabat asfaltatuko dituzte, eta beste batzuetan zoladura mantentzeko lanak egingo dituzte.

Modu horretan, San Esteban auzoan, Rondilla kalean, Andre Mari kalean eta San Blas auzoko hilerriko bidean osorik asfaltatuko dituzte bideak.

Zoladura mantentzeko lanak, berriz, Pedro Tolosan, Iparragirren, Eguzkitza sagardotegiko bide publikoan, Donostia etorbidean, Benta Haundin, Bizkaia kalean, Iurre auzoko super merkatu parean eta San Frantzisko pasealekuan egingo dituzte. Dagokionean, Udaltzaingoak trafiko mozketen berri emango du.

ZUHAITZ TXORKOAK

Irisgarritasuna hobetzeko, berriz, ia 300 zuhaitzen txorkoak berrituko ditu udalak. Gaur egun 4 txorko mota daude, eta estropezu eta erortzeak saihestu nahi ditu udalak, zulo horiek erretxinaz betez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!