Fronton eraikineko lehiaketa publikoa zabalik da, irailera bitarte

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 25a, 12:35

Tolosako Udala hasia da, jada, kanpoko eraberritze lanak egiten, eta azaroan amaituko dute. Bi esleipendun izango dira, 30 urterako: kafetegikoa bata, eta jatetxekoa bestea.

Tolosako Fronton eraikinaren aro berria martxan da. Udalak duela zenbait aste ekin zien kanpoaldeko eraberritze lanei, eta kafetegia eta jatetxea ustiatzeko lehiaketa publikoko izen-ematea ere zabaldu dute jada, datorren irailaren 17ra bitarte. Baldintzen pleguak www.tolosa.eus atarian edo udaleko Obra eta Zerbitzuen sailean daude eskuragarri.

Lehiaketak 30 urteko kontzesioa esleituko du, eta bi esleipendun izango dira: bat kafetegirako eta bestea jatetxerako. Horrela, aipatzekoa da lehiaketa irabazi eta bi negozioen ardura hartzen dutenek, hainbat baldintza bete beharko dituztela, ezinbestean.

Batetik, 10 langile izan beharko dituzte, gutxienez, eta euskararen eta parekidetasunaren inguruko irizpideak bete egin beharko dituzte.

Sukaldaritzari dagokionez, berriz, euskal sukaldaritzak izan beharko du ardatza eta, jakiak modu tradizional nahiz berritzailean landuta ere, erabilitako produktuen erdiek garaikoak eta kalitatezkoak izan beharko dute.

Azkenik, bai kafetegiak, bai jatetxeak, urte osoan egon beharko dute zabalik, eta astean sei egunez; atseden eguna ezingo dute asteburuan edo jai egunetan egin.

BARRUA TXUKUNTZEKO

Fronton eraikinaren teilatua, fatxada, igogailua eta malda eraberrituko ditu udalak, hasi berri dituen obretan. 500.000 euro bideratu dituzte horra, eta azarorako amaituta izango dira lanak. Ordea, lehiaketa publikoan esleipena eskuratzen dutenek, eraikin barruko lanen ardura hartu beharko dute.

Tolosako Udalak kafetegiaren eta jatetxearen bideragarritasun plana egin du jada, eta baita egin beharreko eraberritzeen aurre-proiektua ere. Horrela, kafetegian, 769.450 euroko kostua izango dute sukaldea nahiz komuna eraberritzeko lanek. Ustiatzaileek, lokalaren balioaren %3ko kanona ordaindu beharko dute urtero; kafetegiaren kasuan, 14.953 euro urtean, edo 1.246 euro hilean.

Jatetxeko ardura hartzen dutenek, berriz, 402.037 euroko inbertsioa egin beharko dute eraberritzean eta, horrez gain, lokalaren balioaren %3ko kanona ordaindu beharko dute: urtean 10.340 euro, edo hilean 862 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!