17 urtez udako irakurzaletasuna gaztetxoen artean sustatuz

Ataria 2018ko uztailaren 23a

17. aldiz 'Biblioporrak' programa abiatu du haur liburutegiak, udako aisialdian irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin. HHtik hasita DBHra bitarteko haurrentzat bost liburu-zerrenda osatu dituzte.

Udako aisialdirako liburu-proposamen zabala eskaini du, beste behin, Tolosako haur liburutegiak. 17. urtez Biblioporrak egitasmoa jarri du martxan, Zeuk aukeratu! lelopean.

0-16 urte bitarteko haurrengan irakurtzeko ohitura sustatzea da helburua, eta gaur egun Tolosako ikastetxe guztiek hartzen dute parte.

Garazi Goitia, Tolosako liburutegiko arduradunak aipatu duenez, hautaketa oso zabala izaten da: «badaude irakurterrazak diren liburuak, zailagoak direnak, modan daudenak, bereziak... Helburua da irakurle-mota bakoitzak bere gustuko liburua topatzea».

Bost liburu-zerrenda osatu ditu haur liburutegiak, H.H., L.H.1., L.H.2. L.H.3. eta DBH mailakoentzat. Gidetan aipatutako liburuak haur liburutegiko ganbaran jarri dira, adina eta hizkuntzaren arabera banatuta, erakusle berezi batzuetan, oporretako interes gune bat sortuz.

Liburutegiaren arduradunak nabarmendu du haurrek eta gurasoek «oso gustukoa» dutela interesgunea: «aukeraketa errazagoa delako eta liburuak aldatu ditzaketelako, nahi adina, gustukoa topatu arte».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!