«Argazkigintza neure buruaz hausnartzeko modu bat da niretzat»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 22a, 12:03
Eli Garmendia argazkilari tolosarra Nomad Studio proiektuarekin bidaian dabil. I.URKIZU

Sortzaile izateko leihorik ederrena iruditu zitzaion kamerarena, eta urteek bere buruari begiratzeko ispilu bilakatu diote argazkilaritza, Eli Garmendiari (Tolosa, 1984). Bartzelonako metropoli girotik ihesi, Nomad Studio proiektua abiarazi zuen, apirilean, Carlos Pericás-ekin batera; hirian hamabost urte pasatu eta gero, kilometroei eta paisaiei neurtu beharko diete, orain, argia.

Duela gutxi elkarrizketatu zintuen, TOLOSALDEKO ATARIA-k, Nomad Studio proiektua dela-eta. Lehen kilometroak egin dituzue zuen karabanan, zer moduz doa egitasmoa?

Poliki eta azkar, era berean, baina ondo doa. Azkar, Euskal Herritik ekainaren 11n atera ginelako, eta gauza asko gertatu direlako, orduz geroztik; kilometro asko egin ditugu. Eta, aldi berean poliki, bizitza berri honi pixkana ari garelako, neurria hartzen; aldaketa asko izan dira, eta moldatzen ari gara.

Labur-labur, Nomad Studio zer den gogora ekartzerik bai?

Bai. Carlos Pericás eta biok argazkilariak gara, eta Bartzelonan bizitzen egon gara, hamabost bat urtez. Duela urtebete inguru, bizitzan aldaketa bat egitea erabaki genuen, eta karabana zahar bat erosi genuen, Europan barrena urtebetez bidaian ibiltzeko ideiarekin. Joan den apirilaren 2an atera ginen Bartzelonatik, eta Euskal Herrian bi hilabete luze egin genituen, Europarantz abiatu aurretik. Horrela, gure autokarabana gure bizitokia da eta, era berean, lantokia ere bai; bai bulegoa, bai argazki estudioa.

Bidaia poliki eta azkar doala diozu, baina espero bezala doa dena, ala ezustekorik izan duzue?

Egia esan, ezusteko handiegirik ez dugu izan, baina gauza txikiak bai. Ez genekien zenbat kilometro egingo genituen, eta nola moldatuko ote ginen, alde batetik bestera mugitzeko. Ezustekoak baino gehiago, beraz, dena berria da guretzat, eta ikasten ari gara horretatik ere. Pozik gaude ikasketa horrekin, eta, aldi berean, gozatzen. Kuriosoa da autokarabanekin ibiltzen den jendeak nolako harremanak dituzten ere, eta ikasteko balio izan digu horrek. Denboraren zati bat baliatu dugu turismo pixka bat egiteko, eta bertako jendearen gomendioei jarraitzeko. Baina, konturatu gara, hori ez dela guri gehien interesatzen zaiguna; nahiago dugu naturarengandik gertuago egon, eta beste erritmo bat eraman.

Bidean topatzen duzuen jendeari zuen proiektuaz hitz egiten diezuenean, nola hartzen dute?

Ondo. Egia esan, jende askori ez diogu, oraindik, ezer esan. Uste dut oporrak behar genituela, eta erritmo lasaian hasi garela, nola molda gaitezkeen ikusiz, eta gehien interesatzen zaiguna identifikatuz. Dena den, gure proiektuaz norbaitekin hitz egin izan dugunean, harrituta geratu izan da. Batzuek ez dute oso ondo ulertzen, hizkuntzarekin ere zenbait komeria izan ditugulako, baina, oro har, begi onez hartzen dute gure egitasmoa.



Zure hastapenetara joz, nolatan aukeratu zenuen argazkilaritza?

Galdera handia da... Ez dakit, betidanik gustuko izan ditut irudiak-eta. Gogoan dut, etxean banuela karpeta bat, gustuko nituen aldizkarietako argazkiekin. Aitak ere beti izan du argazkiak ƒegiteko afizioa, eta berarekin banuen borroka moduko bat: nik argazkiak egin nahi nituen, eta berak ez zidan bere kamera uzten. Azkenean, uste dut nolabaiteko errebeldia izan zela: «Orain nik egingo ditut argazkiak». Egia esan, irudiaren kontua eta mundu artistikoa beti interesatu izan zaizkit, eta marrazten sekula abila izan ez naizenez, pentsatzen dut kamerarena intuitiboa izan zela.

Bartzelonan bertan egin zenituen ikasketak?

Ez, Terrassan egin nituen, Bartzelonatik hiru ordu laurdenera dagoen beste hiri batean., UPCn. Han hiru urtez aritu nintzen ikasten, eta bukatutakoan Tolosara itzuli nintzen, gurasoen etxera. Karrera amaierako proiektua etxetik egin nahi nuen, eta hala egin nuen. Nire osaba ere argazkilaria denez, haren estudioan egin nuen praktikaldia, eta bere laguntzari esker nire proiektua aurrera eraman ahal izan nuen. Urtebete inguru pasatu nuen horretan eta, behin amaitutakoan, 2006ko irailean, Bartzelonara joatea erabaki nuen, lan bila edo aukera berrien bila. Orduz geroztik han bizi izan naiz.

Sormenarekin loturiko lanbideei aukera gehiago eskaintzen dizkie Bartzelona bezalako hiri batek, ala ez?

Uste dut desberdina dela. Bai, hiri batek aukera gehiago eskaintzen ditu, baina, aldi berean, horretan aritzen den askoz ere jende gehiago bizi da bertan. Beraz, lan handia egin behar da aukerak sortzeko. Euskal Herrian, berriz, ez dut esperientzia handiegirik, baina, hain lurralde txikia izanda, kontaktuek asko balio dute, eta errazago irits zaitezke batetik bestera.

'www.eligarmendia.com' atarian ikusgai daude zure proiektu zenbait. Nola garatu da zure lana, urteotan guztiotan?

Webgunean dagoen proiekturik zaharrenak Mudanzas du izena, eta egin nuenean 24-25 urte banituen arren, lan horri begiratu eta oso ikusten dut nire burua, argazkilari moduan. Honezkero 10 urte pasatu dira nire lanekin hasi nintzenez geroztik, eta garapen bat ikusten dut, egia esan. Hori bai, konturatzen naiz, nire lanak beti daudela nire egoera pertsonal eta emozionalari lotuta. Mudanzas oso intuitiboki egindako lana izan zen, behar pertsonalen ondorioz eta esperimentatuz sortutakoa. Haren ondotik, erabat autoerretratuz osatutako lan bat egin nuen: Nudo ciego. Lan hori, berriz ere, intuizioz sortu nuen eta, beste modu batera, baina berriro neure buruari begira ari nintzen. Ikusten da: argazkigintza neure buruaz hausnartzeko modu bat da niretzat.

'El bosque dormido' da zure azken lanetakoa. Badu antzekotasunik, aipatu dituzunekin?

Azken urteotan horretan aritu naiz lanean. Hasiera bestelakoa izan zen: Roberto Ruiz de Antunez poetarekin korrespondentzia bat izan nuen eta, korrespondentzia horretan, nik irudi bat bidaltzen nion, eta berak poema batekin erantzuten zion argazkiari. Beste sortzeko modu bat izan zen, baina, finean, argazkiak ikusten ditudanean, konturatzen naiz neure buruaren inguruko hausnarketa bat dela, berriro; beste leku batetik eta beste egoera pertsonal batetik. Horregatik, nire proiektuak nire bizitzako etapekin erlazionatzen ditut beti.

Azken proiektu horrekin jarraitzen duzu?

Esango nuke ia bukatuta dagoela; ukitu txiki batzuk, irudien antolakuntza orokorrago bat eta kontzeptualizazio lanean sakontzea falta zait. Lana eta hiriko erritmoa dela eta, orain arte ez dut denbora handiegirik izan horretarako, baina ea bidaian hausnarketarako denborarik badudan.

Nola helarazten diozu zure lana publikoari?

El bosque dormido Oñatiko Argi jaialdian aurkeztu nuen, 2017ko maiatzean, erakusketa batekin; hori izan da nire azken erakusketa. Eta, bestela, aukera izan dut Tolosako GKo Gallery-n, nire lanak pixkana aurkezten joateko. Egia esan, ez dut lan handiegirik egiten jendearengana iristeko, asko kostatzen zait kanporako lan hori egitea. Batetik edo bestetik aukerak sortu izan direnean, egin izan ditut erakusketak, baina nire martxan noa.

Argazkiak egiteko afizioa beti izan duzula diozu; baduzu argazkilari erreferenterik edo bereziki gustuko duzunik?

Uste dut erreferentziak aldatzen joaten direla, bizitzako momentuaren arabera, baina, adibidez, oso gustuko nuen Nan Goldin; Mudanzas egin nuenean, asko ikusi nuen bere lana. Garai berean, Antoine D´Agata argazkilariarekin workshop bat egin nuen, eta itzela izan zen. Esango nuke, garai hartako argazkiek badutela haien estiloaren kutsua. Eta, El bosque dormido egiterakoan ere, ez dut erreferentzia zehatzik izan; gehiago saiatu naiz nire begirada bilatzen. Eta, horretan, batetik, ezinbestekoak izan dira Roberto Ruiz de Antunezen hitzak eta, bestetik, Peteris Vasks konpositore letoniarraren musika. Bere obra gakoetan gakoena izan zen proiektu horretan eta, gainera, bere musikari esker, Letoniara erresidentzia artistiko bat egitera joatea erabaki nuen; uda bateko kontua izan behar zuena, hiru urtez errepikatu nuen, azkenean.

Zer ematen dizu musikak, argazkiak egiterakoan?

Inspirazioa sortzen dit eta, udan ez hainbeste, baina udazken hasieran, Peteris Vasks-en musikak nolabaiteko atmosfera bat sortzen dit lanerako.

Zure lanetan zure bizitzako momentuak irakur daitezkeen modu berean, zure bizitza argazkiek gidatzen dute?

Esango nuke oraingoz ez dela horrela; nire ustez, gehiago da alderantziz. Argazkigintza beti hor dago, baina nire momentu eta egoeretara moldatzen da, ez alderantziz; gainera, uste dut argazkigintzari ez diodala uzten ni hainbeste baldintzatzen [barreak]. Nik erabiltzen dut argazkigintza, tresna moduan.

Eta, zein kamera erabiltzen duzu, jakin badaiteke?

Oraintxe Canon EOS 6D bat eta Fujifilm X100 bat ditut, eta Canonarentzako hiru optika ditut. Egia da oso Canon zalea naizela, eta Nikon kamerak ez ditudala gustuko, baina ohitura kontua da; ez naiz batere frikia kameren modeloekin eta, argazkiak egiten dituen bitartean, nahikoa dut horrekin. Areago, Nudo ciego proiektuko autoerretratu guztiak mugikorrarekin egindakoak dira, iPhone 4 batekin egin nituen denak; momentuan momentukoa, beraz.

Azken urteotan irudiaren eta ikus-entzunezkoan mundua asko aldatu da eta, gaur egun, ia edonork ia edonon eta ia edonoiz egin ditzake argazkiak. Zuk, argazkilari bezala, nola bizi duzu errealitate hori?

Profesionalki nabaritzen da. Lehen, irudi onak nahi zituen edonork, argazkilari bat bilatzen zuen, eta gaur egun ez da horrela. Horrek esan nahi du, guretzako zaildu egin dela lan merkatua, askotan, koinatak edo ilobak bere kamerarekin egiten dituelako argazkiak. Baina, kamera txukun bat izateak ez du ezer esan nahi irudiak sortzerako garaian, eta guretzako ez da erraza hori kudeatzea. Dena den, hori ere bada gure lana: kamera berdinarekin edonork egin ditzakeen argazkiengandik desberdintzea. Nabaritu dadila, nik edo beste profesional batek egin dituen argazkiak profesionalek eginak direla.

Argazkilari emakume baten begietatik, matxismorik bada argazkilaritzan ere?

Bai, noski, gizarteko esparru guztietan bezala. Hain justu, Facebooken No sin fotógrafas orrialdea sortu berri dute argazkilari gizonezkoek, eta emakumezkoen babesa jasotzen ari dira. Argazki jaialdietan, lehiaketetan eta abarretan gure presentzia askoz ere txikiagoa dela plazaratzen ari dira. Egia esan, egoera erabat harrigarri eta lotsagarri bilakatzen da zenbait momentutan, eta lan handia dago egiteko. Badirudi kontzientzia hartzen ari garela denok, eta lanean jarraitu behar da.

Beste ogibide askok bezala, argazkilaritzak beharrezkoa al du etengabeko praktika?

Bai, noski. Argazkilari espainiar batek bazuen liburuxka bat, argazkilari gazte hasiberrientzako, eta horixe esaten zuen: asko ikusi behar dela ikasteko, kopiatzeko eta, gero, norbere bidea egiteko. Bide propioa egite horretan, entsegu asko egin behar dira, eta begia asko entrenatu behar da. Nire ustez oso garrantzitsua da bakoitzak bere begirada bilatzea, horrek desberdintzen baititu argazkilariak.

Eguneko edo urteko zein garaitako argia maite duzu argazkiak ateratzeko?

Normalean, ilunabarreko argia politagoa izaten da. Eta, bestela, argazkiak egunez egin behar baldin baditut, nahiago izaten dut baso barruan-eta egitea, argi-itzalak daudelako.

Baduzu buruan, gustura aterako zenukeen argazkiren bat?

Egia esan, ez. Benetan egin nahi dudana, egiten ari naizena da: bidaian sartu, erritmoa aldatu eta, pixkana-pixkana, bidaian aterako diren irudiak hartu. Oraindik argazki gutxi egin ditut, baina badakit etorriko direla, beste egoera pertsonal batean sartzen naizen heinean; lasaitasun eta kontenplazio momentuetatik, ziur aterako dela interesatzen zaidan hori.

Nomad Studio amaitzen duzuenerako baduzu proiekturik buruan, ala buru-belarri zabiltza orain horretan?

Bai, momentuz horrekin gabiltza. Gure ideia urtebetez bidaiatzea da, eta urte hori datorren apirilean amaituko da; oso-oso hasieran gaude, beraz. Guretzat, bidaia hau, orri zuritan liburu bat idazten hastearen pareko izan da, eta ez dakigu zer gertatuko den. Ez dakigu bidaia amaitutakoan Bartzelonara itzuliko garen; oraingoz, ezetz uste dugu, naturarengandik gertuago egon nahi dugulako. Baina ez dakigu Euskal Herrian izango den, Mallorcan izango den Carlos hangoa delako, edo beste bidaia bati ekingo diogun. Dena zabalik dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!