16 gazte Miserikordia Zaharreko atsedenlekua berritzen ari dira, auzolandegietan

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 18a, 15:32

Gero eta jende gehiago bertaratzen da Uzturre azpiko bainuak bisitatzera; Tolosako Udalak 2013an ekin zion, esparru hori erabat berreskuratzeari.

Iazko moduan, aurten ere hainbat gazte ariko dira, Tolosan, auzolandegietan. Joan den udan Miserikordia Zaharreko bainuak eraberritzen aritu ziren eta, inguruaren txukuntzea biribiltzeko, atsedenlekuan lan egingo dute aurten, 16 gizon-emakumek. Astelehenean heldu ziren Tolosara, eta Nuria Carbonell Kultura, Gazteria eta Festa zinegotziak egin zien harrera.

Hamabost egunez, uztailaren 30era bitarte, 18 eta 24 urteko gazteak ariko dira, horrela, Uzturre azpiko eremua txukuntzen. Lan jarduna goizez egingo dute, lau orduz, eta arratsaldeak bestelako jarduerei eskainiko dizkiete: esku pilota, dantza, Topic-era bisita, mitologia gaubela nahiz igerilekua. Izan ere, hainbat erkidegotako 16 gaztek egingo dute bat, auzolandegiak. Modu horretan, bertako kirol eta jarduerak ezagutzearekin batera, Euskal Herriko txokoak ere bisitatuko dituzte: Bilbo, Zumaia eta Donostia, kasu. Ostatu, berriz, Tolosako Zuloaga Txiki aterpetxean hartuko dute.

Tolosako Udalak auzolandegien funtzionamendua nabarmendu nahi izan du, "tolerantzia eta taldeko lana" sustatzen baititu: "Eredu da, heziketa, lankidetza eta boluntariotza oinarrian dituelako".

Bost urte, Uzturreko magala berreskuratzen

2010ean telegrafo dorrea berreskuratu eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Naturzaindiarekin batera, Tolosako Udalak 2013. urtean ekin zion, Uzturreko lursail hori berreskuratzeari. Udalaren jabetzako eremua da, eta 24,4 hektareako azalera du, guztia. Horrela, erabateko berreskuratzea sustatu eta aurreikusi zuten hiru erakundeek, ezaugarri naturalak, historikoak eta kulturalak lehenetsiz.

Lehen fasean, 2013an, lursail horretako pinu eta zuhaitzak kable bidezko sistema bat erabili atera zituzten, bertako espeziea landatzeko helburuz; 2014an amaitu zuten landatzearekin. Bide beretik, 2015ean eta 2016an baso naturala lortzeko esku-hartzeak egin zituzten.

Azkenik, iaz, auzolandegiak antolatu zituzten, Miserikordia Zaharreko bainuak berreskuratzeko. Aurtengo lanekin biribilduko dute eremuaren txukuntzea baina, udalak azaldu duenez, jada herritar asko bertaratzen dira bainuak eta ingurua ezagutzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!