GUTUNA: "Erakutsi Euskal Herria munduari! Denok Tourrera, Larresorora!"

Ataria 2018ko uzt. 19a, 11:28

ESAITek bere urteetako ekimenari amaiera eman ondotik, urte batzuk badaramatzagu, Tourra Pirinioetara hurbildu eta Euskal Herriaren aldeko ekimenik burutzen ez dela.

Aurten, ordea, Frantziako Tourra, uztailaren 28an, Euskal Herrian izango da, Senpere-Ezpeleta erlojupekoa jokatuko delarik. Hori dela eta, saihestu ezinezko aukera  zen, berriro aldarrikapen ekimen esanguratsu bat antolatu eta munduari Euskal Herria estaturik gabeko herri bat garela eta nor izan nahi dugula adierazteko.
Kontuan izan munduko telebista eta hedabide gehienek ematen dutela Frantziako Tourra eta erakusleiho ezin hobea dela gure eskubideen aldarrikapena egiteko. Tourrak eta Frantziak ere badaki hori, eta Frantziaren handitasuna eta batasuna aldarrikatzeko erabiltzen du, eta Euskal Herriko etapa bat,  Frantzia erdiko edozein etapa bailitzan azaltzen du bere argitalpen eta adierazpenetan.  


Hori ezin zen onartu, eta zerbait egin beharra zegoen. Horrela, Errobi aldeko talde batek bilera ireki bat deitu zuen lehenik,  eta beste batzuekin jarraituz, asmoa gauzatu eta ekimen sorta bat antolatu du, Euskal Herriak  nor izan nahi duela ozen eta lau haizetara munduari adierazteko.


Ekimen horiei, uztailaren 22an, 10:00etan, Senpereko Utsalea aparkalekutik abiatuko den bizikleta martxa batekin emango zaie hasiera (aparkalekua herrira sartu baino lehen dagoen saihesbidean bertan dago),  eta Tourreko txirrindulariek   Senpere-Ezpeleta erlojupekoan egingo duten ibilbidea egingo da.


Animatu eta hurbildu Senpereko irteera puntura!


Uztailaren 27an eta 28an, aldarrikapen festa mundiala egiteko gunea antolatu da. Zirkuituan bertan dagoen Larresoro herriko zelai handi batean kokatu da aipatu gunea eta bertan gauzatuko dira bi egun horietako ekimenak. Nagusiena, uztailaren 28an, 12:00etan, egingo den mosaiko erraldoi bat izango da. Horrez gain, etapa mundu guztiko telebistetan, zuzenean, emango denez, hainbat pankarta eta banderola prestatu eta banatuko dira gunean eta zirkuituan zehar,  txirrindulariak ingurutik igarotzen direnean astintzeko, mundu guztiak ikus dezan, hau ez dela Frantzia, Euskal Herria baizik.


Uztailaren 27an, festa gunea, 19:00ak aldera zabalduko da. Bi zati izango ditu guneak; lehena,  arestian aipatutako mosaikoa  antolatzeko eta bertara hurbiltzen den jendeak jatekoa, edatekoa, umeentzako puzgarriak eta ondo pasatzeko gunea; horiez gain, lasterketa jarraitzeko pantaila erraldoi bat ere izango da; bigarrena, eta handiena, berriz, aparkalekua eta kanpin dendak eta abar jartzeko gunea izango da.
Beraz, probestu aukera hau eta hurbil zaitezte Lapurdiko bazter eder horiek ezagutzera eta munduari Euskal Herria ezagutarazten laguntzera, denon beharra izango da eta (www.tourra.eus).


Mikel Uzkudun, ESAIT-eko kide ohia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!