«Gaztetako marka eta denborak ahaztea izaten da onena»

Asier Imaz 2018ko uzt. 18a, 11:59
Andu Martinez de Rituerto tolosako atletismo pistan. A. IMAZ

Gasteizen, Espainiako Master 50 Atletismo Txapelketan hiru domina lortu ditu Andu Martinez de Rituerto tolosarrak; luzera eta altuera jauzian urrezko bana eta 100 metro hesietan zilarrezkoa.

Futbol jokalari zela atletismoan hasteko esan zioten Andu Martinez De Rituertori (Lazkao-Tolosa, 1967). 18 urterekin hasi eta 21ekin utzi zuen. Kirola, ordea, beti berarekin izan du, eta beterano bilakatu zenean, berriro itzuli zen atletismora, kasualitatez.

Zer dago hiru domina horien atzean?

Lan pixka bat, afizioa eta zorte kontua ere bai. Espainiako Txapelketara zeintzuk gindoazen jakinda joan nintzen. Gaur egun informazio guztia eskura dago, eta banekien nire markak altuera eta luzera jauzietan lehenengoak zirela. Hesietan, berriz, bigarren nengoen. Pixka bat nire burua estu zegoen; postu horiek egitera ia derrigortuta. Ez nintzen nahi bezain ondo ibili, baina nahikoa izan zen emaitza horiek lortzeko.

Lehen domina luzera jauzian irabazi zenuen. 

Lehiaketa ostiralean zen, 21:30ak aldera. Ni ordu horretan gehienez ere sofan etzanda egoten naiz. Hurrengo egunean gainera bi proba egin behar nituen. Luzera jauzian sei salto egin daitezke. Lehen saltoa ahalik eta luzeena egitera joan nintzen. 5,45-ekoa egin nuen. Hori nahikoa izango zela pentsatu nuen, eta bigarren aukerari uko egin nion. Ondoren beste bi jauzi egin nituen, baina ez nuen 5,45 hobetu. Bigarrenak, azken jausian 5,31 egin zuen. Irabazi izan ez banu, ez zen ezer gertatuko, baina denok daukagu gure egotxo hori. Ilusioa egiten dizu. Hala eta guztiz ere, nirea ematen baldin badut konforme geratzen naiz.

Gaua Gasteizen pasa al zenuen?

Ez, etxera itzuli ginen. Berandu. Hurrengo egunean berriro han ginen.

Eta aurretik beste bi proba. Hesien lasterketa zer moduz joan zitzaizun?

Marka onena duena eta lehenengo egin zuena oso ona da. Ia segundo bat atera zigun Gasteizen, eta hori mundu bat da. Berak 14,95ean egin baldin bazituen 100 metroak, nik 16ean egin nituen. Hesien lasterketa ez da erraza. 10 hesi gainditu behar dituzu, eta tartean beti pauso berberak eman. Hesi bat ukitu eta oreka galtzea ohikoa da. Bederatzigarrengoan gertatu zitzaidan niri, eta ia muturrez aurrera erori nintzen. Ez dakit nola lortu nuen helmugara iristea. Kontua da, hirugarrena eta biok batera iritsi ginela. Foto finish-aren beharra izan zen. Bitxia da, duela zortzi bat urte gauza bera gertatu zitzaigun bioi. Orduan berak amaitu zuen bigarren, nik hirugarren. Errebantxa moduko bat izan zen.

Azkenik zure proba geratzen zitzaizun. 

Aurten egia esan oso txukun ibili naiz altuera jauzian. 1,74ko jauzia egitea lortu dut. Espainiako errekorra 1,80an dago nire kategorian, eta banuen ilusioa. Tendinitis bat medio, ordea, ez dut nahi bezalako entrenamendurik egin. Azkenean, 1,68rekin irabazi nuen.

Lehen beteranoen txapelketak ziren, orain Master deitzen zaie.

Oso ondo antolatutako txapelketak dira. Batez ere, igeriketan, pistako txirrindularitzan eta atletismoan. 2005. urtera arte 40 urtetik gorakoentzat ziren, baina hor aldaketa bat egon zen, eta 35etik gorakoentzat jarri zuten. Bost urte arteko kategoriak dira. 35-39; 40-44... eta horrela, 100 eta gehiagora arte. Beti zure adin ingurukoekin ibiltzen zara, eta hori polita da. Bestela, tarte handiegiak egongo lirateke.

Burua eta gorputzaren arteko lehia, behin adin horietan, gehiago nabarituko da, ezta?  

Batzuetan bai, baina gaztetako denborak eta markak ahaztea izaten da onena. Guk Tolosan Armando Roca daukagu erreferentzia bezala, gainera, nire emaztearen osaba. Gaztetan Espainiako errekorra jarri zuen 100 metrotan, pista haietan 10,5 eginda. Ondoren, ez zen geratu eta beteranoetan marka guztiak lortu zituen, tartean Europa eta mundu mailakoak. 80 urtetik gora eta ikaragarria da egiten ari dena. Helburua ez da une jakin batean mailarik gorenera iristea. Helburua beti aktibo mantentzea da eta horretarako neurtu egin beharra dago. Gehiegi saiatuz gero lesio larri bat izateko arriskua dago. Nire helburua kirola egiten jarraitzea da, beti oreka horretan, eta ahal bada, Armando bezala, 80 urterekin ere gerra ematen segitzea.

Eta atletismoak horretarako aukera paregabea eskaintzen du. 

Azken urteetan kirol kultura hobetzen eta garatzen joan da. Duela 40 urte, 30 urtetik gorakoren bat korrika ikusiz gero, jendeak burutik ondo ez zegoela pentsatuko luke. Gaur egun ez zaigu harrigarria egiten. Adin batetik aurrera, motibazioari eusteko eta entrenatzen jarraitzeko arrazoi polita izan daiteke lehiaketa; erronka edo helburu txiki moduan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!