Tenplu bat, historiari zabalik

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 18a, 09:59

Santa Maria elizan bisita gidatuak izango dira, hirugarrenez; organoa, kupula gainak eta garai bateko artxiboa ezagutu ahal izango dira

Bisitarien eskaerari eta azken bi urteotako arrakastari helduz, Tolosako Udalak hitzarmena sinatu zuen, iaz, Santa Maria elizarekin, udan bisita gidatuak antolatzeko. Astelehenean ekin zioten egitasmoari, eta datorren abuztuaren 25era bitarte, informazio gunea izango da tenpluan.

Orain arte parrokiako boluntarioak aritu izan dira elizaren historia eta nondik norakoak bisitariei azaltzen eta, hitzarmenaren bidetik, Nerea Iraola Garmendia historialariak egingo die, aurten, bisitariei harrera.

Astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara bitarte ezagutu ahal izango da Santa Maria eliza, eta antolatzaileek iragarri dute, bisitak ez duela inor epel utziko: «Interes handia piztu izan du azken bi udetan eta, iaz, esaterako, 1.670 pertsona bertaratu ziren, eliza ezagutzera», azaldu du Nerea Letamendia Merkataritza, Turismo eta Azoka zinegotziak.

Santa Maria eliza «ondare garrantzitsua» dela dio Nerea Iraola Garmendiak, eta Tolosaren historian erreferentziazko gunetzat jo du: «Eliza honek irudikatzen du, Tolosak hiribildu moduan historian barrena izan duen garrantzia. Balio handiko ondarea da, eta niretzat ohore handia da, historialari izanda, Santa Maria elizan lanean aritzea».

Lan hori, gainera, bisitarien beharretara moldatuko du historialariak, datozen asteotan: «Besteak beste, tenpluaren historia, gaur egunera bitarte izan duen garapen arkitektonikoa eta elizaren jatorriaren zenbait datu ere eskainiko dizkiegu bisitariei».

Horrela, beraz, Nerea Letamendiak eta Nerea Iraola Garmendiak herritarrak deitu dituzte, turistekin batera, eraikinaren zirrikitu guztiak ezagutzera.

AZALETIK BIHOTZERAINO

Elizak informazio puntua izango du, eta bertatik antolatuko dituzte bisitak, Santa Maria tenplua azaletik bihotzeraino ezagutu ahal izateko.

Bistakoak diren ezaugarri arkitektonikoekin batera, horrela, bisitarien harridura pizteko moduko datuak eskainiko dituzte. Besteak beste, organoaren historia bitxia eta haren kalitatea, elizako kupulen gainak nahiz kanpandorrea ezagutzeko aukera izango da asteotan. Bide beretik, garai bateko Gipuzkoako Probintzia Artxiboa egon zeneko gunea ere bisitatu ahal izango da. 1904ra bitarte han egon ziren Gipuzkoako artxiboak eta, horren aurretik, 1590ean, Batzar Nagusiak bertan elkartu ziren, Jesus Onaren kapera izenez ezaguna zen gunea, eraberritu eta txukunduta dago orain, eta Santa Maria parrokiako komunitateak museo txiki bat egin nahi du bertan. Ezingo du ohiko museo bat izan, ezinbesteko baldintza zenbait betetzen ez dituelako; bisita gidatuen osagarri bat izango da, eta Donostiako Elizbarrutiko Museotik hainbat pieza berreskuratuko dituzte, Tolosarako.

HIRU SUTE HORMETAN

Alfontso X.ak Tolosari hiri-gutuna eman zion garai bertsuan, 1282 inguruan, Santa Maria izeneko kapera erromaniko bat omen zegoen Tolosan, gaur egungo elizaren leku berean. 1503an, ordea, sute izugarri batek ia herri osoa suntsitu zuen, eta baita kapera ere. Hondarrak eraistea eta eliza berri bat eraikitzea erabaki zuten, eta 100 urteko lana izan zen, gerora arte lanak gehitu zizkioten arren.

Santa Maria Elizak, hala ere, beste bi sute gehiago izan ditu: 1781ean bata aldare nagusia, aldeetako aldareak eta hainbat irudi suntsituz, eta 1951n bestea Amarrandegia edo hamarrenak ordaintzen zituzten gunea eta kofradien zutohialak suntsituz.

1.630 metro karratuko azalerarekin, Gipuzkoako bigarren eliza handiena da Santa Maria, Donostiako Artzain Onaren katedralaren atzetik. Horrela, sei zutabeak eta haien gaineko kupulak dira, lehen bisitan, elementu deigarrienak. Tenplu barruko artelan eta obren artean, aipatzekoa da, San Esteban auzoan zegoen baselizako ate erromanikoa ikus daitekeela.

Santa Maria elizako elementu bat aukeratzekotan, ordea, askok organoa aukeratuko lukete. Kaxa 1695ean egindakoa eta, 1781eko sutearen ondoren, Felipe Gorriti musikariak udala konbentzitu zuen, organo berri bat eskuratzeko; Parisera joan, eta Stotlz Frères bat erosi zuten. Baldintza bakarra zen, organo berriaren hodi eta tronpeta guztiak lehengo kaxan sartzea, eta etxe horrek bermatu zien hori; piezaz pieza desmuntatu zuten guztia, eta Parisera eraman. ia 3.000 pieza ditu organoak, eta egun oso bat eman liteke berau afinatzen.

1885ean inauguratu zuten eta, jada, Euskal Herriko organo onenetakotzat jo zuten. Gaur egun ere, organo jotzaile guztiak liluratuta geratzen dira, Santa Maria elizako organoarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!