Euskadiko eta Gipuzkoako txirrindulari onenak larunbatean Tolosan

Ataria 2018ko uzt. 12a, 16:04

Emakumeen Tolosako V. Sari Nagusia jokatuko da hiru mailatan; lasterketak 15:00etan hasiko dira San Frantziskotik.

Gipuzkoako eta Euskadiko Txirrindulari Txapelketak jokatuko dira larunbatean Tolosan, Emakumeen Tolosako V. Sari Nagusiaren barruan. San Frantzisko kalean jarriko dute irteera eta helmuga, eta 15:00etatik aurrera, txirrindulariak sei bider pasako dira puntu horretatik.  


Junior, 23 urtez azpiko eta eliteen lasterketan Gipuzkoako txapelduna erabakiko da. Kadeteen lasterketan Gipuzkoakoaz gain Euskadikoa.


V. Sari Nagusia gaur aurkeztu dute Tolosako udaletxean. Olatzo Peon alkateak lasterketari balioa eman dio: «Bizikletak eta emakumeen txirrindularitzak kirol alorrean eta sozialki, berdintasunean, jasangarritasunean, kiroltasun balioen transmisioan eta ohitura osasuntsuei begira suposatzen duenagatik, ezinbesteko da bisibilizatzea, eta karrera honek hori lortuko du bosgarrenez».


Ainhoa Artolazabal Gipuzkoa Ogi Berri txirrindulari taldeko zuzendariak, lasterketan emakumeen presentzia handitzeko egin duten ahalegina aipatu du: «Lasterketan, antolaketa barruan, badaude hainbat lan esanguratsu. Horietan emakumeak jarri ditugu, kirolariez gain, atzeko lan garrantzitsu horietan ere emakumeen presentzia ikusgarri gera dadin». Besteak beste, lasterketako medikua emakumea izango dela azaldu du Artolazabalek, baita lasterketa hasierako eta amaierako auto gidariak eta hizlaria: Amaia Agirre bertsolaria.


Lasterketari dagokionez, Gipuzkoa Ogi Berriko zuzendariak, larunbatean Tolosan 90-100 txirrindulari izango direla iragarri du, «gehienak Euskal Herriko taldeetakoak». Nagusien mailan, eskualdeko ordezkariak izango direla ere aipatu du: «Ane Iriarte, Lierni Lekuona, Usabiaga ahizpak edo Eukene Larrarte».


Ibilbidea bi zirkuituk osatuko dute. Handia Tolosa-Lizartza-Tolosa-Irura eta Tolosaren artekoa izango da. Hau amaitzean txikiari helduko diote txirrindulariek. Kasu honetan Tolosa-Lizartza-Tolosa lotuko ditu lasterketak. 23 urtez azpiko eta elite mailakoek itzuli handiari hiru buelta emango dizkiote. Lehen itzuli handia amaitzen dutenean kadeteak eta juniorrak sartuko dira lasterketan. Ondoren, ibilbide laburrari bi buelta emango dizkiote. Nagusiek 114 kilometro egin beharko dituzte, juniorrek 76 eta kadeteek 60.


Eukene Larrarte Gipuzkoa Ogi Berriko txirrindulariaren esanetan, lasterketa laua denez ez du zailtasun handiegirik izango, hala eta guztiz ere, «bizia eta polita izango da, esprintean ez amaitzeko saiakera bat baino gehiago egongo direlako». Tolosarraren kasua hori izango da: «Ez naiz egongo esprintaren zain. Lehenago saiatuko naiz lasterketa azkartzen. Aukera desberdinak jokatzen saiatuko naiz, eta ezin baldin badut, esprintean ahal dudana egin beharko da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!