Hondamendi naturalei aurre egiteko bideak zehazten ari da udala

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 10a, 07:59

Aldaketa klimatikoaren aurrean, Tolosako erresilientzia maila hobetzea da proiektuaren helburua; Ihobek diruz lagunduta, Tecnun-eko ikertzaileek eskaini dute formakuntza

Krisi egoeretan parte hartzen duten eragileekin batera, gida edo protokolo bat sortzen aritu da, Tolosako Udala. Klima aldaketak sor ditzakeen hondamendi egoerei aurre egiteko gaitasuna areagotzea da helburua, eta Tecnun Ingeniaritza Eskolako ikertzaileek gidatu dituzte saioak; proiektua Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenerako sozietate publikoak lagundu du diruz.

Ertzaintzak, Babez Zibilak, Ur Agentziak, Tolosako Udaleko Obrak eta Zerbitzuek, Tolosako Udaleko Ingurumen saileko kideek, Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako kideek, Tolosako Udaltzaingoak, Osasun sailak, Gurutze Gorriak, Gipuzkoako Urak-eko kideek, Gipuzkoako suhiltzaileek eta Tolosako DYAko kideek hartu dute parte saioetan, helburu bakarrari begira: erresilientzia maila hobetzea.

Erresilientzia mailak neurtzen du, Tolosak inpaktu handi bati aurre egiteko duen gaitasuna. Eta, azken urteotan, nazioarteko hondamendi naturalen %70 izan dira, klima aldaketak eragindakoak; duela 20 urte erdiak ziren.

Horrenbestez, Tolosarako aurreikuspen bat eginez ekin diote lanari, Ihobek-ek eta Tecnuneko adituek: arrisku nabarmenenak aztertu eta gero, Tolosan uholdeek eta bero olatuek eragingo lituzkete kalte material eta pertsonal handienak.

Bide beretik, herriko azpiegitura kritikoak ere aztertu dituzte; hiri batek funtzionatzeko ezinbesteko diren azpiegiturak, alegia. Azpiegitura kritikotzat jotzen dituzte, adibidez, energia, ura, garraioa, telekomunikazioak, osasun sistema nahiz hezkuntza.

Udalak azaldu duenez, «uste baino lotura eta menpekotasun handiagoa dago azpiegitura horien guztien artean». Horrela, batek kale egiteak «erreakzio kate bat» sor dezake, eta gainerakoek ere funtzionatzeari utzi. Erresilientzia maila hobetzeko, beraz, azpiegitura horiek ere hobetu behar dira.

KASU PRAKTIKOAK

Hondamendi naturalen aurrean eman beharreko erantzunak hobetzeko, Tecnuneko ikertzaileek muturreko egoerak proposatu dizkiete parte hartzaileei, lanean aritu diren egunetan.

Lehenengoa egoera negutiarra izan da: ziklogenesia, elurra eta haizea, eta Oria ibaia gainezka. N-1 errepidea moztuta dago, eta lur-jauziren bat suertatu da ospitalerako igoeran. Elektrizitaterik ez dagoenez, komunikazioa etenda dago herrian, eta ospitalean ere gain hartu die lanak, gripe epidemia bat dela eta.

Bigarren kasuan, berriz, hilabeteko lehorte baten aurrean jarri zituzten parte hartzaileak. Ur faltak eta bero izugarriak azpiegitura batzuk eten ditu, eta gizarteko sektore ahulenak ospitalea betetzen ari dira.

Balizko hondamendi egora horien aurrean norbere burua prestatzeko beharraz jabetzea ezinbestekotzat jo du Olatz Peon Tolosako alkateak, eta horretarako protokoloak eguneratzea tresna ona dela azaldu du: «Ezinbestekoa da, gainera, krisiak kudeatzen aritzen diren eragile esanguratsuenen ekarpenak jasotzea, haiek baitira, finean, ezagutza handiena dutenak. Ziur gaude Tolosaren erresilientzia maila hobetzeko aukerak baditugula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!