Ohorezko txandan lekua irabazi du Tolosaldeak

Mikel Iraola 2018ko uzt. 9a, 10:59

Naroa Urkola anoetarraren eta Olatz Lopez tolosarraren Donostiarrak eskuratu du ETE ligako lehen bandera eta lidertza. Tolosaldea laugarren izan da, bere txanda irabazita.

Zure burua aurrean ikustean sortzen diren urduritasunak kudeatzen jakitea ez da gauza makala. Are gutxiago estropada buru izatera ohituta ez zaudenean.

Tolosaldea hasi berria da traineruen munduan, baina bigarren txandan aise markatu zuen ordura arteko denborarik onena ziabogan: 6:30,00, Lea Artibaik eta Hernanik baino 15 eta 16 segundo azkarrago. 

Hor azaldu ziren nerbioak: «Estropada txukuna egin genuen hasieran, baina lehen postuan izanda burua joan zaigu eta arraunketa galdu dugu», azaldu du Irati Becerril arraunlariak. Hala ere, erraz gailendu zen eskualdeko ontzia txanda horretan: 27 segundoko aldea atera zieten gipuzkoarrei eta bizkaitarrei.

Ohorezko txandako hiru ontzi, ordea, azkarragoak izan ziren. Donostiarra izan zen garaile etxean, eta bertako tostetan ziren TAKen hasitako Naroa Urkola anoetarra eta Olatz Lopez tolosarra. Bigarren Deustu izan zen, 16 segundora, eta hirugarren Hibaika sailkatu zen, 20 segundora. Donostiarrek 32 segundoko tartea atera zioten Tolosaldeari.

EuskoTren Ligan, San Juan garaile

Lehen mailan, berriz, aurkariei aukerarik eman gabe jarraitzen du San Juanek. A Coruñan jokatu dira bi jardunaldiak, eta bietan nagusi izan dira pasaitarrak. Bi denborak batuta, orotara 48 segundoko aldea atera diote bigarren sailkatu den Oriori. Bi estropadak jokatu dituzte Nerea Perez eta Irati Larrañaga tolosarrek, patroi eta aurrekalari lanetan. Igandekoan Ioana Alijostes tolosarrak ere hartu zuen parte.

Sailkapena

II. Donostiarra Kaiarriba-La Bretxa bandera

  1. 1. Donostiarra 11:23,68
  2. 2. Deustu 11:39,94
  3. 3. Hibaika 11:44,14
  4. 4. Tolosaldea 11:56,12
  5. 5. Kaiku 12:03,90
  6. 6. Hernani 12:23,09
  7. 7. Lea-Artibai 12:23,84
  8. 8. Lapurdi 12:38,94
  9. 9. Colindres 12:52,55

Sailkapen Nagusia

  1. 1. Donostiarra 9 puntu
  2. 2. Deustu 8 p.
  3. 3. Hibaika 7 p.
  4. 4. Tolosaldea 6 p.
  5. 5. Kaiku 5 p.
  6. 6. Hernani 4 p.
  7. 7. Lea Artibai 3 p.
  8. 8. Lapurdi 2 p.
  9. 9. Colindres 1 p.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!