Manu Azkarate

Larri gaixo dagoen Manu Azkarate presoak zimitzez betetako ziega batean sartu dutela salatu du

Ataria 2018ko uzt. 7a, 14:38

Alcala Meco espetxean dago tolosarra, eta atzo bere galerian izandako miaketa orokor baten ondorioz gertaturikoaren harira egin duela salaketa azaldu dute senitartekoek.

Miaketa orokorra egin ondoren, Azkaratek bere ziega gaizki utzi zutela eta txukun uzteko esan zien presondegiko funtzionarioei, senitartekoek azaldu dutenez. Funtzionarioek ezezkoa esan zioten, eta berak egin zezala lan hori. Horren aurrean, Azkaratek esan zuen berak ez zuela horrelakorik egingo.

Horren ondoren, funtzionarioek beste ziega batera eraman zuten, zimitzez beteta dagoena. Azkaraterentzat "arrisku faktore bat da egoera hori bere ultzeradun hankarentzat", zehaztu dute senitartekoek. Azkarate bi aldiz ingresatu behar izan zuten Gregorio Marañon ospitalean, Soto Del Real espetxean izan zuen isipularengatik. Preso tolosarrak salaketa jarri du espetxe zaintzarako epailearen aurrean, "miaketa arbitrarioarengatik" eta "eragiten dioten osasunaren aurkako egoerarengatik", senitartekoek azaldu dutenez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!