Ezkaratzen arteko lehia sanoa, festak hasi aurretik

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uzt. 6a, 13:52

Iurramendi auzoko festetan, hasiera ofiziala gaur arratsaldean emango dieten arren, atzo hasi ziren motorrak berotzen. Lehenik, portalen arteko probak egin zituzten, guztiek batera afaldu aurretik.

Iurramendi auzoan, gaur arratsaldeko 17:30ean jaurtiko dute txupinazoa bertakoek, eta arratsaldean zehar ere jarduera ezberdinak antolatu dituzte, bertako festen egitarauaren barruan. Gorriz markatutako ekintzeteko bat, 18:30ean hasiko den gazteen erronka izan ohi da, Patxi Amantegiren hitzetan, "oso polita eta dibertigarria" izaten dena. "Duela 10 urte inguru hasi ginen festak ospatzen, eta orain, auzoa biziberritu denean, belaunaldi berri bat indarrean sartu dela nabaritu dugu, eta bera, aldaketaren garaia heldu da", gehitu du auzotarrak.

Atzo, ordea, egitarauan jarri bezala, arratsaldeko 19:00etan ezkaratzen arteko lehiarekin edo 'pikearekin' hasi ziren gaurko prestaketa lanak. Haurrek nahiz helduek, oso ondo pasa zuten saskibaloiko probak egiten, saskiratze gehien ea zein etxetakoek sartu. Lehia izateari utzi gabe, giro sanoa nagusitu zen eta tarte eder bat igaro ahal izan zuten denek. Egunari amaiera emateko, auzotar bakoitzak etxetik eramandakoarekin, afari bat egin zuten, guztiek batera.

Gaur eta bihar ere izango dira ekintza gehiago, haur, gazte nahiz helduentzat, eta aurrez aipatu bezala, arratsaldean emango zaie hasiera ofiziala. Hemen ikusi ahal duzue egitaraua osorik:

Uztailak 6, ostirala:

17:30. Txupinazoa.

18:00. Haur jolasak.

18:30. Gazteen erronka.

20:30. Afaria.

23:00. Haur eta gazteen koreografiak.

23:30. Dantzaldia.

Uztailak 7, larunbata:

12:00. 3x3 txapelketa (helduak).

14:00. Paella jatea.

17:00. 3x3 txapelketa (haur eta gazteak).

19:30. Toka txapelketa.

20:30. Patata Tortilla txapelketa.

21:00. Afaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!